Libe Goenaga
Libe Goenaga

2025-11-02

Balioak

Balioak –

DOINUA: Dama gazte polit  bat I

 

 

Ordaintzen degunetik

ohe estalia

bizitza da jabetza

eta plusbalia

hara balioaren

parafernalia

baserritik bizi den

batek bidalia

 

 

Pentsua kostatzen da

bi euro zehazki

esne litroa zero

berrogeita zazpi

euri ura hileko

hirurogei azpi

kobratzen badizute

ez zabiltza gaizki

 

 

Autonomoen kuotak

zazpiehun eta bi

laura ez dira heltzen 

hogei kilo gari

behintzat ateratzen da

doako, opari

kiwiak lapurtzea

nekazariari

 

 

Hortik kanpora ere

hamaika aurrezki

joaten omen zaizkio

pintxotan errezki

bertsoak, San Mamesen

bospasei abesti

zor duenarentzako

guztia garesti

 

 

Hogeita hamar euroz

azkazalak zaindu

tinterako daukanak

bizitzeko lain du

alokairua nahiz ta

laguntzez apaindu

irakasleak ere

ezin du ordaindu

 

 

Amaitzen ez den tren bat

ordaintzeko bete

garraio txartelean

nahi aina bilete

kotxea ere ez da 

aterako merke

Donostiko zentroan

sartu badaiteke

 

 

Ehun eurotan erosten

da emakumea

mila eurotan modako

mugikor xumea

bi duroren truk josten

ari da umea

arropaz betetzeko

saltokigunea

 

 

Egurra, haragia,

yogurra, gaztaina

zerrenda ugaritu

nezake nahi aina

bertso-sorta honetan

ez nuen nahi baina

zerrendatu besterik

lanaren ordaina

 

Balioak