Julen Zelaieta
Julen Zelaieta

2026-11-17

Akabo sarrerak

Akabo sarrerak –

Listo. Urriaren 28az geroztik ez dago abenduaren 20ko final handirako sarrerarik.

Sarrerak agortuta. Hala zion elkarteak sareraturiko mezuak. Sarrerak agortuta leitzen duten aldiro, sarrera fisikoak imajinatzen ditut elkarren ondoan leher eginak, Behobia bukatu berritan bezala… izerditan beratzen, indarrez agortuta, akituak, unatuak… edo Antton Telleriak erranen lukeen gisan: Nekatutakm(bai, ninini-n gustora jo diguzu adarra, baina maite zaitugu oraindik).

Sarreren kasuan agortuak egotearena agian Sold out titulua eskuratzea kosta zaienaren seinale izanen da. Niri behintzat hala iruditu zait; finaleko sarrerei agortzen kosta zaiela.

Ekainaren 24an jarri zituzten salgai publiko orori begira finalerako sarrerak. Nik (inuzentea ni) ekainaren 25erako agortuko zirela espero nuen. Ba, uztaila hasterako 5000 sarrera bakarrik saldu omen ziren.

13.000 sarrera egun batean? “Erotua zaude” erranen luke batek baino gehiagok. Ba, zergatik ez? Hertzainak, Fermin Muguruza, Zetak, Etzakit, ETS… zenbat taldek  ez dituzte ordu gutitan makro-kontzertuetarako sarrera guziak saldu eta  bertze kontzertu bat edo bi antolatu behar izan ? Ba nik  pentsatzen nuen Euskal Herriko Bertsolari txapelketa nagus…(ah ez, barkatu orain ez da Nagusia) zera…ba hori, nik pentsatzen nuen bertsolari txapelketako finalerako sarrerak ere erritmo berean salduko zirela. Saltzen jarri, elkarteko ordenagailuko zerbitzari guztiak blokeatu, arazoa konpondu eta biharamunerako sarrera guztiak salduak! Gero noski, kasu honetan finala bakarra da eta ez dut uste finalistek biharamunean edo bezperan bertze final bat jokatu nahiko luketenik.

Akabo sarrerak
Nafarroa Arena. Iturria: Wikimedia

Ba begira, sarrerak lehenbailehen erosteko bertze arrazoi bat: finala bakarra dela. Kontzertuekin, denak agortu bezain pronto bertze data bat jarriko dutenaren ziurtasuna ia erabatekoa baita.

Kontuak kontu, jada ez da finalerako sarrerarik gelditzen. Orain,azken bi asteetan whatsappeko istorietan, Telegramen, Instagramen,…eta denetariko sare sozialetan leitu beharko ditugun mezuen esperoan gelditu beharko dugu: “finalerako sarrerarik librerik bai?”, “Norbaitek sarrerarik balu idatzi pribatuz mese”, “finalerako bi sarrera?”…eta gisakoak.

Are. “Julen, sarrerarik lortzerik bai?” mezurik ere jaso izan nuen duela lau urte. Ba, argi gera dadila: nik ez dut sarrerarik lortzerik.

Aurten hala ere finaleko aretoa  ez dago sektoreka banatua, beraz ez dugu “Pistako bi sarrera, harmailetakoengatik aldatuko genituzke”, “Kontrakantxako sarrera bat harmailetako batengatik? idatzi pribatuz”…bezalako mezurik leituko. Gaitzerdi.

Tira, Abenduaren 20an da finala eta oraindik finalerdi batzuk gelditzen dira. Haietaz gozatzen segituko dugu!

Hurrengo arte!

Akabo sarrerak