Ahotsak

Enare Muniategi

Enare Muniategi

2017-01-23

Ahotsak

AhotsakSarri aipatu ohi dut dena dela ikuskera kontua, eta norberaren aukeraketak honen arabera egiten ditugula, izan lagunak, bikotea, norekin bizi, zer ikasi edo zer musika entzun. Hau da, ikuspuntu jakin batetik erabakitzen dugu zer gustatzen zaigun eta zer ez. Eta niri bertsolaritzan gehien gustatzen zaidana bertsolarien ahotsak dira.

Ahots zorrotzak, grabeak, goxoak zein urratuak, bakoitzak berea. Eta bertsolari legez norberaren izaeraren zati da, entzulearen belarriek jasotzen dutena eta esaten duguna baino eragin handiagoa izaten duena askotan. Ez al da plazer hutsa gustatzen zaizkigun ahotsek abestutako bertsoak entzutea?

Ahotsak bere baitan hartzen du kantakera, edo kantakerak ahotsa, nork jakin; baina kontua da, elkarrekin doazela, elkar eragiten dutela, eta guztiz alda dezaketela bertsoaren esanahi eta izaera. Mezu triste bat, mezu ironiko eta barregarri bihur dezake kantakera jakin batek. Baina, zer esan nahi du honek? Gustatzen zaigun ahots batek bertso txar bat bertso on bihur dezakeela? Ez, ez dut hori esan nahi; nahiz eta bakoitzak gauza bat duen gustuko eta ez duen zertan besteei gustatzen zaizkien gauzekin bat etorri, bertsoak esaten duena, erabilitako hitz, perpaus, esaldi, metafora zein errimak ez dira ahots batetik bestera aldatzen, kontu erdi objektiboa da. Beraz, bertso eskasa txarra izango da baina gustatzen zaigun ahots horrek bertsoaz gozatzea ekarriko du. Eta ahotsa bertsolari jakin batena denez, argi dago gozarazteko ahalmena duena bertsolari bera dela.

Amaitzeko, ezin utzi aipatu gabe ahotsek doinuei ematen dietela bizia, zer litzake bertsolaritza doinurik gabe? Eta ahotsik gabeko doinuak?  Ahotsek kantatutako doinuz jositakoa izan behar du bertsolaritzak ezinbestean, izan ahots zorrotzak, grabeak, goxoak zein urratuak. Zuk zein ahots duzu gustukoen?

Ahotsak