Xabat Illarregi
Xabat Illarregi

2026-01-07

2026a

2026a –

2026a
Igeribar errota, Gabiria

 

Barkatu urrun geratzen bazait
bi mila ta hogeita seia (…)
ados, has dadila lehia!

Horrela abestu zuen Nerea Ibarzabalek 2022ko Txapelketa Nagusiko finalean abesteko txartela irabazi zuen eguneko lehen agurrean. Eta bai, urrun zegoen baina iritsi da 2026a. Txapelketa nagusiek maiz markatzen dituzte bertsolari eta bertsozaleon urteak. Nik behintzat, 2009 entzuten dudanean ez dut Maialenen txapelaren irudia besterik ikusten (behar bada 8 urte neuzkalako eta beste ezertaz oroitzen ez naizelako).

Aurtengo urtea ere, ziur asko, txapelketaren olatu inbaditzaileak markatuko du, botako dituzten arbolei egiten dizkieten spray arrosezko gurutzeekin bezala. Prentsa, telebista, frontoi beteak, lau urtean behingo bertsozale amorratuak, morbosoak, kritiko konstruktiboak, kritiko suntsitzaileak… uf!

Halere, gauza bat soilik nahi nuke, ez dadila txapelketaren urtea izan soilik. Bertsolaritzak, biziko bada, “gauza” gehiago behar ditu. Hiru hilabetek ezin dute urte osoa itzalpean eduki. Herri txikietako jaietako saioak, elkarteetako otorduak, udako jaialdi mitikoak, bertso poteoak, lagunarteko mahai bueltako bertso jarduna… Horrek eutsiko dio bertsolaritzari.

Txapelketa bakoitza astinaldi bat izatea nahi izaten da, ustez gauzak aldatuko dituen ekimen handi gisa. Halere, zalantza dut askotan mesede adina kalte egiten ez ote dion herri-bertsolaritzari. Dena hori dela sinestarazi dezake eta ondoren plaza horren isla izaten saiatzeko arriskua dago. Momentuan mundua txapelketarekin bukatuko dela irudituko zaigun arren, bertsolaritzaren errotak bueltaka segiko du gero ere. Dena ez da txapelketa.

A! halere, niri ere, Nereari bezala, barka, urrun geratzen bazait 2030a… Eta orain, lanera…

2026a