5657

Joanes Illarregi

Joanes Illarregi

2021-02-24

5657 –

 

Burutik ezin dira borratu

gertatuen irudiak

militante bat kate batetik

esekita esku biak

itzaletatik irteten ziren

borra kolpe urduriak

more kolorez estali arte

bular, bizkar, ipurdiak

milioika ezin dira zenbatu

odol tanta isuriak

oraindik ere ez dira itxi

ireki ziren zauriak.

 

Intxaurrondoko kalabozoak

aho-mingainak balitu!

urte luzetan “esku-joate”,

“zorte txar” eta “istripu”

nahiz telefono listin batean

izen pila bat kabitu

Galindok duen lista luzean

baietz gehiago aurkitu

mila bainerek ezingo dute

bere izenik garbitu

poltsaz isildu nahi izan zenak

egiak kontatzen ditu.

 

Errepika ez dadin bermea

da ez ahaztea lehengoa

buru askotan mantendu arren

bestetan itzaltzen doa

luze joan zen iritsi arte

kasutan azkenengoa

bost mila seirehun berrogei eta

hamazazpigarrengoa

poz txiki bezain handia dugu

hauskorra bezain sendoa

gehiagotan ez pentsa beharra

“Nor ote da hurrengoa?”

 

Herri defentsa deuseztatzeko

araudi eta legedi

isil-isilik demokrazia,

epaile ta auzitegi

akusatuen aulkian ez da

nahi aina jende eseri

ongi lotua zeukaten dena

katebegiz-katebegi

herri honetan izan ditugu

ezetzik ez esan neri

gardentasuna gutxiegi ta

“kasu aislatu” gehiegi

 

Hau jasan duen oro sentitzen

dugu arreba-anaitzat

eginak indar okupatzaileek

edo eginak Ertzaintzak

zorionean barealdia

du ondorio ekaitzak

dena gainditzen lagundu digu

borrokak ta elkar zaintzak

X bider Y-k ez ditu eman

espero ziren emaitzak

adarrak moztu zituzten arren

zutik iraun du zuhaitzak.

5657