Oier Etxeberria
Oier Etxeberria

2024-03-21

Bere neurri bat

Zortziko handi serioa, zortziko txikia umoretik, hamarreko txiki polibalentea eta habanera aspergarria. Aurreiritziak apurtzeko dauden arren, apenas egiten zaio ihes molde bakoitzean espero denari. Eskerrak neurtitzek askatu behar ziguten adierazpen artistikoa.

Bere neurri bat –

Bere neurri bat

Amerikarrek eta ingelesek, ontzak eta oinak darabiltzate luzera unitatetzat, galoiak berriz bolumenari dagokionean. Ezbairik gabe, zilegi da sistema internazionalari muzin egitea. Besteak beste ume txikiek “lo”ka neurtzen dute eskurtsiora joateko falta zaien denbora. Bi lo Abaigar edo Aubixarako. Gainera, DBHn fisikako buruketak errazegiak lirateke, ekuazioetan unitate aldaketarik egin behar ez balitz.

Gurera etorrita, oraintsu arte txahalaren kanaleko pisua erraldetan ematen zen, eta jaso-harriarena berriz arroatan. Gariarentzat neurri-ontziak lakaria edo gaitzerua zitezkeen. 12 lakarik anega bat osatzen dute, 4 imiik adina alegia. Aizkol egurrei oraindik ere perimetroa oinbete eta kanakotan definitzen zaie, 36 ontza eta 108 ontza hurrenez hurren. Hala ere, lasai abesten da Olentzeroren etorrera, arroak eta zahagiak zer diren asko erreparatu gabe.

Ezagun bat lotsatu egiten da lau lagunentzako makarroiak egosi behar dituenean, kopurua baskulan kalkulatzen duela esaten. Amona zenak ikusiko balu. Kordelaren ordez begia darabilen igeltseroak fama txarra izaten badu ere, batzuk asmatzen dute atzaparkada bat perrexil, tipula pittin bat eta haragi mutur batekin emaitza goxoak prestatzen. Primeran deskribatzen da gosaria, kikarakada bat kafe edo antuxunkada esne hartu duzun esanda.

Astronomian, planeten arteko espazioa argi urtetan dimentsionatzen da. Pernando amezketarrak proposatzen zuen teoriak ere, denbora darabil lurraren eta ilargiaren arteko distantzia definitzen duen luzera unitatetzat: “Zenbat denbora behar lukeen / orain noa esatera / errotarria fraidea balitz / konparazio batera / hamaiketako botako balu / jainkoak zerutik behera / hamabitako iritsiko zen / bikarioan atera”. Ildo berean, Lazkao Txikik are zehaztasun handiagoz esplika zezakeen bere hanken luzera: lurreraino iristen omen zitzaizkion, juxtu.

Azken aldian, modan dago mendiko lasterketei izena jartzeko, ibilbidearen luzera miliatan adieraztea. Ehunmilak, Antzuolako 8 miliak edo Domusa Teknik 40mlk.

Agidanez, hanka zulorik handienak ere neurriarekin egiten dira. Ezin genezake esan kirol diziplina bat (edo beste edozein jarduera), termino absolutuetan ona edo txarra denik, nutrizionistek elikagai onak eta txarrak bereizten ez dituzten bezala. Bakoitzak norberari egokitutako dosian asmatzean datza gakoa. Ontzatan etortzen da txokolatea.

Minimalistek eta influentzerrek diote gutxiago gehiago dela. Egia izateko baieztapen unibertsalegia dirudi. Halaber, baratzean porruak sartzerakoan adibidez, geroz eta ugariago landatzeak ez du uzta hobea ziurtatzen. Beraz sarri-bakanarena optimizazio ariketa bat da, matematikako liburuetan bezalaxe.

Tailerretan, muntaketa mekanikoak egiteko torloju eta azkoinak lotu behar direnean, ISO nazioarteko taula estandarrei begiratzen zaie, eta giltza dinamometrikoarekin tortsioa aplikatu. Aitzitik, badago arau unibertsalago bat torlojuak zenbat estutu deskribatzen duena: Bere bat. Nahikoa, baina ez gehiegi. Eusteko lain, puskatu gabe.

Beste ekitaldi askorekin bezala, txapelketa datorren honekin, kosta egiten da erlatibizatzea. Konpromisoren bat daukagunean, ahalik eta mimo gehienez prestatzea komenigarria da. Ordea, asko eskainiak asko zor izaten du. Eta bideaz gozatu behar da, noski, baina kontuz zaku hauskorrak esperantzaz gehiegi betetzearekin.

Sariketa edo saio epaituen aurretik, Imanol Lazkanok behin baino gehiagotan kontatu izan digu, 80. hamarkadan txapelketei forma eman nahian ari zireneko pasadizoa. Epaileak urduri omen zeuden lan berriak nola egin ez zekitelako. Orduan, norbaitek bota izango zien egoteko lasai. Bertsoa ez dagoela neurtzerik, ez metro zintarekin, ez baskulan. Ahal beste saiatuta ere, ez zutela ondo egingo.

Bere neurri bat  Bere neurri bat