Belateko lapurrak

Gehiengoa ez da Belateko portuan gelditzen, pasa baizik. Bertatik igarotzen da Iruñea eta Irun lotzen dituen bide gatazkatsua: bere egoera kaskarra medio hamaika bizitza ebaki ditu, eta, ondorioz, inguruko herritarrak makina bat protesta egindakoak dira. Badirudi errepidean hobekuntzak egingo direla hurrengo urteetan, eta probestu dezagun, beraz, bidea pausaleku bilakatzeko aukera hurrengo orrietan zehar.

Baztan eta Ultzama lotu dituen xendra honek historia luzea dauka, eta istorio ugari biltzen ditu bere baitan. Bidaia dezagun XIX. mende hasierara, bertsoz zein hitz lauz Euskal Herrian izan diren bidelapur sonatuenetako batzuen berri izateko: Belateko lapurrak.

Belateko lapurrak –

BELATE

Belateko mendatea garrantzi handiko pasabidea izan da mendez mende. Lapurdi eta Gipuzkoako kostaldea Nafarroa Garaiarekin lotzen zituen galtzada erromatarra II. edo III. mendekoa da, adituen arabera; eta Erdi Aroan Done Jakue bidearen adar batek zeharkatzen zuen, XII. mendeko Santa Maria Monasterio-Ospitalea baseliza lekuko. Harizti, pagadi eta gaztainadiz jositako lur hau bi uren artean dagoela esan genezake, iparraldean erortzen den euria Kantauri itsasora doalako Ezpelurra errekak eramana, eta hegoaldean erortzen dena Mediterraneora Ultzama ibaitik.

Bere mendi eta larreak gatazka ugariren jokaleku ere izan dira: zelten iritsiera (Koldo Mitxelenak uste zuen Ultzama toponimoa zeltako uxama-tik zetorrela, hots, lekurik altuena), nafarrek Noaingo bataila galdu ondoren bertatik erretiratu ziren (ez gipuzkoarrek kanoi batzuk lapurtu baino lehen, jakina denez, Gipuzkoako armarrian presente egon baitziren kanoi horiek lau mende luzez, 1979an Batzar Nagusiek ezabatzea erabaki arte), Frantziako Iraultzaren ondoren errepublika berriaren eta Espainiako Erresumaren arteko kalapiten testigu izan zen duela bi mende pasa, 1876an Karlos VII.a erregegai karlista bertatik igaro zen erbestera zihoala (bide beretik joan ziren foruak)…

Gerrak larre motza are motzago eta ogi gogorra are gogorrago bilakatzen du, eta testuinguru horretan bidelapurrak perretxikoen gisan hazteko primerako baldintzak eman ohi dira.

Belateko lapurrak

LANTZEKO BIDELAPURRAK

Merkatari, erromes eta bestelako herritar ugari pasatzen ziren Belate mendateko bidetik XIX. mende hasieran, eta zehatzagoak izate aldera 1810-17 artean, urte tarte horretan aritu baitziren sutsuki lanean aipagai ditugun gaizkileak. Garai hartan Lantzek 47 etxe, irin-errota bat eta 314 biztanle zeuzkan.

Urte horietan puri-purian zen Iberiar Penintsulako Gerra (1808-1814), eta testuinguru hartan familia berri bat iritsi zen Lantzera: Iraizotz herriko Pedro Martin Zenoz eta Maria Matias Larunbe, haien bost ondorengoekin. Lau anaia zaharrenak dira historia honetako protagonista nagusiak (bidelapurrena bai, baina funtsean ezin ukatu familia enpresa bat zenik): Juan Martin (28 urte, zaharrena), Pedro Esteban (26) Joakin (24) eta Pedro Martin (16). Zenoz familia ikazkina zen, baina semeak, txondorretan baino lapurreta kontuetan aritu ziren su eta gar. Marotena edo Matxotenia izeneko etxean bizi ziren, herrian fama aski txarra zuena, bidenabar, bertan agoteak bizi izan baitziren lehenago… eta aurrerantzean ez zuen sona hoberik izan, bistan dena.

Sendiarekin batera beste bi lagun jardun ziren etengabeko elkarlanean: Juan Bautista Lanz (27 urte, Loperena etxeko nagusia eta Zenoztarren koinatua) eta Martin Joxe Perusanzena (26 urte, Petrisena etxekoa). Tarteka-marteka laguntza eskaintzen zutenen sarea handiagoa zen, ordea: Juan Zenoz (Eltsoko errejidorea eta Zenoztarren lehengusua), Domingo Amorena (Arizkun, agotea), Ignazio Armasa (Urrotz), Antonio Arrijuria (Ituren), Antonio Etxegarai (Aldude) eta Martin Kruz Iraizoz (Eguarats).

Lapurren profila garai hartan oso ohikoa zen Euskal Herrian: gerren eta goseteen ondorioz miseria gorrian bizi zen jendea, lan ezberdinen artean (nekazari, abeltzain, basomutil, artzain, ikazkin…) lapurreta tartekatzen zuena.

Belateko lapurrak

AZERIAK OILATEGIA ZAINTZEN

Talde horren berezitasun handiena, ene ustez, azpikeria eta joko bikoitzerako abilidadea izan zen. Izan ere, Belateko mendatean bata bestearen atzetik gertatzen ziren lapurretei amaiera emateko asmoz guardiano talde bat eratu zen, eta, tatatatxan! Bidelapurretako batek, Pedro Martinek, taldean sartzea lortu zuen. Amarruak urte batzuk iraun zituen, 1817an denak atxilotu zituzten arte.

Norbaitek guardianoen laguntza eskatzen bazuen, zakuto edo arropa artean zerbait baliotsua zeramalako izan ohi zen, eta horretaz gain, informatzaile eta salatari sare zabala ehundu zuten. Bestalde, bidaiariei galdera batzuk eginez usaindu zezaketen noren poltsak egiten zuen txin-txin, eta norenak ez.

Denbora tarte batean (1811ko abuztutik 1813ko otsailera) lapur taldeak ez zuen, dirudienez, batere ekintzarik egin, Nafarroa gerra bete-betean baitzen. Frantzisko Espoz Ilundainen (Espoz Mina izenez ezagunagoa) gerrillariek estu hartu zituzten soldadu frantsesak, eta tartean zebilen Pedro Martin Zenoz, arestian aipatutako anaia gazteena. Errepresalia gisa agintari frantziarrek herritar zibilak erreprimitzen zituzten: Lantzen, adibidez, apaiza eta lau gerrillariren amak preso sartu zituzten Iruñeko espetxean, sarritan herria arpilatu, eta behin, herria zigortzeko asmoz, uzta ebaki zuten.

Baina parentesi horretatik kanpo lapurrak ez ziren zozoei begira egon. Praktikaren poderioz, soilik bidelapur izateari utzi eta modu anitzetan ebasteari ere ekin zioten. Jose Maria Iribarrenek bere liburuan (Los bandidos de Lanz, 1955) bildu zituen talde honen nondik norakoak:

  • 1810eko udaberrian euren lehen lapurreta egiten saiatu ziren, baina parean tokatu zitzaien mandazaina haiek baino azkarragoa izan zen: dirua ondo baino hobeto gordea zeukan zaldiaren zelan.
  • 1811ko uztailaren 23a. Pedro Jaunarenari, Arraizko errotariari, bere etxean egindako lapurreta. 8 ontza urre kendu zizkioten, indarrez.
  • 1811ko abuztua. Eltso herriko mandazain aberats bati, Eltso Txikitxori, 25 ontza (duroak eta napoleoiak) ebatsi zizkioten Iraizotz ondoan.
  • 1813ko otsailaren 16a. Bost mandazaini eginiko lapurreta, Labeagako portu inguruan (Ultzama Bidasoako arrotik banatzen duen eremuan, Belate mendebaldean). Guztiak Iturmendikoak ziren: Diego eta Frantzisko Zufiaurre anaiak, Munarriz abizeneko bi anaia eta Juan Mendia. Diegok lapurrei aurre egitea deliberatu zuen, eta Juan Martin Zenozek tiroz hil zuen (sakandarrek Urrozen lurperatu zuten hilotza). 12 ontza duro eta urre ontza bat kendu zizkieten.
  • 1813ko ekainaren 3a. Doneztebetik Iruñera zihoazen bi azafrailari aragoiar eta Doneztebeko botikaria, Jose Norberto Gil, bere morroiarekin. Labeagako portuan eraso zieten. Botikariari urrezko eta zilarrezko 200 peso ebatsi zizkioten, eta merkatariei 27 ontza eta azafraia. Botikariak lapurretaren berri eman zion Lantzeko alkateari, Martin Antonio Aizuani; honek Zenoztarren etxea miatzea erabaki zuen, eta azafraia aurkitu. Hala eta guztiz ere ez zuen frogen berri eman nahi izan, bidelapurrak mendekatu egingo zirela jakitun.

Belateko lapurrak

Azken lapurreta horren ondoren, Lantzeko taldeak oporrak hartu zituen berriz; batetik, alkateak haien etxea miatu izanak alarma piztu zuelako haien artean, eta bestetik, botikariak lapurreta Lantzeko alkateari salatu izanak zerbait esan nahi zuelako: mendialdean geroz eta jende gehiagok susmatzen zuen zeintzuk ziren Belateko lapurrak.

Sasoi hartan, Gasteizko bataila galdu ondoren, armada frantsesa erretiratzen hasi zen (guztiok dugu gogoan urte hartako abuztuan Donostian gertatutako sarraskia). Ingelesak Lantzera iritsi ziren, eta lapur taldeko Martin Jose Perusanzena haien zerbitzura jarri zen, postari lanak egiteko.

Lapur taldeari dagokionez, haien egoera aldatzen hasia zen, susmagarriak baino gehiago zirelako jada: mendira egiten zituzten irteerak (ikazkin lana ez baitzen aski zurigarri), herriko ostatuan egiten zituzten bilerak,  eskuartean izan ohi zuten diru kantitate handia… Baina beldurrak pertsonak geldiarazi egiten ditu, eta inguruko inork ez zien aurre egin. Horretaz gain, 1814an, Zenoztarren anaia gaztea, Pedro Martin, gerratik itzuli zen, lizentziatua eta Belateko guardiano izendatua. Beraz, haizea alde zeukaten euren lanetan jarraitu ahal izateko.

  • 1814ko abuztua. Apolinar Oiartzun burlatarra Arizura zihoan, eta lapurrek Etxaideko basoan harrapatu zuten. Kobrezko ehun erreal ebatsi zizkioten.
  • 1814ko iraila. Eraso berean bi talde arpilatu zituzten, Etxaideko basoan. Lehena: Jabier Espoz eta Maria Iriarte senar-emazteak, eta bi anai-arreba (9 duro kendu zizkieten). Bigarrena: Frantzisko Ainzinena, Indietako Kontseilu Goreneko ministroa, Elizondon oporretan egon eta gero Madrilera zihoana; Zigako apaiza, Juan Pedro Elizalde, eta Bernardo Perotxena, Elizondoko kandelagilea; tartean zeuden beste lau baztandar ere. 100 duro lapurtu zizkieten.
  • 1814ko urriaren 6a. Karlos Bizkarreti, Alkotz (Ultzama) herriko mandazainari, Gelbentzuko bentatik gertu egindako lapurreta. Hamar duro kendu zizkioten.
  • 1815eko ekainak 28. Anozibar eta Anotz herrien arteko mugan, Juan Martin eta Pedro Martin Zenozek Ignazio Orrio gelditu zuten, Ziarruitzeko bizilaguna eta bertako Matxiñena etxeko nagusia. Bi erreal lapurtu zizkioten. Baina Aldaun mendi inguruan zebilen Ziarruitzeko unai batek dena ikusi zuen, eta korrika joan zen Anozibarrera gertatutakoaren berri ematera. Herriko alkateak zazpi gizonez osatutako taldea elkartu eta lapurren bila abiatu ziren, baita aurkitu ere. Une hartan tiroketa bat izan zen, eta Anozibarreko Juan Antonio Berrio hil zuten.
  • 1815eko uztaila. Iruñeko San Ferminetatik bueltan zetorren merkatari talde bati eginiko lapurreta. Taldea zaintzen Labeagako bi guardiano zeuden, baina lapurrak ikusitakoan ziztu bizian egin zuten hanka. 30 peso eta material ugari eraman zuten.
  • 1816ko udaberria. Merkatari gaztelar batzuei 720 duro lapurtu zizkieten.
  • 1816ko ekainak 22. Lau merkatari madrildarri eginiko lapurreta, Aniz eta Ziga artean. 200 peso eta merkantzia ugari eskuratu zituzten.
  • 1816ko ekainak 30. Martin Olague mandazainari egindako lapurreta. Olague Lizasokoa (Ultzama) zen, Mendia etxekoa. 50 duro kendu zizkioten.
  • 1816ko uztailaren 19a. Aldudeko bost merkatariri lapurreta egin zieten Zubiriko portuan. Diru apur bat eta material ugari kendu zizkieten. Lapurreta honengatik salaketa helarazi zion Aldudeko alkateak Lantzekoari, jakinaren gainean baitzen mendialdean halako ekintzak egiten zebiltzanak bertakoak zirela. Zenoztarren etxea miatu eta froga ugari topatu zituzten. Oraingoan Aizuain auzapeza ez zen kikildu, eta Juan Martin eta Pedro Esteban Zenoz, Juan Bautista Lantz, Martin Joxe Perusanzena eta Ignazio Armasa Iruñeko espetxera bidali zituen. Handik gutxira lau aske utzi zituzten, baina Juan Martin barruan gelditu zen. Ez zen berriz gizon askea izango.
  • 1816ko irailaren 26a. Arestian aipatutako bostak kartzelan zirela, Pedro Martin Zenoz guardianoak Anizeko (Baztan) Tomas Indart erail zuen, Kokotxea etxeko semea. Indartek, Iruñean txerriak saltzen sos batzuk irabazi ondoren, Lantzera iritsi eta guardianoaren laguntza eskatu zuen, Belateko portua igarotzeko. 200 peso zeramatzan gainean. Lantzeko ostatutik atera zen guardianoarekin batera, eta betirako desagertu zen. Gaurdaino iritsi den informazio baten arabera, gaizkileak leize bat baliatu zuen gorpua ezkutatzeko, kokaleku jakina duena: Almandozeko herrian, Belateko portuaren 35. eta 36. kilometroen artean, eskuinerantz irteten den kaminotxo bat hartu behar da, San Blaseko bentatik Almandozeko usategietara doana. Bertan, Barazelaiko ordokian, bada leize zulo bat dolina baten aldamenean. Sei bat metroko arrapala dauka, eta jarraian 35 metroko zulo bertikala.
  • 1817ko urtarrilean eta otsailean lapurreta txiki batzuk egin zituzten: Doneztebera zihoan azafrai saltzaile bati eta bidaiari italiar bati zeukatena ostu zieten.

Belateko lapurrak

HARRI BERAREKIN BI ALDIZ ESTROPEZU

Ibilean dabilena okertzen da soilik, eta zazpi urte luzez halako curriculum potoloa osatu ondoren, gaizkileek euren ibilbideari amaiera emango zion hanka sartzea egin zuten: Martin Olague mandazain lizasoarrari bigarren aldiz lapurtzea, 1817ko apirilaren 10ean. Olaguen geldiarazi zuten bidelapurretako hiruk, Lantzetik gertu, Baztango feriara zihoala, eta sekulako dirutza harrapatu zioten: kobrezko 32.000 erreal.

Perusanzena zen lapurretako bat, eta ingurukoen susmoak piztu zituen akats ugari egin zituen ekintzaren ondoren: etxera ospa egin beharrean Baztango feriara joan zen, Elizondora; tabernetan edaten aritu zen, jendea gonbidatuz eta, hori gutxi balitz, arropaz aldatu gabe; Arizkuneko bati hantxe bertan itzuli zion zor zion dirua; Etxalarko tratante bati zaldi bat erosi zion (pagando por él, en el acto, seis doblones de a cuatro duros, media onza de oro y 32 duros en plata). Errematea ere eman zion bere jokabide zentzugabeari, Lantzera itzultzean bertako ostatuan zeuzkan zorrak kitatuz. Deigarria zen, deigarriegia, lanbide jakinik ez zuen norbait halako oparotasunarekin ibiltzea bat-batean. Perusanzena larre motzekoa zen, gorriak eta bi pasatutakoa. Bizi izan zuen miseriaren adierazle gisa aipatzen da otsokume ehiztari ere jardundakoa zela, ondoren eskaintzen ziotenarengatik saltzeko.

Juan Bautista Lantz ere ez zen askoz ere finago ibili. Hilabete batzuk lehenago ezin izan zuen garirik erein bitarteko faltagatik, eta bere emazteak, lapurreta baino bi egun lehenago, mahai-zapi bat saldu zion Lantzeko ostalariari ogi truk. Lapurretaren ondoren, ordea, lursail bat erosi zuten, artoa erein, bere txondorretarako egurra mozten jardun ziren peoiak kontratatu, eta enbargatu zioten bere zaldia berreskuratzeko fidantza ordaindu zuen.

Hirugarren eta azken lapurra Pedro Martin Zenoz guardianoa zen, disimulu kontuetan maisu hutsa hau ere. Apiril amaieran ezkontzeko asmotan zebilen, eta bere andregaiari (txori adina txiro) ezteietarako arreo guztia erosi zion Iruñean: jantziak, koltxoiak, izarak… Zazpi ontza gastatu omen zituen horretan, esajerazio galanta berea bezalako diru-sarrera legalak zeuzkan norbaitentzat.

Bien bitartean, Olague ez zegoen besoak gurutzatuta. Lehenik eta behin, Perusanzena ezagutu zuen lapurreta egin zioten momentuan, baina beste bien nortasuna jakitea falta zitzaion. Eta nork emango horren berri, eta taldeko Ignazio Armasa bidelapurrak. Zergatik? Bada, dirudienez, Armasa izan behar zelako Olagueri egin zitzaion lapurretan parte hartu behar zuen laugarren kidea, baina besteek ez zioten ezer esan dirua gutxiagoren artean banatu ahal izateko. Armasaren mendekua ez zen, ez, nolanahikoa izan: bere kideak salatuz, amaiera eman zion Belateko lapurren taldeari.

Olague ez baitzen edozein: aberatsa zen, benetako influencer bat, arras ezaguna Iruñean eta mendialdean, eta bigarren lapurretaren ondoren bere onetik aterata zegoen. Azkenean, Gorte Errealak, ekainaren 8an, hiru lapur horien atxiloketa agindu zuen, ekainaren 11n Lantzen gauzatu zena. Handik zuzenean Iruñeko espetxera eraman zituzten, aspaldiko partez Juan Martin Zenozekin elkartzera.

Belateko lapurrak

KUERDA LEPOTIK SARTZEN

Ignazio Armasak Olagueri esandakoa berretsi zuen epaileen aurrean, eta bat hitz egitera ausartu zela ikusi ondoren, lekukotasun eta salaketa uholdea iritsi zen. Eskribauak makina bat egun igaro zituen Lantzen, bata besteren atzetik zetozen lekukotasunak idatziz (112, zehatzak izateko). Testigantzen ondorioz, Pedro Esteban eta Joakin Zenoz anaiak eta Antonio Etxegarai aldudarra atzeman zituzten. Bestalde, frogen pisua ikusita, azkenean Juan Martin Zenozek ordura arte egin ez zuena egin zuen: amore eman eta beren ekintza guztiak aitortu. Jarraian atxilotu zituzten Ignazio Armasa salataria bera (azkenean libre eta kargu gabe utzi zuten bakarra), Juan Zenoz (Eltsoko alkatea), Domingo Amorena eta Martin Kruz Iraizotz. Taldekide guztiak gatibu zeuden.

Eskribauaren atzetik fiskalak bere lanari zorrotz heldu zion, eta amaitzeko, Gorte Errealak sententzia eman zuen 1918ko uztailaren 1ean.

Juan Zenoz eta Joakin Zenoz Iruñeko espetxetik atera zituzten, bakoitza asto baten gainean jarrita eta eskuak lotuta, ilea larru-arras moztua eta gerritik gora biluzik. Hirian zehar eraman zituzten alde batetik bestera pregoilariak euren krimenen berri ematen zuen bitartean. Jose Belver borreroak 200 zartada eman zizkion bakoitzari bizkarrean. Ondoren, Juan Zenoz Gomerako (Kanariar Uharteak) espetxera eraman zuten, zortzi urteko zigorra betetzera, eta beste hainbeste pasa beharko zituen Joakin Zenozek Alhucemasen (Maroko).

Martin Jose Perusanzena, 10 urte Filipinetan; Domingo Amorena eta Antonio Etxegarai, 4 urte Ceutan; Antonio Arrijuria eta Martin Kruz Iraizotz, launa urte Melillan.

1811-1817 artean Lantzeko alkate izan zirenentzat ere (Jose Bernardo Zia eta Martin Antonio Aizuain) izan zen zigorrik, beren herrian gertatzen ari zenaren berri lehenago ez emateagatik. 400 liberako isuna ezarri zieten, beren agintaldian zehar antzeko egoeraren bat eman eta berdin jokatuko balute beren aurkako zigorrak are zorrotzagoak izango zirela jakinaraziz.

1818ko abenduaren 4an, eguerdi partean, Juan Martin Zenoz, Pedro Martin Zenoz, Pedro Esteban Zenoz eta Juan Bautista Lantz Iruñeko espetxetik atera zituzten, hauek ere asto gainean, eskuak lotuta eta soka bat lepotik zintzilik. Pregoilariak euren krimenak zerrendatzen zituen hiri buruzagiko kaleetan barna, eta azkenean prozesioa harresietara iritsi zen, San Roke eremura. Bertan paratu zuten urkamendia; heriotzen nondik norakoen berri ematen digute erreportaje honen amaieran dauden bertsoek. Pedro Esteban Zenozen eta Lantzen gorpuak lurperatu egin zituzten, baina agintariek beste xede bat zeukaten Juan Martin eta Pedro Martin Zenozen gorpuentzat: zatikatu egin zituzten, eta gorputz atalak erailketak eta lapurretak egin zituzten tokietan jarri.

Juan Martinen burua Anoz eta Anozibar artean jarri zuten, Aldaun mendi inguruan, Juan Antonio Berrio hil zuten tokian (egun eremu horri Aurpegi deitzen omen zaio). Kondairaren arabera, Juan Martinen buruari ilea hazi zitzaion hil eta gero (gauza erabat arrunta, baina ezohikoa inguruko jendearentzat), eta, senarraren modu berean ez bazen ere, burua galdu zuen bere alargunak zopa eramaten omen zion. Pedro Martinen burua Elzaburuko portuan jarri zuten, Diego Zufiaurre erail zuten tokian. Hankak eta besoak honako lekuetan zintzilikatu zituzten: Etxaide mendiko bidean, Belateko portu hasieran (Mendiburu aldean, Lantzetik gertu), Belateko bentatik gertu, Arraiz inguruan, Larrainzarretik hurbil, Oxarte izeneko parajean (Labeagako portuan), eta azkena Labeagako portu gainean.

Gorpu atalak kaiolatxo batzuetan jarri zituzten, eta mezu hau irakur zitekeen bertan: “Erregeak, gure jaunak, agintzen du inork ezin duela gorputz atal hau hemendik kendu. Zigorra: sei urteko espetxealdia eta 200 zartada”.

Belateko lapurrak

LAPURRAK LANTZEKO INAUTERIETAN

Nor ez da hurbiltzen Lantzera lantzean behin, inauteriak medio? Euskal Herri osoko inauteri famatuenetako bat da, gaur gaurkoz. Lantzeko inauterien jatorria ezezaguna da, baina antzinako tradizioa dela dirudi, agian Erdi Arotik datorrena. Espainiako 36ko gerraren ondotik, inauteriak debekatuak izan ziren. 1964an herritarrak martxan jarri ziren ekimena berreskuratzeko asmoz, hainbat historialariren laguntzaz, tartean Julio eta Pio Caro Baroja anaiak.

Hausterre eguna baino lehenagoko astelehen eta asteartean pertsonaia jakinek hankaz gora jartzen dute Lantzen normalean izan ohi den bakea.

  • Miel Otxin: Izpiritu txarrak itxuratzen dituen lapur gaiztoa da, erraldoi handia. Astelehenean atzeman ostean, herriko kaleetan zehar pasearazten dute, txistueta danbolin soinua lagun dutela. Asteartean, goizeko ibilaldi baten ondoren, tiroz hil eta sutan erretzen dute, herritarrek suaren inguruan zortzikoa dantzatzen duten bitartean. Esaten da mila otxin lapurtu zituela, hots, iraganean Nafarroan erabiltzen zen txanponetako bat.
  • Ziripot: Belarrez betetako zakuekin jantzitako pertsonaia lodia da. Kaleetan zehar dabilen bitartean, Zaldikok lurrera botatzeko ahaleginak egiten ditu.
  • Zaldiko: Irritsu eta saltoka, gizakiaren eta zaldiaren arteko nahastea da. Gerrian zaldi baten itxura daramala, Ziripot lurrera botatzea du helburu. Arotzek ferratzea lortzen dutelarik herritarren zerbitzura jarritzen da.
  • Arotzak: Ziripoti lagundu eta Zaldikori ferrak jartzeko ardura dute.
  • Txatxoak: Herriko biztanleak irudikatzen dituzte. Animalia larru eta arropa zaharrekin jantzirik, lastozko erratzekin eta aurpegia estalita, oihuka, bertan daudenak xaxatu eta oldartzen zaizkie.

Tesi baten arabera Lantzeko inauterietako pertsonaiek lotura zuzena izango lukete orri hauetan aipagai izan ditugun pertsonekin. Ideia hori defendatzen du Jesus M. Usunarizek “Un ritual milenario, un carnaval centenario: el caso de los «guardianos» o salteadores de Lanz (1818) y la invención de la tradición” lanean. Inauteriak gaizkile taldea martxan jarri baino askoz ere lehenagokoak dira, bistan dena, eta ziurrenik lehendik ere izango zen erraldoi bat, baina 1818ko gertaerek herrian izan zuten eraginaren ondorioz inauteria bera errepresentatzeko modua aldatu zela dio ikertzaileak, eta hipotesi bat mahaigaineratu: Lantzeko maskaradak gaizkileek egindako lapurreta bat antzezten du. Miel Otxin Juan Bautista Lantz lapurra izango litzateke; Ziripot Martin Olague mandazaina (bera izan zen bidelapurren aurkako prozedurak martxan jarri zituena); Zaldiko Martin Joxe Perusanzena lapurra, lapurreta batean Olague zalditik bota zuena; perratzaileak salaketak egin zituzten zenbait herritar, ofizio hori zeukatenak: Frantzisko Iturria, Norberto Arrupe, Pedro Zubieta eta Juan Redin.

KRIMENAK PODCASTEAN

Hasier Etxeberria idazlea gaizkileen inguruko artikulu laburrak argitaratzen hasi zen ZuZeun, krimen horien bueltan sortutako kantuak ekarriz. Hura hil zenean lan berean segitzea erabaki genuen, eta horren ondotik etorri zen Euskal Gaizkileak podcasta. Hiru zutabe dauzka proiektu honek: batetik, ZuZeu hedabidea bera, proiektua koordinatu eta gidoiak idazteaz arduratzen dena; bestetik, BIEUSE taldea, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea, ahotsak jartzen dituena Xabier Alkizaren gidaritzapean; eta, amaitzeko, IN estudioa, grabaketak egin, audioak editatu eta musika konposatzeko eginkizuna daukana, Iñigo Etxarriren eskutik.

Hamabi atal publikatu ditugu orain arte, tartean Belateko lapurrak. Podcasta Jose Maria Iribarrenek idatzitako liburuetan oinarritzen da, honek epaiketako sumarioa aztertuz idatzi baitzuen bere lana. Baina fikzioa sortzerakoan ez genien muzin egin kondairak utzitako zenbait istoriori. Aktore ugarik hartu zuten parte bikoizketan: Xabier Alkiza, Iker Bengoetxea, Mikel Garmendia, Ramon Zalakain, Kiko Jauregi, Maider Gorostegi, Klara Badiola, Mikel Fernandez, Kandido Uranga, Joxe Kruz Gurrutxaga, Iñaki Beraetxe, Aner Narbaez, Loinaz Jauregi. Etzan patxadaz, igo bolumena eta murgildu istorioan.

 

 

GAUZA BAT DEKLARATZEN

Jarraian datozen bertsoak urte luzez abestu ziren Nafarroako mendialdean, iragan mende hasiera arte. Aita Donostiak jaso zituen bertsoak Arizkuneko Antonio Elizalde txistulariarengandik.

Oskorrik The Pub Ibiltaria 8 diskoan abestu zuen sorta, eta horrek, noski, kantua ezagunago bihurtu.

 

Iturriak:

  • El moro corellano y los bandidos de Lanz. Jose Maria Iribarren. Coleccion Ipar, 1955. Editorial Gomez, Pamplona.
  • Un ritual milenario, un carnaval centenario: el caso de los «guardianos» o salteadores de Lanz (1818) y la invención de la tradición. Jesus M. Usunariz. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra. Nafarroako Gobernua.

 

  1. Gauza bat deklaratzen
    bear det orain asi;
    denbora asko eztuela
    zer degun ikusi.
    Enkargatu ninduena
    orain ez da bizi;
    lagunekin batian
    zuten galerazi:
    orien bekatuak
    ala zuten merezi.
  2. Bi urte bete ditu
    esan zidatela
    batek partikularki
    lazki beldur tzela;
    aditzen baldin banuen
    galdu zituztela,
    berso bida berriak
    paratu netzala;
    orai abiatzen naiz
    oroitzen naizela.
  3. Egun señalatua
    zen Santa Barbara,
    presentian giñenak
    oroitzen al gera;
    San Jose gloriosoak
    gaitzala anpara,
    allegatu gabentanik
    tranze orretara.
    Egun artan zituzten
    urkabian para.
  4. Anayetan zarrena
    juan tzen aurrera;
    garbos pasa zituen
    zenbait eskalera;
    allegatu zanian
    gero urkabera,
    konseju onak ematen
    oyuz zegon bera.
    Ai! ura egun artako
    gizonen galera.
  5. Tunika bat buruan
    soñian trajia
    prebeniturik zegon
    ayen enkajia.
    Eskaleretan goiti
    iduri pajia,
    iltzera goaki eta
    ura korajia!
    Makurren zuzentzeko
    A! zer parajia!
  6. Ordukoz ura illa
    gero bigarrenari,
    kuerda lepotik sartzen
    zitzaizkolarik ari.
    Tunika bat burutik
    zitzaion erori,
    begira gelditu zen
    bere anayari,
    A! zer konsuelua
    biotz altxagarri!
  7. Bida illak zituzten
    gero irugarrena
    ark manifestatzen zuen
    lastimarik geyena.
    Lenagoa gaizki egiñaz
    gero zuen pena;
    etzuela guardatu
    Jaunaren ordena,
    zuzen ibiliko da
    munduan zurduena.
  8. Laugarrena juan tzen
    guzien atzian,
    “Jesus”! esaten zuen
    kuerda paratzian;
    salve bat errezatzeko
    artaz oroitzian;
    ala agintzen zuen
    ark eriotzian,
    pena asko zedukala
    bere biotzian.
  9. Ayen etxuak ziran
    ongi probatuak;
    krueldade aundiyan
    ziren kastigatuak;
    lauetatik iru
    deskuartizatuak
    izugarriak ziran
    ayen bekatuak,
    amar lekutan daude
    puskak paratuak.
  10. Eken pensamentua
    beti maldadian,
    ez dirade ibilli
    kristauen legian;
    ill eta arrobatuz
    zoazilarik bidian,
    nola egunaz eta
    igual gabian,
    orai pagatu tuzte
    azken egunian.
  11. Ainbertze beldurrekin
    jendiak belaten;
    uste dut pasajeruak
    gusto artzen duten.
    Bertzeren ontasunak
    ari ziren yaten;
    pesalunbria baizik
    etzuten ematen:
    Pepek deskantsu ona
    paratu du aurten.
  12. Zenbait arroario (arrobario)
    eta eriotze
    mundu ontan klaroki
    aitortu dituzte;
    ainbertze gaixtakeri
    zirelarik gazte;
    geyago eginen zuten
    utzi balituzte,
    azkenian ederki
    pagatu dituzte.
  13. Gaizki egin bazuten
    ayek mundu onetan,
    padezitu zituzten
    azken egunetan;
    baldin “por si acaso””
    badaude biarretan,
    beren zorren pagatzen
    purgatorioetan,
    errezatu dezagun
    eken faboretan.
  14. A! zer konsuelua
    gure asoena (gurasoena)
    umiengatik artzen
    orrenbertze pena!
    Asi eta ondoko
    pagamendu ona
    azkenekoz erortzen
    gaizki dabillena;
    ori da mundu ontan
    pensatu bear dena.
  15. Gizonak mundu ontan
    pensatu bear luke
    nondik etor daiteken
    orrenbertze neke,
    Jangoikoari oyuka
    miserikordia ezke,
    bañan etzioten utzi
    nai adiña epe.
    Padrino ona zuten
    azkeneko Pepe.
  16. Asko gurasoeri
    nai diet adierazi
    beren umiak nola
    bear dituzten azi.
    Ingenio gaiztoak
    alez galerazi,
    Jangoikoaren legia
    ongi arrerazi,
    nai duena egitera
    beñere ez utzi.
  17. Konseju onak eman
    umeari gaztetan.
    Dotrina erakutsi
    goiz edo arratsetan.
    Kastigu sobera gabe
    bear modutan,
    estimatu dezaten
    dabiltzan lekuetan,
    asko galtzen baitira
    gurasoen faltan.
  18. Amar manamentuak
    agintzen duena
    Jangoikua amatu
    da printzipalena.
    Juramenturik gabe,
    gero bigarrena.
    Obligaziua delarik,
    entzun meza bana.
    Errespetua iduki
    aita eta amaingana.
  19. Bortzgarrenekoa
    nior ez iltzia.
    Lujuriak utzi eta
    ain guti ebastia.
    Falso testimoniorik
    iñori ez goratzia.
    Ez deseatu bertzen
    senar edo emaztia.
    Ori da manamenduak
    ongi guardatzia.
  20. Kalabozo batian
    kantuen paratzen,
    gosiak ill urrena,
    otzak akabatzen.
    Ezta enbusteria,
    ala ari nitzen.
    Anima defuntuak
    naute anparatzen.
    Pasa baño errexago
    dirade kontatzen.”
Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak  Belateko lapurrak