Alfonbra gorria

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2020-09-21

Alfonbra gorria-

Hasi da hain kolokan ikusi dugun ikasturte berria, normaltasun itxurak egin nahian. Hastera doaz udazkeneko kultur ekintzak ere, batzuk haztera eta beste batzuk eustera. Zinemaldiak ere (barkatu, orain SSIFF), jantzi du alfonbra gorria. Etengabe ari dira albistegi guztietan zinemaldiko egitaraua aletzen, etorriko diren aktore ezagunen irudiak zabaltzen, protokoloaren berri ematen. Zaila izango omen da, baina ondo egin litekeela sinetsita daude.

Kultura sektoreak pandemia hasi zenetik agertu duen kezkaren aurrean albiste ona dela esan eta esan ari dira albistegietan. Neurritsuenek, ahal den apurrari eusteak duen garrantzia baloratu dute eta beste batzuek salbatutzat agertu dute kultura. Nik txalotu egin nahi ditut zine jaialdia bezalako egitarau handi bat aurrera ateratzeko lan egin duten guztiak, nola ez. Baina alfonbra gorriko fokuak pizteak, ez ditu itzalak gogortu baino.

Bitartean, kale nagusietatik urrunago, breazko alfonbra beltzaren gainetik ikusi ditugu ikuskizunetako teknikariak; bitartean, alfonbra gorriaren ertzetara alerta gorria deklaratu dute ehunka kulturgilek. Kultura segurua dela frogatzeko orduak eta orduak ari dira sartzen langile zein borondatezko antolatzaileak. Horiei zor gatzaizkie.

Alfonbratik kanpo eta sarri lokatzetan dabilen alorra da gurea (eta lokatzarena, bere zentzu positiboan diot, konplexu izpirik gabe).  Baina gure mundutxoak ere baditu bere kale argiztatuak, kale itsuak eta bidezidorrak. Bertso ekitaldiei nolabait eusteko jo eta su ari dira norbanakoak, eragileak, taldeak, Elkartea eta Lanku. Izerdi askorekin lortu da saio batzuei eustea, baina beste saio mota bat desagertu egin da.

Jaialdi eredua da mantendu dena, sei bertsolariko gehienak distantziamenduagatik laukotera jaitsita. Bertso-poteorik ez dut ikusi agendetan, eta ez dut uste bertso bazkari edo afaririk egin denik. Sariketa bat edo beste bai, bertso eskolen ahaleginari esker. Lokatz arteko alfonbra gorria bere txikian ari da arnasgune lanetan, baina lehendik gutxi batzuen esku bazen, gehiago sakondu da amildegi hori orain.

Eta ni, jaialdietan kantatzeko bezain zortedun izan naizen honek, pribilegio handia sentitu dut. Saio gutxiago dauzkagu, baina behintzat izan dut kanturako aukera. Ez dakit azken hilabeteotako agenda begiratuta zenbat izen desberdin aurkituko genituzkeen, ezetz 30etik pasa! Ez daukat konponbide magikorik (izan banu honezkero konponduko nukeen), baina garrantzitsua iruditzen zait kulturgintzak bizi duen hutsuneaz jabetzen garen bezala, bertsogintzan bizi dugunaren kontzientzia hartzea. Alfonbrak azpian ezkutatzen dituen guztiengatik.

Alfonbra gorria

Alfonbra gorria-