Herrigintzak hauspotutako Herriartekoa
Andoni Rekondo
2026-11-17
Herrigintzak hauspotutako Herriartekoa –
Zenbat bertsoaldi on joan dira azken 9 urteetan? Zenbat aldatu da bertso mundua? Zenbat agur gogoangarri abestu dira? Gauza asko gertatu dira 2017tik 2026ra, baina tartean ez da Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketarik antolatu. Oinarrian gehixeago eragiteko nahiak bultzatuta, aurtengoan berreskuratu da taldekako txapelketa, eta emaitza paregabeak utzi ditu Gipuzkoaren luze-zabalean.

57 talde, 350 parte hartzaile eta 100 saiotik gora. Horiek dira Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketak zenbakitan utzi dituen datuak, baina inpaktua are handiagoa izan da zifretatik kanpo. Giro informalean egin dira saiorik gehienak, bertsozale ugari mugitu dira eta bertsolari-gai jartzaile-epaile askorentzat lehenengo aldia izan da langintza horretan. 2017ko Herriartekoarekin alderatuta, lehenengo fasean izan dira aldaketarik agerikoenak; izan ere, eskualde bakoitzaren esku geratu da fasearen antolakuntza, bakoitza bere inguruko beharretara ahalik eta ondoen egokitzeko. Hortaz, herrigintzan antolatu da txapelketaren lehenengo pusketa, tokiko bertso eskolak eta bestelako eragileak saretuta.
Ondoren, eskualde bakoitzeko talde irabazleen artean jokatu dute Herriartekoaren azken zatia. Final laurdenak, finalerdiak eta final handia, hain zuzen.
Ia bost hilabeteko ibilbideak maiatzaren 30ean izan zuen amaiera, Aian. Bazkari eder baten bueltan elkartu ziren bertsozaleak, eta kontu zaharrak ondo berritu ondoren, arratsaldeko 18:00ak aldera hasi zen finala. Bertan, Leintz taldeko Haizea Arana, Oihana Arana eta Ane Zuazubiskar eta Zumarraga-Urretxu 1 taldeko Mikel Iturriotz, Antton Fernandez eta Manex Mantxola aritu ziren kantuan. Gai-jartzaile lanak, berriz, Olatz Zuazubiskarrek eta Leire Akizuk egin zituzten.
Txapelketako ohiko moldeetatik urrun hasi zuten saioa, taldean prestatutako agur dibertigarriekin. Doinuak ere bertso mundutik aparte xamarrekoak izan ziren, tartean ABBAren Mamma Mia [Zumarragakuen agurra entzuten/ hamabost minutu (bis)/ Lasai egon sillan, ez zaitezte urtu (bis)] edota Chill Mafiaren Merezi Ote abestiaren bertsioa (Atsalde on Aia, heldu da garaia, has bedi umore jaia, ze gu finalera heldu bagera, hau txiste bat da ja!). Agurrak entzungai daude bertsoa.eus atarian, eta merezi dute.

Zumarraga-Urretxu 1 taldekoak ezinegon batekin iritsi ziren Aiara: beste taldeko bertsolariek Wikipediako sarrera zutela, eta beraiek ez. Agurrean behin eta berriz errepikatu zuten hori, eta bide paregabea zabaldu zuen saio puntuagarriko lehenengo ariketa egiteko. Haizeak eta Manexek librean osatu behar zuten hasiera, eta Aranak bikain harrapatu zuen aurkariek agurrean aipatutako ideia.

Doinua: Eguna pasa nekean eta
| H. Arana
Gu umil umil etorri gara enuen izan nahi txula Zuen agurra ordea dugu mila kapako tipula Wikipedian profila dugu horregatik egin burla Gehiegizkoa iruditzen zait BDBkoa duzula! |
M. Mantxola
Bai oroitzen dut hemezortzikin edo egingo nuela Ikusten deten bakoitzean joño hau da hau lotsa itzela Baina gaurkoak segi ezkero bide hontatik horrela gaur BDBko biografia bihurtuko zait eskela |
Istorioa, ordea, ez zen hor amaitu. Guztira bederatzi ariketa egin behar zituzten bertsolariek, normalean talde bakoitzeko kide bakarrak abestuta. Librean saio dotorea egin ondoren, zortziko txikiko ariketan berriro elkarrekin aritzea egokitu zitzaien Haizeari eta Manexi, kasu honetan gaiarekin. Ondorengo gaia jarri zien Akizuk: Autobusean elkarren ondoan doazen ezezagunak zarete, norbera bere mugikorra bere eskuetan doala doa, elkarren pantailari begira zabiltzate zeharka. Libreko saiotik zortziko txikira denbora pixka bat pasa bazen ere, aurreko erreferentziak ekarrita saioko bertsorik txalotuenarekin hasi zuen ofizioa Haizeak.
Doinua: Gizona da zoroa
| H. Arana
Busean joan nahi dut oso urrutira Ta begia joan zait mobillan argira Ze flipatua nere ondokoa tira Bere Wikipedia osatzen ari da |
M. Mantxola
Hogeita bi bat urte ditu berak zuzen Larotamaikakoa baina ez da zahartzen Guapoa, azkarra, lehiala banoa osatzen A ta Herriartekoan txapeldun irten zen |
Saioan zehar asko asmatu zuten Haizeak eta Manexek, umore berezia erabilita behin baino gehiagotan atera zieten irribarrea Aiako probalekura bertaratutako 160 bertsozaleei.
Lau oinak emanda
Fasez fase ariketak aldatzen joan dira Herriartekoan. Batzuek gehixeago funtzionatu dute, beste batzuek ez horrenbeste, baina bada ariketa bat hasieratik amaierara ia saio guztietan agertu dena: 4 oinak emanda bertsoa osatzea. Finalean 12 oin emanda (4ko 3 multzo) aritu ziren Oihana eta Antton. Ariketa erraza dirudi, eta hein batean errimak pentsatzeko lana kentzen dio bertsolariari, baina nekeza izaten da bertsoari punta ateratzea beste batek ezarritako mugekin. Kontuak kontu, Aiako saioan bi bertsolariek bete-betean asmatu zuten ariketa honetan, gai serioak lantzeko tartea hartuta.
Doinua: Emazurtz jaio hintzen
| O. Arana | |
| Bertso eskolan egin
hamar margarita Paretan Pello Errota Xalbador, Txirrita Nahiz gaur santuei ezin diegun ein bisita Badaezpada etorri naiz dotore jantzita |
Beti ematen dugu
gure zeresana Lagunartean poza da hau ta ez drama Baina ulertu dugu zuen ahots gama Ta ez duzue lortuko nahi duzuen fama |
Doinua: Gu gazte ginadela
| A. Fernandez | |
| Indarkeri matxisten
kontuan maiatza Dantzan edo bertsotan doa oso latza Arantzaz bete zaigu larrosa baratza Hobe pasa ahalko banio erratza |
Nola hala hozkatu
nuen azazkala Arduragabeak ez du uxatzen itzala Beraz dagokionak egundik oxala Berriz errepikatzen segi ez dezala |

Giro ona nagusi
Hiru txapel zeuden jokoan Aian, baina hori ez zen garrantzitsuena. Lehia bigarren planoan geratu zen oholtzan ikusitako eszenarekin. Giro ederra sortu zen bi taldeen artean, eta hori taldean egindako ariketetan nabarmendu zen. Kopletan, esaterako, talde bakoitzeko bi kide aritu ziren, eta bikain hartu zioten plazari neurria. Gaiak berak umorerako bidea zabaltzen zuen, bakoitzari rol bereizgarri bat jarrita: Pisukideak zarete, azken egunetako beroaldietan jarrera desberdina hartu duzue: Manex zuk etxean pertsianak jaitsita egon nahi duzu; Aneri eguzkia asko gustatzen zaio eta balkoian egon nahi du; Mikelek etxean egin nahi du ariketa fisikoa; eta Oihanak egunez lo egin nahi du. Nola moldatzen ari zarete?. Bakoitzak bereari eutsita, kopla saio polita osatu zuten.
Doinua: Kontu berri bat suzeditu da
| M. Mantxola
Ba ondo moldatzen ez gera ari Honen izerditan galdu Proposamena pertsiana itxi eta leihoa zabaldu |
A. Zuazubiskar
Igo guztia eta zabaldu sar dadila eta punto Behin eguzkia aterako ta ez gara ezkutatuko |
| M. Iturriotz
Antza gure Ane bilakatu da lehen kolpetik sugandila Ipini zaitez nere gainen ta egingo det sentadilla |
O. Arana
Barkatu baina esnatu egin nau diskusioaren zaratak Hemen Manex da normal bakarra Zuek biok psikopatak |

Azken ariketa puntuagarrian beroaldiak ahaztu eta basoko freskotasunera gerturatu ziren bertsolariak. Ganbarako ariketa puntuka osatu behar zuten, ondorengo gaiari erantzunez: Hemen ondoko Pagoeta parkean antolatzen den orientazio proba batean hartu duzue parte. Beste taldearen aurka ari zarete. Nola zabiltzate zuek? Nola dabiltza besteak?. Saio desberdin bezain politak utzi zituzten bi taldeek. Ea lortzen duzuen bereiztea zein talderena den perla bakoitza: ‘Anek taldean dauzka, bi desbideratu/ altuera horrekin, ikusten da altu/ baina pinuen liken, denei begiratu/ ez daukanari ezin, diogu eskatu’, ‘Honek GPSa, ta hor GKSa/ beti gure alde dago, langile klasea/ hobe Ernaikok zure, bila agertzea/ orientazio bideak, sozializatzea’.
Hiru agur, hiru mezu
Konturatzerako saioa bukaerara iritsi zen. Epaile lanetan Larraitz Trojaola, Jon Mendizabal, Leire Beloki eta Unai Muniain aritu ziren, ariketa bakoitzean talde onenari puntu bat emanez. Guztira 36 puntu zeuden jokoan, eta Leintz taldeak lortu zuen garaipena, 21 puntu eskuratuta. Txapela buruan zutela, hiru agur ederrekin borobildu zuten arratsaldea Ane Zuazubiskarrek, Oihana Aranak eta Haizea Aranak.
| A. Zuazubiskar
Ertzeko fama omen du Debagoienak Baina esteriotipoak ez dira doienak Xanti, Patxi, Juanito ta ondorengo denak Zuei esker gaude gaur oholtzan gaudenak |
O. Arana
Bertso eskolara gerturatu zan eskoitzar bixki parie Egun hartatik ez da bromie hamabost urte fan die Eztot ahazketan gure aita-amen pazientzia amaigabie Hasierako ikarie Belauntxuen dardarie Geroko lagun sarie Bertso eskoletan sanue izen bida arnasketan dan airie Gero nahieran garatu deixen nok bere ibilbidie |
H. Arana
Gure bailaran ibili gara hain anbiente perfektuan Gure taldiak be igarri dau orduko inddarra gaurkuan Baina egunak iluntzen die segun zein dauen zakuan Bertso eskolak eremu latzak bihurtu jakuz atuan Gu trintxeretan ibiltzen gara ta ez inungo palkuan Autodefentsak ipiniko dau bakotxa bere lekuan |
Aurtengo Herriartekoak eman du berea. Ikusteko dago ea 9 urte pasa baino lehen izango dugun berriro horrelako saioekin gozatzeko aukera!



