Eneko Lazkoz
Eneko Lazkoz

2024-04-30

Antolatzailearen arrakasta

Ez da oso herri bertsozalea gurea. Hala ere, urtean bertso saio dexente antolatzen dira bertan. Dela Udala, Gaztetxea, askotariko herri mugimendua edo Bertso Eskola eta Karrikestu Elkartearen arteko elkarlana. Niri, Bertso Eskolako kide eta herritar bezala, horietako batzuetan parte hartzea tokatzen zait, noski. Kantuan ez bada, antolakuntzan. Eta egia esan, ez dakit bietako zeinek sortzen didan buruko min gehiago. Bietan nahasten dira beti ilusioa eta ardura.

Antolatzailearen arrakasta –

Kanturako denean misterio handirik ez, nahiz eta aitortu beharra dagoen norbere herrian kantatzeak beti sortzen duela ardura eta urduritasun berezi bat. Data gorde, eguna gerturatu ahala burua horretara jarri eta saioa iristean ahalik eta ongien kantatu. Gainontzekoaz Bertso Eskolako beste kideak arduratuko dira.

Zer da baina gainontzekoa?

Saioa antolatzeko garaian, berau erabat baldintza dezaketen detailetxo asko izan behar dira kontuan. Data, formatua, tokia, zein bertsolari gonbidatu, diru iturriak, gai jartzailea, propaganda…

Beti ez da saio bat antolatzen toki beretik hasten. Batzuetan datak agintzen du. Urteroko ohitura diren saioak. Gurean (Etxarri Aranazen) bi izaten dira eta Udalak antolatuak. Lehenengoa otsaileko igande arratsalde batez kultur etxean egiten den jaialdia. 5 edo 6 bertsolarirekin. Bestea abuztuan, herriko festetako asteazken eguerdian plazako kioskoan. 4 bertsolari. Udalak antolatzen duenez, propaganda, megafonia, aulkiak, kostu ekonomikoa… bere esku geratzen dira.

Gure lanak zein bertsolari gonbidatu proposatzea eta saioko gaiak prestatu eta aurkeztea izaten da.

Antolatzailearen arrakastaLehen buruhausteak eta eztabaidak bertsolari taldearekin izaten dira. Batetik irizpide batzuk errespetatu behar direlako: parekidetasuna, kalitatea, bertsolari nafarren parte hartzea, plaza gutxi dituen norbaiti aukera ematea, ez errepikatzen saiatzea… Bestetik bakoitzaren gustuak daude, batzuetan adostasunera iristea zaila izaten delarik. Eta azkenik bertsolariek zer dioten… Bostetik hiruk baietz esan dutela eta beste biek ezin dutela, haien ordez nori deitu berriz adostu beharra… Gutxitan betetzen da hasieran planteatutako kartela.

Bestetik saioaren planteamendua, gaiak eta aurkeztea. Lehen biak taldean egiten ditugu normalean. Oso serio hartu beharreko lana da hau. Denek antzeko bertso kopurua kantatuko dutela, eroso sentitzeko moduko gaiak izango dituztela eta beraien onena emateko baliabideak eskainiko zaizkiela bermatzeko. Aurkezle lanetan taldeko norbait aritzen da. Ez du inork gogo berezirik izaten eta txandakatu egiten gara. Oso serio hartu beharrekoa dela diot, gaizki planteatutako edo gaizki aurkeztutako saio batek erabat baldintza dezakeelako bertsolarien jarduna. Ez dugu beti asmatuko noski, baina gogoa eta mimoa jartzen dizkiogu behintzat!

Udala tartean ez dagoenean buruhausteak beste batzuk dira. Batez ere bat!: Dirua! Jejejeje…

Urtean otordu bat antolatu ohi dugu. Librean. Bi bertsolari eta data egokia aukeratu, bertsolariak lotu eta aurrera! Sukaldariarekin sekulako zortea dugu. Noizbait despiste txikiren bat izan badu ere, kalitatea, kantitatea eta gastua kontrolpean izaten dituena. Motzean esanda merkea eta ona prestatzen dakiena. Saioa bideragarria izan dadin ezinbestekoa.

Kartela eta txartelak diseinatzeko orduan, berdin. Oso kartel original eta ederrak egiten dizkigun lagun bat dugu. Afari truk.

Eta afaria prestatzen eta zerbitzatzeko, handik eta hemendik, beti agertzen da norbait laguntzeko prest.

Baina txartelak salgai jartzen ditugunetik eguna iristen den arte, a ze agonia! Zuen herrietan ez dakit baina gurean azken ordurako uzteko ohitura dugu eta horrek sekulako estresa sortzen du. Ez ditugula gastuak kubrituko… behin bi bertsolari hauek etorriko eta jende gutxirekin mahaiak itxura tristea izango duela… Horrelako kontuekin ibiltzen gara azken unera arte. Baina beno, azkenerako kontuak itxura polita hartzen bukatu ohi du beti.

Azkenerako, estresak estres, bertsolariei iristean harrera ona egin eta afal orduan pixka bat zaintzea izaten dugu lanik handiena.

Normalean esperientzia onak izan ditugu. Eta zeinen ederra den, antolatzen ibili denarentzat, bukatutakoan dena ongi joan dela ikustea. Bai bertsolariak bai entzuleak etxera pozik eta aho zapore goxoarekin doazela ikustea. Horixe da, nire ustez, antolatzailearen arrakastaren neurria.

Eta arrakastaren neurria hori ez bada, ez dakit zein izango den. Baina badakidana da saio baten arrakasta bertsolarien abilidadean ez ezik, antolatzailearen ongi egindako lanean eta zaindu beharreko detailetxoetan oinarritzen dela hein handi batean.

Esango nuke askotan ez zaiola antolakuntza lan horri behar besteko garrantzirik ematen. Munduko bertsolaririk onenak ekarri eta listo! Horrekin dena konponduta! Baina ez dut uste Leo Messik gure herriko arezko futbol zelai latz horretan Nou Campeko belardi goxoan bezain ongi jokatuko lukeenik.

Antolatzailearen arrakasta  Antolatzailearen arrakasta