Aztarnak II

Oihane Perea

Oihane Perea

2021-08-23

Aztarnak II –

AZTARNAK I

1980ko hamarkadatik gair arte, Abuztu hasieran Gasteizko alde zaharrean bertso saioak egon dira egunero, eta aurten ere hala izateko zortea izan dugu.  Txapelarriko pintxoak ahoan gogoratu dut, nola duela urtebete Kutxi kalean zenbait lagunek gose greba abiatu zuten Gasteizen Iruñea-Veleiako auzia argitzeko eskatuz. Arabako euskarazko lehen hitz zizelkatuak izan daitezkeen horien  inguruan egondako boikot filologiko eta politiko interesatuak alde batera utzi, eta datazioak egitea baino ez zuten eskatzen, eta oraindik ere urte bete igaro den honetan  auziak zientziaren bidetik argitu gabe jarraitzen du.  Zalantzarik gabe garesti dago gure herrialdean euskararen  aztarnak topatzea eta hare gehiago ikerketa egitea, interes gutxi edo interes gehiegirekin egiten baitugu topo. Eta bata zein bestea toxikoak direla badakigu.

 

Aztarnak II

Sorginetxe, Agurain. Arg: Mikel Arrazola

 

Euskalduntze berantiarraren teoria defendatzen duten pertsonajeek, ETBren laguntzarekin,  zalantzan jarri nahi duten arren han eta hemen agertutako aztarnek  Aintzinaroan lurralde hauek euskararen lurraldeak zirela frogatzen dute, eta Aintzinaroan gure hizkuntzan idaztera iritsi ginela, harri zein buztin gainean. Akaso Iruñea Veleiako eskolan, ez zen gramatika eta erlijioa bakarrik erakutsiko…

Ahozko tradizioaren sorrera Neolito garaian kokatzen bada, gure lurraldearen luze zabalean dauden menhir, kromlech eta trikuharriei eta haizeari galdetu beharko diogu ea ahozko kantu inprobisatuari buruz zerbait dakiten. Momentuz XV.mendetik hasi beharko dugu kontatzen.

Aurreko sarreran XV. eta XVI. mendeko aztarnak ekarri nituen blogera, Ozaetako Santxa eta Larreako Juan Perez de Lazarragaren heresi eta olerkiak hain zuzen ere. Nafar Erresumaren lurralde galera eta konkistarekin batera gaztelaniak bere bidea egin zuen gure lurretan, gazteluekin batera hasi zen jausten hizkuntza dirudienez…   baino herritarrek euskarari eutsi zioten urte luzez,  eta batzuen itzultzaile beharra eta bakarren baten olerki eta bertsoak ere utzi zizkiguten opari. 

Inkisizioak  Arabako mendialdeko epaituetako askok gaztelerarik ez zekitela ohartarazten digute garai horretako epaitegietako aktek. Arabako euskal hotsak liburuak jasotzen du guzti honen berri, aztarna interesgarriak utziz orrialez orrialde. Arabako Lautada eta Mendialdekoak ziren horietako asko, eta emakumeak. Historia liburuetatik kanpora geratzeko bi motibo aski ezagun.

XVII-XVIII. mendeek euskararen iraupena kantatzen digute Mendialdetik, Sabando herritik hain zuzen ere. Han dago Juan Bautista de Gamiz Ruiz de Oteoren jaioterria. Jesulagundiko kidea omen zen, liburuzaina, eta literatura denborapasa moduan hartzen zuen pertsonaje xelebrea. Gustuko zuen emakume bati jarritako olerki hauek utzi dizkigu “Dabilenchoak” bere segidilla sortan, pedigridun euskaldun batekin ligatzeko ahalehinetan ibili diren Arabar askoren sentimenduarekin bat eginez, 300 urte lehenago.

 

XVII-XVIII. Juan Bautista de Gamiz (SABANDO)

Gaizqui badoaz ere,

Orra eusqueraz,

Ifin naiz au eguiten,

Neure bildurraz,

Eguizu farre,

Gaizqui mintzatzen badut

Lotsarik bague

 

Bertsogintza ondoren joango zen gaur egun ezagutzen dugun moldeetara egokitzen, eta ordurako Araban euskararen galera nahiko esanguratsua zen arren, Karlisten gerratearen buelta hortan beste oparitxo bat utzi ziguten Aratzen magalean.  Karlistadak  bertso idatzien fabrika handia izan ziren antza,  eta horien artean Araiar bat agertzen da, bertso maila dotorearekin.  Ofizioz miltarra zen Zeferino eta sentimendu handiz eta umorez jarritako bertso sorta izenpetu eta kantatu zuten, kuadrilarteko txapelketan egiten dugun bezala, paperetik taldean kantatzeko helburuarekin esango nuke,  festa baino gesta giroa nagusi zen garaian.

 

XIX

Zeferino Lopez de Ilarratza (ARAIA)

 

Italianu ori

españolen buru

ezta ikusi bihar

 lotsarik badegu;

biyotzetik esaten

dizutet seguru:

deskuiduan sartzen

ikusten badegu,

atzetikan arrika

bialduko degu

 

Badirudi garai honetatik aurrera Euskara desagertu egiten dela Aramaio eta Legutio inguruan salbu lurralde osoan. Ikertzeko daude urtegi inguruetako errima hotsak. Akaso ur azpian geratu dira. Gainerakoan toponimian, kantu eta ohituretan lorratzak nonnahi badaude ere, belaunaldi askotako etena izan zuen transmisioak. Aipatu gabe ezin utzi  Araban euskarari buruz ikertu eta hau sustatzeko ahalehina egin zuten pertsonaia ilustreak, baino desagertutako hizkuntza bat zen gurean euskara. Eta kantatzeari utzi genion.

Frankismoaren azken txanpan hasi zen Araba argia ikusten, Donostian Xalbadorri txistu egiten zioten bitartean, Mairulegorretako kobazulo barnean txaloak entzuten ziren… Baino hori, Irailerako utziko dugu.

Aztarnak II Aztarnak II Aztarnak II