Danel

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

2022-09-28

Danel –

Testua: Jon Sarasua
Argazkiak: Goikolea sendia eta AED

 

DanelBere maisu zaharren omenaldia prestatzen ilusioz zebilen Danel. Oso berea zuen proiektu txikiengatiko ilusioa. Maisuentzako jarritako bertsoak ekarri zituen bilerara, eta, kalean elkartu ginenerako, guri belarrira kantatu arteko onik ez. Bileran ere, gai ordenan atal hori beranduago tratatuko genuela eta, bitartean, bertsoak gordetzeko esan zion haria zeramanak. Haren purrustada, “ze gai orden eta ze kristo!”. Akrata akaberabakoa berau. Espontaneo bat futbol zelaian.

Bada bertso mundu bat, bertso mundutik kanpo. Lehenbiziko mundu horretakoa zen bera. Publiko handiak, edo publiko kontzeptuak berak, urduri jartzen zuela ohartu zen gaztetan, eta bertsogile izateko beste modu bat aukeratu zuen: librea, okurrentea, herrikoa, taldekoa, bertso-mesedeen bidezkoa, bulkadazkoa. Artista zen bestela ere, orain tinduekin, orain paper-pastazko irudiekin, gero tramankuluekin. Bohemia artisau bat zeraman zainetan, eta bertsoa ere horrela ulertzen zuela esango nuke. Tarteka aktibatzen zitzaion baterako edo besterako gogoa. Eta lasai eskatu hari mesedea. Heriok eraman zuen egunean bertan ere bertsoak bidaltzen aritu zen, bati eta besteari.

Gero, Danelen bertsoak bazuen zerbait. Hasteko, txarra botatzeko baimena ematen zion bere buruari, bi buelta eman gabe. Axolakabe izendatzen zituen txartzat, barre egin, eta segi hortan, artisautzaren plazerean. Erraz egiten baitzituen oso. Agurtu baino aste pare bat lehenago, Xantiren heriotzaren inguruan bertso batzuk eginda, esan zion Arantzazuri: “Lau bertso inttut. Ona, bat”.

Lau bertsotik bat ona, ba al dakink zer den? Asko. Gehiago egiten zituen hark. Erraz, okurrente, sofistikazio gutxirekin, esan beharrekoak kolorez esanda. Jostaria izan bera, eta, gehienetan, haren bertsoan bazen zerbait jolastia. Lehenbiziko paragrafoan aipatu dudan bertso sorta izango zen bere azken sorta osoa, abenduan gure maisuen omenaldian kantatzekoa izan behar zuena. Orain, Xanti eta Danel falta. Sorta horretan, bertsoen bukaeretan omenaldiaren mamira iritsi aurretiko puntuetan, zeharka bere burua sartzen du motzenen, zapaburuen, txotxongiloen eta punkien multzoan. Arrasateko bailara hartu zuen punkaren eta heroinaren olatu betean, gaztetxo batzuk zortziko txikiak kantatzen. Zortziko txikiak, antena, eta izpiritu errebelde bat, bakoitzak bere modura.

 

Danel

 

Izan gintezken bertsolariak

izan gintezken punkiak

eta aukera aprobetxatuz

zergatik ez izan biak?

Multzo esan dut? Taldekoa bai, baina multzokoa ez zen hura. Orain dago boladan “niretik” aritzea aldarrikatzea, gure kabuz pentsatzen dugula uste izatea, ai paradoxa, mezu hori bera kultura nagusiaren mantra denean, eta kontsigna ideologiko hipermoderno hegemonikoenen ildoan ardi askeak izatearen mezua irentsi dutenen artalde erraldoia osatzen dugun honetan. Orain, Danelen bertsoan ‘punkiak’ hitza irakurri dudanean, gogoratu dut bera izango zela lehen bertsolaria zintzilikarioak txertatzen, larruzko prakak bezala tirantezko koadrodunak janzten, ilea tente gorritzen, itsutik kantatzen. Punkia edo hippia? Lehena? Asko axola hari… Oraindik ez ziren hainbeste indartu nartzisismoaren garaiak. “Ni neu” izateaz arduratu gabe ibili zen bazterrak nahasten, indar sorburu bat barruan zuela, Gorka Torrek hiletan esan zuen moduan, itsu galantarekin azkena oheratzen, eta hurrengo goizean goiz jaikitzen, tokatzen zenerako.

Danel Danel