Oihane Perea
Oihane Perea

2021-11-02

AZTARNAK IV: Txustaren itzala

Txustaren itzala –

Birtualki aztarna bila pasa dut uda txoko honetan, denboran eta espazioan bidaiatuz, Ozaetako aztarnak I, Sabandoko eta Araiako aztarnak II, eta Mairulegorretako aztarnak III jarraituz sorburura heldu arte.   Udazkenak jaioterrira eraman nau, halabeharrez, Heriok horren gustoko duen sasoi hontan. Gasteizko bertso-eskolaren  39. kurtso hasiera dugu aurtengoa, eta bidean hosto ugari erori badira ere, ez dute estali gure GR-a. 

Txustaren itzala
Arg: Gaur8

Lantzale dantza talderaren lokaletan izan zuen hasiera Arabako bertso bideak 1982an eta laster iritsiko zen Mateo Moraza kaleko hemeretzigarrenera, aldapan behera utziz zigi-zaga joango ziren bertsolari hasiberrien oinatzak. Euskara ia ezezagun zuen 80. hamarkadako Gasteiz hartan oasi txiki bat izan zen Joxe Agustin Iriondo “Txustaren” tabernako goiko solairua. Amurizaren hitzaren kirol nazionala, askotariko kartelak, sagardo botilak eta patata tortilak maila berean jartzen zituen toki enblematikoa. 

Zenbat afari, entrenamendu sutsu, eztabaida eta bilera erdi klandestino ez ote ziren egingo Txustarenean 80. hamarkadan. Sartu bezain laster irribarre batekin, gutaz harro, bihurri eta xelebre hartuko gintuen beti.  Euri zein eguzki, egunez zein gauez, purozaharra ezpain ertzetik sekula erortzen utzi gabe, edalontziak lehortzen zituen bitartean komentario barregarriren bat oparituko zigun bertso entrenamenduan murgiltzeko eskailerak igo aurretik.  Heriori izkin egin izan dio urte luzez Txustak, eta nire ustez, umoreak eta bizipozak mantendu dute zutik 78. urterarte.  

Txustaren alabak duela gutxi egurrezko apalategi dotore bat pasa zidala gogoratu dut, eta logelan daukadala, arbola bat bailitzan, sustraiak gogora ekarri nahian bezala, itzala emanez. Eta akaso kasualitatez, atzo udazkeneko urteroko sartu-irtena egin nuela, naturaren jaiotza-heriotza zikloarekin bat egin nahian pasioan.  Hego haizeak botatako hostoek  osatutako sorta eder bat bildu eta apalategian utzi nuen. Sasoi hontan hego haizeak hari fin batetik zintzilik dauden hostoak askatzen ditu, eta horrela askatu du Txusta ere, libre hegan egin dezan eta lurreratzean etorkizunerako ongarri bilakatu dadin. 

Txustaren purua itzali da azkenean, baino bere barrearen ohiartzuna eta bizipozaren keak luzaroan iraungo dute Gasteizko kaleetan. Ez adiorik eta mila esker, Txusta, gure aitapontekoa. Ohore bat izan da, eta nahi zenukeen bezala, zure omenez, topa egin dezagun bizitzaren alde!

Txustaren itzala