Espektatibak - Iruri Altzerreka
Espektatibak –
Powered by RedCircle
Espektatiba. Iba. Ira. Ida. Iga. 100 buru ditut begira. Outfita dakart neurrira. Bularretakoaren ezkerreko lokarria jausten ari da. Beldurgarria da hemendik perspektiba. Denbora azkar doa, tira. Osatu behar nuke narratiba. Arnasa hartu dut ahapalditik ahapaldira. Sei errima ditut guztira. Izerdi tanta erori zait aurpegira. Ezin naiz gehiegi fida. Txarragoa da alternatiba. Gera naiteke puntu eta erdira. Lehiaren usaina, intriga. Zortedunen liga. Has dadila partida. Mesedez, izan dezatela gupida. Txalo, asperen eta biba. Dena amaituko da hemendik gutxira.
Mundu honetan bi oinak pausatu orduko, ingurukoek uste eta espekulazioz ezaugarritzen gaituzte: ume hori bertsolaria izango da, amaren gisa; begi urdin-urdinak izango ditu; adimen-koziente altua izango du, ezinbestean… Kasualitatez baten bat asmatuz gero, ordea, profeziaren tankera hartu ohi diogu, magia beltza tarteko. Profeziatik gutxi du, baina. Testuinguru eta baldintza materialekin zerikusi handiagoa duelakoan nago.
Euskaltzaindiaren arabera, espektatiba zerbait egiteko edo lortzeko itxaropena da, esperantza. Ez dakit espektatiba izateak benetan gertatzeko probabilitatea handitzen duen, edo, kontrara, noizbait gertatu izanak pizten duen errepikatzeko itxaropena. Edozelan ere, espektatibek kolektiboaren iruditegia eratzen dute; are, errealitatea. Balio sortzaile eta eraldatzailea dute.
Bertsoari aplikatuta, txapelketaz betetako urte eta erdi datorkigu aurretik. Autopistako bidesariak, zurrumurruak, jende ezaguna eta tximeletak sabelean. Espektatibek pisurik izatekotan, hor izango dute. Paradoxikoa da, izan, gu baikara joko horretan erortzen lehenak: A eta B finalean egongo dira ziur; D-ri saio gatxa tokatu zaio; E-ren lehen txapelketa da… Aldi berean, azalean bizi ditugu juzgu eta aurreiritziok.
Horiek kudeatzeak autopertzepzio eta ezagutza handia eskatzen du, baita oinak lurrean izatea ere. Gure sareak, eta, oro har, ekosistemak, nahigabeko presioa eragin dezake: aurten finalera, ezta?; bazabiltzate entrenatzen?; guk zure alde egin dugu apustu… Norbere buruarekiko dezepzioa, frustrazioa, autoexijentzia eta gehiago egin behar izanaren sentsazioa etorri ohi dira bueltan. Nahikoa daukagu errusiar mendiaren gorakadak eta beherakadak pasatu eta zoratuta ez amaitzearekin.
Azken finean, espektatibak hori baitira, espektatiba. Lan berri horretan hasteko iguripena daukagu, beka hori lortzekoa, aspaldi hasitako liburu hura amaitzekoa edo osasuntsuago jatekoa.
Errezeta sinplea da:
Kanpo inputak
+
Bakoitzaren konbentzimendua
=
Bonba atomikoa.

Bonba atomikoak lur jota utz gaitzake, espero ez genuen kolpea hartuta; edo, ostera, hegan atera gaitezke, nora goazen zehatz-mehatz jakin gabe. Edozelan ere, esperotakoa erdiestea baino egindakoarekin lasai egotea, konforme, askoz askatzaileagoa begitantzen zait. Ziurgabetasunarekin harremantzeko modu bat da, kontrolpetik haragoko faktoreak daudela onartzea.
Bitartean, izan gaitezen ulerkorrak geure buruekin eta albokoekin, min ematen duenarekin. Eta, batez ere, kontuz espektatibekin.
* Musika: Mount Fuji, Breuss Arrizabalaga Quintet. Free Music Archive, Public Domain License.