Hiri buruzagira

Joanes Illarregi

Joanes Illarregi

2021-11-02

Hiri buruzagira –

Aste honetan jaso dugu albistea, 2022an jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala Iruñean izango da. Aurretik entzunda nituen honen inguruko zurrumurruak, baina ofizialki Nafarroa Arenan ospatuko dela jakiteak, onartu behar dut, poz txiki bat eragin zidala.

Hiri buruzagira

 

Ez dut uste kasualitate hutsa denik 2022an eramatea Nafarroako hiruburura final nagusia, kausalitatetik gehiago daukalakoan nago. Azken urteotan ongi egindako lanaren fruitu da, eta etorkizunerako apustu estrategiko modura ere ulertu dezaket. Bertsolaritzaren presentzia Nafarroako plazetan ugaritu egin da, desagertuta edo aspaldi antolatu gabeko saioak berpizten ikusi ditugu, txapelketan parte-hartzaileen gorakada, kultur-agendan egonkortze nabari bat, bertso eskoletan izen emate jendetsuak…

Horren atzean ordea kontzienteki egindako lan handia dago: Hezkuntza arautuan bertsolaritza indartu izana, txapelketako saioak Tuteran, Izaban, Zangotzan, Agoitzen, Tafallan, Lizarran… egitea, euskaltegietan bertsolaritza euskara ikasteko tresna eraginkor modura ulertzea, herriz-herri bertso eskolek txikitik egindako lan nekaezina, udalen prestutasuna, gaztetxe, gazte asanblada eta gazte antolakundeen apustua bertsolaritza gazteengana hurbilarazteko… eta abar luze bat.

Baina esan bezala, etorkizuneko apustu estrategiko gisa ere ulertu daiteke. Ez da edonolako pausua Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala Bilbo Handiko gune metropolitanotik atera eta Berri Txarrakek bere azken kontzertua emateko hautatu zuen pabilioira eramatea. Nafarroa euskalduntzen eta bertsozaletzen jarraitzeko pizgarria izan daiteke, guztiok ezagutu dugun emozio nahasmenaren festa Hiri Buruzagian bertan burutzea; ongi egindako lana egiten jarraitzeko eta iritsi ez garen beste jendarte batetara iristeko lehen harria (harritzarra!).

Hemendik urte batzuetara, akaso Tuteran izango da hurrengo urtean Iruñean izango dena. Hori egiteko baldintzak baldin badaude, bide okerretik ez goazenaren seinale izango da. Sustrai Colinak azken BECeko finaleko amaierako agurrean bota zuena, artikulu honi amaiera emateko ezin egokiagoa da: “Euskal Herria geratu ez dadin euskal erdian, bila ditzagun arnas ta ardatzak periferian”.

Hiri buruzagira