Oier Etxeberria
Oier Etxeberria

2025-12-30

Behi euskaldun baten aerodinamika

Behi euskaldun baten aerodinamika –

Behi euskaldun baten aerodinamika

Badakizue zergatik egiten duten hegazkinek hegan? Bi baldintza bete behar dira nagusiki: lehenengoa da aurrerantz mugitu egin behar duela. Bigarrena berriz hegoen forma da. Txoria martxan hasitakoan airea pasatzen da hegoen gainetik eta azpitik. Bi eremu hauetan geometria desberdina denez, aireak hartzen duen abiadura handiagoa da goian behean baino. Honek, presio diferentzia eragiten du, eta presio diferentziak bere pisua gainditzeko besteko indarra gorantz.

Aerodinamika, airearen eta beste gasen mugimendua eta hauek gorputzen inguruan duten eragina aztertzen duen fisikaren adarrari deritzo. Eskolako buruketek beti gutxiesten dute airearen marruskadura. Aitzitik, errealitatean saihestezina da bere eragina.

Interneteko txorakeria artean, oso hedatuta dago behien aerodinamikari buruzko txistea. Zalantzan jarritakoa honakoa da: behi baten geometria horizontalean behar bezain azkar desplazatuko balitz, posible ote litzatekeen presio diferentziak pisua gainditu eta airean mantentzea. Simulazioa gauzatu dutenek diote, beharrezko abiadura handiegia litzatekeela, 1000km/h inguru, eta beraz ez dela bideragarria.

Itxura batean zentzurik ez duten blogetako ekarpen eta meme multzo honen oinarria, zalantza aldrebesen planteamendua da.  Asperdura, zientziaren oinarriak eta irudimena elkartuta, inolako erabilgarritasunik ez duten baina dibertigarriak diren agertokiak eta eztabaidak sortu daitezkeelako.

Ez dakit absurdoa ote den irtenbidea, baina sinetsita nago absurdoaren arbola astinduta, jenialitatearen sagarra erori daitekeela.

Zaila da jakiten zergatik biralizatzen diren Tiktokeko bideo batzuk, eta ez besteak. Irrazionalak diren bezala hegazkinetako kaxa laranjari kaxa beltza deitzea, edo Ezkioko trenaren geltokia.

Aerodinamika neurtu ahal izateko, aurrena behi euskalduna definitu beharko genuke. Askoren ustetan, behi euskaldunak Piriniar arrazakoak, Nafar kastakoak edo Betizuak baizik ezin lukete izan. Zenbaiten iritziz Orendainen hazitako Limusinak edo Lekeitioko Blondak ere badira behi euskaldunak. Beste batzuek esango dute, abelburu euskaldunen potentzialik handiena duen lekua Caparrosoko makroetxaldea dela. Gainera, ez da berdina inondik ere esne behien eta haragitarakoen aerodinamika.

Beraz suposatu dezagun Mo, behi euskaldun bat.

Ez dakit absurdoa ote den irtenbidea, baina tarteka interesgarria litzateke egungo bertso atari aldeari Moren ikuspegitik begiratzea.

Antzarek hotza ekartzen dute. Gorbeiako artzainak zioen kabalak mendian beiti trostan zetozenean eguraldi txarraren seinale zela. Baina begiak pantailak dituenarentzat alferrik dira leihoak, eta kartolak jantzita dauzkana ez da ari markoei begira.

Markoez eztabaidan ari gara, ea batasun ideologikoak mugak deskubritzeko gaitasuna irentzen ote digun. Jotako idi zaharrak dabiltza esanaz, oraingo txahal gazteak otzanak direla establishmentaren aurrean. Entzuteko denoi gustatzen zaizkigu artista arriskatuak. Adarrak gerritik gertu pasatzen zaizkienak. Gero eta argiago daukat, diskurtsoaren interesa entzuleak txalotuko ez lituzkeen argudioak defendatzean datzala, etikoki eztabaidagarriak edo deserosoak diren ofizioetako pertsonaien paperetan. Norberari tokatutakoan, gehien egiten duenak ere ahal duena egiten du.

8 puntuko agur transzendentalak urardotu egiten dira Moren begietara. Azken boladakoetan aldi iluna bizi dugula entzuten dugu. Garai grisak datozela, etsai amankomunak zein diren eta lerratzea ezinbestekoa dela. Mo behiak dermatosi nodularra dauka nonbait. Z belaunaldikooi iruditzen zaigu munduaren akabantza dela, ez baitakigu behi eroen gaitza izan zenik ere.

Ezagutzen nauenak badaki sentsibilitate berezia dudala Santo Tomasetako txerriarekin. Urtero, herriko festa egun seinalatuan,  plazako kioskoan agertzen da ordotxa. Urtero izen desberdinarekin baina beti berbera. Batzuei ahaztu egiten zaie abelburuei egunero eman behar zaiela jaten, gizenduko badira. Haatik, odolkirik ordainetan ez jasotzea baino okerragoa da txerria etxean hazi, eta auzoan hiltzea.

Ez dakit absurdoa ote den irtenbidea, baina norbaitek esan behar liguke Mori ez diola ardura Balantzategiko leiho markoak aluminiozkoak edo PVCzkoak diren.

Etorritakoan presentziaz inor ez jabetzea. Joandakoan hutsunea antzematea. Amaierako agur frantsesena gustatzen zait. Orain kezko bonba edo mamuarena egitea esaten zaio. Edo hala esaten genion guk, hausnarketei memoriak deitu baino lehen.

Behi euskaldun baten aerodinamika  Behi euskaldun baten aerodinamika