Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2022-11-18

Triku bat eztarrian

Triku bat eztarrian –

Sabela trikutzeaz eta sabelpeko azala oilonarrutzeaz aritu zitzaizkigun bi bertsolari Irungo finalaurrekoan. Sei bertsolarien artean hiruk heldu zioten heriotzak eragindako doluari, ganbarako gaian. Ez alferrik, gaiak kalean zihoazela entzundako ahots batek eragindako hunkiduran kokatzen zituen (bide batez, elementu asko zehaztea eskatzen zuen exijentziazko gaia, fase bereko beste batzuen aldean).

 

Triku bat eztarrian
Arg: Gari Garaialde (XDZ)

 

Heriotzak eragindako doluak errazago justifikatzen du hunkidura entzuleontzat, antza denez; bestelako dolu motak ere izan baitziren hizpide, lagun batekiko gertutasuna galtzeak eragindakoa, esaterako: ez hain oilonarrutzaile, baina bai unibertsalen. Eta entzule gisa gu ere hunkitu ginen eta mudatu zitzaigun azala dolu haien poetika zeharkatzean, hutsuneari kantatzeko moduan, ahots haiek ekartzeko bidean. Lan eder eta bikainak izan ziren, fikziotik bazen ere norbere doluekin elkarrizketan jarri gintuztenak.

Eta gero egon zen beste bertsoaldi bat, benetan zeharkatzen ari den dolu batez eta dolu horretatik kantatua. Maddalen Arzallus Antiaren lanaz ari naiz. Horrelaxe kontatu zuen berak, saioa amaitu orduko emandako elkarrizketan:

«Argi nuen hasi aitzin burura etorriko zitzaidan lehen gaia hartzea, Donostian denbora galdu nuelako bat aukeratzen. Amarena bururatu zitzaidan. Dudatu nuen, ez delako bereziki nire gustukoa bizitza pertsonala aipatzea edo sentsazionalismoan erortzea. Ez da sinple horrelako gai bati heltzea. Nik barnean nuenari kantatu nion. Askotan saiatzen gara ustez nehork pentsatuko ez dituzten ideiak botatzen. Ordea, gauzarik sinpleenetan dira egiazko altxorrak, barnean ditugunetan. Saiatu nintzen hotzean kantatzen barnean nuen gai bero bati».

Ez dakit hotzean kantatzerik baden horrelako irakinik. Dakidana da, hautu zaila dela benetan mugitzen zaituen zerbaiti barrutik eta unetik kantatzea; eta ausardia handia eskatzen duela, epaimahai bat eta sailkapena jokoan dituzun unean kontrolatuko ez duzun korronte batera salto egiteak. Barrukoari konportak irekitzea delako, benetan gorputza astintzea delako eta ez dakizulako amaitzerik izango duzun edo ez, eutsiko ote diozun altxako duzun olatuari.

Dudarik gabe, Maddalenek eutsi baino gehiago egin zion, eta bertsoak ederki ekarri zituen, gainera. Niretzat, baina, ikusgarria izan zen, hitzen biluztasun eta soiltasuna (horrek ez dio poetikarik kentzen, baina bai beste eremu batean utzi). Eta bat-batean, errealitateak agerian uzten zuen benetan hori bizitzen ari den norbaitek, nekez esango dituela fikziozko pertsonaien ahotik entzun ahal izan genituen metaforak, edo ez zaizkiola kabitzen irudi orbeldu eta poetikoak. Bere gordinean ageri zen, aurrekoen artifizio puntua nabarmenduz.

Ez da hau artifizioa zalantzan jartzeko asmoa, maisuki baliatu baitzuten zenbait kidek saio horretan. Baina bada norbere kantakerari zenbait gai edo pertsonai hautatzen ditugunean haren ahotik zer eta nola esatea sinesgarri den galdetzeko aukera bat. Eta batez ere, Arzallusen lana, hautua eta eskuzabaltasuna eskertzekoa, triku bat eztarrian hartuta kantatzagatik.

 

Triku bat eztarrian