Xanti

Jon Sarasua-(r)en argazkia Jon Sarasua 2022-09-27
Argazkiak: Goiena, Argia

Xanti –

Industria-kooperatibetako hiru langile, baserritar jatorrikoak, ideia bitxi batekin hasi ziren hirurogeita hamarreko hamarraldian: ume kuadrilla bati bertsoa transmititzen. Bertso zaharrak kantatzetik hasi ziren, apenas irakatsi zuten bertso teknikarik. Teknika ez, baina bertsoaren etika eta patetika bat jariatu ziguten oharkabean: herrigintzaren adartxoa zen bertsogintza, erresistentzia jolasti bat, komunitate zerbitzu bat gehienera, eta kultura sorkuntzak sarri ohi duen nartzisismo indibidual kamuflatu horretatik gutxi zuen, edo gutxi behar zuen. Herrigileak ziren gure hiru anfitrioiak, bakoitza bere erara.

Xanti berezia zen gaztetxoon begietan. Basajaun gorputza, txapela buruan, ironia enigmatikoa. Eskola inoiz zapaldu gabea, jentil usaina, hitz gutxiko jakinduria. Haren etxean biltzen ginen kanturako. Halako batean, etxea guardia zibilek inguratua zutela, armategia ezkutatuta zuela, familiakoak atxilotu zituztela eta Xanti ihes egina zela zabaldu zen, tiroketa baten ondotik. Laurogeiko hasiera zen, eta geroztik mugaz bestaldean ezagutu genuen. Bizpahiru orduko oinezko bidean isolatutako haur eskolatugabearen baserriko sasitik, Europako azken erakunde armatuko klandestinitatearen sasira. “Sasitik sasira, arantzak dastatuaz larrosei begira” zioen bere bertso baten puntuak. Ekialdeko lurretan ere bertsoaren hazia ereiten ibili zen, hitz gutxirekin adiskideak egiten. Bere abizenak nonahitik ‘agiri’ den etxearen oihartzuna dakar, baina bere jaiotetxeak, zerbaiten azpian ezkutuago dagoen etxe apalarena.

Ez dugu hemen lekurik XX. mendearen bi muturren testigantza hunkigarria mamitu zuen gizonaren marrazki txar bat egiteko. Biziaren azala liburuan bildu ziren hark bere ibilbidean idatzitako gogoetak, eta bertsoak, bertsoak. Inor gutxik idatzi ditu inoiz tamaina esperientzial horretako zortziko eta hamarrekoak. Gustu baduzue, gure aldizkari honek argitaratua da liburua. Urpean dago Añarbe.

Xanti