Aissa Intxausti
Aissa Intxausti

2024-06-10

Antolatzaile hasiberrientzat

Deia jaso bezain pronto nabari dezakezu nolako saioa izango den. Saio batzuk red flagez josita daude hasieratik. Antolatzaileen partetik, detaile txikiak dira aldaketa nabarmena egin dezaketenak, eta, hurrengo lerroetan, lehenengoz bertso saio bat antolatzerakoan kontuan izan beharrekoak azalduko dizkizuet. Gehienak gauza jakinak izango dira, baina uste baino gehiagotan betetzen ez direnak.

Antolatzaile hasiberrientzat –

Antolatzaile hasiberrientzat
Arg: PxHere

Hasteko, bertsolariak lotzerakoan, adierazi: non, norekin, zertarako eta zenbat. Saio baten proposamena jasotzerakoan, bertsolariak joan nahi duen edo ez erabakitzeko beharrezko informazioa hasieratik jasotzea garrantzitsua da.

Alde batetik, ezinbestekoa da hasieratik bertsolariei dagoen diruaz hitz egitea (edo diru faltaz), baita non eta zertarako kantatuko duen ere. Bestalde, nahiz eta saioko bertsolari guztiak lotuta ez izan, hasierako planteamenduan nortzuk kantatzea nahiko zenuketen adierazi, bertsolariak ere saioa nolakoa eta norekin izan daitekeen irudikatzeko. Gainera, ez eskatu berehalako erantzuna, utzi agenda lasai begiratzeko eta pentsatzeko denbora (nik mezuak lehenesten ditut, hautua egiteko tarte handiagoa eskaintzen baitute).

Behin bertsolariak lotuta, saioa gaiekin bada: inoiz ez baduzu gai-jartzaile lanik egin, eta ez bazara bereziki bertsozalea, eskatu laguntza. Azken aldian sarritan gertatu izan zait lau bakarkako ariketa jarraian jarri izana, zuzenean saioa bakarkakoarekin hastea, eta funtzionatzen ez duten beste hamaika egitura. Saioak funtziona dezan, guztion hobe beharrez, pertsona batek baino gehiagok irakur ditzatela gaiak, iragazkia pasatzeko, badaezpada.

Astean bertan, saioaren aurretik gogorarazpen txiki bat egitea ez dago gaizki, eta elkartzeko ordua eta lekua bidali. Garraio publikoaren edo aparkatzeko tokiaren gaineko informazioa ere beti da ongi etorria.

Saioko eguna iristen denean, ez badituzu bertsolariak ezagutzen, bilatu googlen edo BDBn, eta egon adi iristen direnean: egin harrera, eskaini trago bat, kafe bat… Betebehar teknikoetan ez naiz sartuko, baina mikroak eta ura egon daitezela.

Kontu txikiak dira bat eroso sentiarazten dutenak, baina ezjakintasunagatik askotan egiten ez direnak. Agian hau irakurtzen ari den bertsolari bat baino gehiago ez da ados egongo, edo beste hamaika aholku pentsatu ditu lerroak igaro ahala, baina ez dakizue zenbat alditan gertatu zaidan ez jakitea saioa librean edo gaiekin izango den, ekimen motagatik euskara kuota izango zarela jakitea, antolatzailerik ez egotea lekuan bertan.. eta niretzat eguna baldintzatzen duten detaileak dira.

Antolatzaile hasiberrientzat