Arratsalde bakartiak –

Ikusleek txalo jotzen diote plazaren erdira doan protagonista zerrendari. Artista urduri dago, bere burua arriskuan jarriko baitu agertokira irteten denean. Gaur ere, sei gorputzek markatuko dute jaialdiaren nondik norakoa. Hurrenkera zozketaz erabaki da, eta beraz baita bakoitzari zein kontrario maneiatzea dagokion ere. Inguruko kideek zorte ona opa diote, baita aurrenengo ilaretan dauden ikusleek ere. Musika arduradunak eta teknikariak beraien postuetan daude. Hasierako protokoloari errepasoa eman, ohiturazko errezoak egin eta begirada ezkutatu du, datozkion zailtasunen aterabide posibleetara biltzeko. Manoletinek zerbait zirriborratzen dute hondarretan, urre eta zetaz jantzitako arratsalde bakartian.
Etxekoek berak baino are okerrago pasatzen dute. Dagoeneko urduritzeari uzteko bezainbeste karteletan agertu da bere izena, baina hala ere, une batez inbidia eman diote barreraren beste aldean daudenek. Ofizio honek badu ezaugarri hori: aldez aurretik prestakuntzan ahalegindu arren, plaza isilik gelditzen denean kontrolatu ezinezko faktore mordoa sartzen da jokoan. Testuinguruaren arabera moldatu behar da, inprobisatu. Sabelean tximeletarik sentituko ez balu, mototsa ebakiko lukeela zin egiten du elkarrizketetan.
Aurrenengo herena egoerari tenplea hartzeko besterik ez da. Lanabesak neurrira jarri eta jendearen erantzuna neurtzeko. Bigarren herena koadrilari dagokio, eta zuzenean esku hartu ez arren, komeni da erreakzioei adi egotea. Azkenik hirugarren herena dator, bakarka amildegiaren aurrean. Gertuko planoan arnas hotsa altua eta pultsazioak bizkorrak dira. Baina konbentzimenduz bularra atera eta ziurtasuna transmititu behar zaio publikoari. Helburua beti da belarriak konkistatzea. Ausardia antzeztu eta jendearengan emozioak pizteko. Ordea txalorik gehienak konpromisozkoak dira, ale onen bat tartean denean norbait jaikitzen da; huts egitearen ondoren berriz isiltasuna. Onik irtetea gauza bat da, eta loria eskuratzea beste bat. Azkenik, bertaratutakoei edukaziozko agurra eskaini eta plazaren ertzera baztertu da artista.
Udako egitarauetan, herri eta hirietan urtero izaten du presentzia, baina lurralde batetik bestera asko aldatzen da duen onarpena eta indarra. Leku batzuetan, oso jarraipen eskasa dauka. erakundeen bultzada eta finantziazioari esker jarraitzen du leihatilak zabalik.
Jatorri herrikoia duela ez dago zalantzarik, baina errepresentazioaren forma aldatu egiten da. Auzoko festetan, kale kantoian oholak jarri eta bota aldiak antolatu daitezke, non bertako jendea den parte hartzaile eta ikusle. Hala ere, nagusiki medioetan agertzen dena Ilunben milaka sarrera saldu direla da; abuztuan eta abenduan.
Galdetutakoan kontrakoa dioten arren, eserlekuetako jendea ez da batere anitza. Kode zehatz samarrak elkarbanatzen dituzte, eta horregatik zaie erosoa ikuskizunaren parte izatea. Plazara sartzen ez direnen artean, batzuk ezbairik gabeko aurkakotasuna adierazten dute, espektakulua ez omen doalako gizarte aurrerapenen konpasean. Askok, indiferentzia sentitzen du, oso desberdinak baitira beraien lehentasunezko entretenimendu bideak. Eta gehien errepikatzen dena da, diziplina aspergarria dela, edo beraiek behintzat ez dutela arte adierazpide hau ulertzen.