Zer den ez dakidan zera hori

Zer den ez dakidan zera hori –

Zergatik gustatzen zaizkigu bertsolari batzuk beste batzuk baino gehiago? Harreman pertsonalaz haratago ari naiz, esan gabe doa. Zergatik iristen dira batzuk beste batzuk baino gehiago? Zergatik sakonagokoa da batzuen transmisioa besteena baino? Konparaketekin ez gara itsutuko, bere horretan konparatzailea baita txapelketa bera. Puntuen dantzak dardararazten du balantza, baina publikoa nekez gelditzen da puntu soilekin, obsesioaren mugak maiz zeharkatzen baditu ere. Elizondoko saioan sortu zitzaidan intuizioaren txispa. Lagunarteko elkarrizketan hauspotu dugu sua. Jakina baita, edo jakin beharrekoa bestela, sorkuntza lanak ez direla bakarrik egiten, edo ez dela komeni behintzat – eta, nik neronek behintzat, ez dudala nahi, bide batez –. Nonbaitetik pizten da txispa, intuizioa. Segi eta segi, hauspoari eraginez gero garra ateratzen da. Irauten badu, brasa bilakatu. Eta hortxe berotzen da kontua, eta beroaldi horretatik ari naiz ni ere, brasak hipnotizatuta bezala, ezer argirik aterako dudanaren duda-mudatan. Akaboan, ez ote den dena ketan difuminatuko. Hala balitz, agian inork asmatuko du keari forma ematen ere. Nik, baina, lagun onei egiten diet kasu, eta intuizioari segitzeko esan dit haietako batek.

 

Zer den ez dakidan zera hori
Arg: Gari Garaialde (XDZ)

 

Saskibaloiko baloi laranjak boteka entzuten dituen zorua aulkiek estali dute. Jai-giro eta kexu orroak izaten dituzten harmailetan isilatasuna nagusi da gaur, txaloetan lehertzen diren arte. Saskiak gorantza bilduta daude kantxan, bertsolarien ideiak harrapatu guran baleude legez. Kuriosoa da berez beste zerbaitetarako diren azpiegiturek bigarren funtzio bat hartzen dutenean; hala nola frontoiek Elizondon eta Garazin, kantxa berde marradun batek Amurrion. Eraikinak, pertsonak bezala, transformatu egiten dira testuinguruaren arabera eta, hala ere, bere horretan eusten diote zerbaiti. Kiroldegia beti izango da kiroldegi, usain eta kolore, guk errimaz, bertsoz eta txaloz apaintzen badugu ere.

Kanpoko eguraldia bezain lanbrotsua da karisma, pertsonalitatea, berezko zera berezia.

Ez dakit gaur zenbateraino transformatuko diren sei bertsolariak. Esentzialismoetan erori gabe, baina esango nuke badutela gaur seiek ere bertsotarako pertsonalitate markatu bat, bertsokera berezitu bat, zera bat, zerbait. Karisma berba azkarregi esatera ausartu naiz igual, baina kanpoko lanbroa bezain laino dut burua kontu honekin.

Elizondon Onintzaren bakarkakoarekin eta bere bukaerako agurrarekin sortu zitzaidan intuizioa. Zergatik iristen zaizkigu batzuk hainbeste? Nola eta zergatik transmititzen dute bertsolari batzuek, oro har eta ia guztiontzat, beti zer edo zer? Kasu handirik ez nion egin orduan txispa hari. Baina afari buelta batean atera zen gaia berriro, eta artean egunak pasatu baziren ere, berriz heldu nion amuari. Karisma definitu guran aritu naiz, baina baldar, baldarregi. Karisma hitzak dena eta ezer ez hori biltzen dituela esango nuke, zehaztasunari definiziotik beretik ihes egiten diola, hautemangarria agian bai baina ukigarria behintzat ez den zera multzo bat dela. Nola esango nuke ba nik? Bueno, total, ulertzen didazuela esango nuke, badaudelako halako kontzeptu batzuk definigaitzak izan arren gutxi gora-beherako batez behinik behin harrapatzen ditugunak. Ala ez?

Amurrion kantuan ari diren sei bertsolariek badute bertsokera berezitu bat. Hortxe zegoen saioaren indargunea eta arriskua. Esango nuke indargunea nagusitu zela arriskuaren aurrean, eta ganbarako gaietan lehertu bazen ere, aurretik arrisku horren mugan ibiltzeak utzi zituela bertsoaldi berezi batzuk, esatera natorrenaren adibidetzat har daitezkeenak.

Onintzaren agurretik jarraitu zuen hasierako intuizio hark are gehiago hauspotzen: “pikutara puntuak, hau da nire greba / gaur soilik etorri naiz, negar egitera.”

Alaia izan zen saioko onena, eta ez da kasualitatea bera moldatu izana hoberen arriskuaren eta indargunearen arteko linbo zoragarri horretan. Zortziko handian Aitorrekin egin zuen bertsoaldiak badu bertsokera berezi horren trazarik: bataren zein bestearen bertsoetan berezko ateraldiak egin zituzten, etxeko sinadurarekin. Zortziko txikian Alaiak eta Oihanak egin zuten bertsoaldiak ere izan zuen zera horretatik. Ganbarakoetara jota, Mirenen hiru bertsoak onak ez ezik originalak ere badira, gaiari heltzeko espero bako moduagatik. Bera ere, Agin bezala, ederto moldatu zen arriskuaren eta indargunearen artean.

Atomo baten inguruan dantzan ari diren sei elektroi irudikatu ditut saio osoan zehar. Orbitazioa mantenduz gero, genialitatetik gertu joango zen saioa – Oihanaren bakarkakoa, esate baterako –. Orbitatik gehiegi urrunduz gero, atomoak eztanda egin zezakeen. Gure zorionerako – bai, nik ere hitza baliatuko dut – indarguneak hartu dio aurre arriskuaren gauzapenari. Gaurko sei protagonistek badute zera bat, zentzurik onenean markatzen dituen zerbait. Nik ez dakit zehazki hori zer den ere, are gutxiago nola ikasten den, zergatik edukitzen den, zergatik iristen zaigun, nork daukan gehiago eta nork gutxiago. Zalantzek iraun dezatela, kontserbadore bihurtu garen seinale izango baita bestela. Eta izan dadila hau elkar-pizketarako amua, gaia plazaratzea beste helbururik ez baitu hitz multzo trauskil honek.

Kirol pistatik kanpora atera eta ilundu du dagoeneko. Farola dardarti batzuen argipean tantaka ari da zerua. Burua ere halaxe. Lehen bezain lanbrotsu. Aste euritsua dator, beheko suari begira egon eta, bide batez, ke multzo hau argitzen saiatzeko aproposa.

 

Zer den ez dakidan zera hori Zer den ez dakidan zera hori Zer den ez dakidan zera hori Zer den ez dakidan zera hor Zer den ez dakidan zera hori Zer den ez dakidan zera hori Zer den ez dakidan zera hori Zer den ez dakidan zera hori
 i