Egoitz Zelaia
Egoitz Zelaia

2025-12-05

Aitormena / Aitorrena

Aitormena Aitorrena –

Doinua: Gogoratuko zara / kasik 14 urte

 

 
Egun bitxiak bizi
ditugunez egun,
denboraren joana
ote da errudun?
Inoiz joan zirenak 
guregandik urrun
gure lurrin artean
ote dira lurrun? 
Inoiz joan zirenak 
guregandik urrun
ez dugu hautatzen noiz
oroitzen ditugun.
 
 
 
Oroitza eta pena
ari ziren deman
iragana gorpuzten 
den ekosisteman.
Nahiz hasera batean
kasurik ez eman
hautsak jandako disko
hartan zu antzeman…
Nahiz hasera batean
kasurik ez eman
Fauna txiki batean
zintuen atzeman.
 
 
 
Ahots bat entzuteak 
une jakinetan
su bat iratzartzen du
maiz oroiminetan.
Ez agertuagatik 
efemeridetan
agertu zinen ahantzi
gabeko minetan.
Ez agertuagatik 
efemeridetan
enbata altxatu zen
bere begietan.
 
 
 
Euskalgintzaren ikur
zein proletario,
gogoeta zintzoen
kontsignatario…
Baionan ezagutu 
zintuela dio
erranez: “kexatzeak
ez dizu balio”.
Baionan ezagutu 
zintuela dio
adio erran gabe
erraten adio.
 
 
 
Ongi xaramelatu
baleza txepetxak
nork ez luke hartuko
hegazti libretzat?
Behar bezain goxoak
al ziren ametsak?
Galdera egitea 
zilegi da behintzat.
Behar bezain goxoak
al ziren ametsak
eman adina jaso
ez zuenarentzat?
 
 
 
Gutxieneko gauza
bat dela erranik
hemen publikatzeko
sorta hau eman dit.
Erran gabe jakinen
duzula jadanik
behin joanik ez dela
jasotzen ordainik.
Erran gabe jakinen
duzula jadanik
badela oraindik.
 
Aitormena Aitorrena
Aitormena Aitorrena