June Aiestaran
June Aiestaran

2025-08-04

Baina ez naiz frikia

Baina ez naiz frikia –

“Bdb agenda”-n sartu. Behatz lodiarekin beherantza, gertuen tokatzen dena edo planik borobilena iradokitzen didana aukeratu. Koadrilakorik animatuko zait? Uf, ez dut uste, gaur soziedadean afaria eta ez-dakit-nora festara. Aukeratu dudan herriko edo inguruko lagunen bati WhatsApp bat idatzi: “Ei, aspaldiko! Zer moduz gabiltza? Gaur gauean saio honetara joateko asmoa daukat eta afalduko al dugu zerbait elkarrekin, aspaldiko partez? Badugu eguneraketa batzuen premia…Esango didazu, muxu <3!”.

Lerdea ahoan, telefonoa oinetan eta begiak ireki ezinda, arratsaldeko bostak eta erdietan iratzarri nau lagunaren mezuak; baietz dio, ez duela beste planik eta abisatzeko herrira heltzean. Eskuarekin muturra garbitu dut, eta dutxa azpira abiatu naiz, begiak oraindik erabat ireki gabe. Dutxatuta, jantzita, eta prestaketa guztiak amaituta, lagunari abitzear nintzela abisatu diot, eta ordu erdiko bidaian zer entzungo dudan erabakitzen saiatu. Ez dut halako erabaki handirik hartzeko indarrik izan, eta irratia piztu dut.

Afaldu ondoren, saiora abiatu gara helatu banarekin, hizketan. Bi pausotik behin gelditu gara, elkarri eskumuturra hartuta eta begiak zabal-zabal irekita, kontatutakoari behar besteko garrantzi eta indarra emateko.

Saioa amaitu denean, kotxerainoko bidean, komentatu dugu udako gauetako bertso-saioek badutela zerbait berezia; badirudiela helatu bat eskuan eta jertse fin bat soinean izanda, bertsolaririk ohikoenak dituen lekurik ohikoenetako bertso-saiorik ohikoenak ere erromantizatu egiten ditugula; baina horrek egiten duela, agian, gaurik beroenetan bertso-saiorik freskoenak entzun ahal izatea.

Iluntze polit-polita pasata, kotxean sartu eta etxerako bidea hartzera nindoala, gogoratu dut gaur koadrilakoek soziedadean afaldu dutela eta ez-dakit-nora joan direla festara. Kuku bat egitera joan naitekeela pentsatu dut, ez diezadaten berriz ere leporatu bertsoen aitzakian beraiekin atera ez naizenik, ez diezadaten berriz ere esan friki bat naizenik. Neure buruari zin egin diot, hala ere, ez naizela luzatuko. Parrandarik ez: trago bat, kontu batzuk, eta etxera.

Bluetooth-a konektatu eta playlist-a aukeratu dut: “Juergarakoak”. Benga, trago bat eta etxera.

Baina ez naiz frikia
Arg: Kristine javashvili
Baina ez naiz frikia  Baina ez naiz frikia