Bertso oparia

Esti Arozena

Esti Arozena

2021-12-20

Bertso oparia –

Izenburuak horratara eraman badezake ere, ez du zerikusirik duela zenbait urte eskaria online egin eta lauzpabost bertsolarik,  bertsoak oparitzen zituen aukera harekin. Bat bateko testu motzetan nabarmen trebatzen ari garelarik, parentesi bat da bertso oparia. Zuzendua, sentitua, pentsatua, errimatua  idatzia, apaindua eta kantatua. 

 

Bertso oparia

 

Gure esker ona adierazteko, gure bertsoa merezi duen eta gustora jasoko duen bati zuzendua. Eskertza horren mamia pentsatu eta bukaeran jarria, pentsatua beraz. Kartulina bat erditik doblatu eta liburua bailitzan eskuin orrian idatzia. Azkenik, nahi bezala apaindua, etxera eraman, abestu eta eskura oparitzeko (posta arruntez bidaltzea ere estimatzen den aukera da).

Nere ikasleek abenduan egin ohi dute. Norbaitek erran dezake, gabon kutsua duela ohiturak, eta bere ikasleak ez direla kristauak. Agian arrazoi du, baina edozein egun edo hilabete da ona opari bat egiteko (eta hobea jasotzeko), baita abendua ere. Goazen bada, arrakasta duen proiektutxo hau nola egin daitekeen azaltzera:

Miren Amuriza eta Maddalen Arzallusek, 2010. urteko bertso eguneko afalondoan,  egin zuten bertso musikatuen bideoa jartzen dut klasean. Bertsio desberdinak daude, nik Gabi de la Mazak hitzak erantsi dizkion bertsioa ikusten dut, bideoa ikusiaz batera abestu dezaketelako. Badago bertsio luzeagorik edo baita azpitituluak gazteleraz dituenik ere… bertsio guziak kontutan hartuz, 1.000.000 ikustaldira hurbiltzen ari den bideoa da. Bada zerbait, euskaraz, eta hain luzea (gaur egungo kontsumo ohituren arabera) izateko.

Ohartxo bat: Kanta hau jarri aintzin jakin behar da talde horretako ikasleen artean ba ote den norbait amarik ez duenik edo amarekin harreman zaila duenik… Hala ere kanta jartzea erabakiz gero, egoera kudeatzen errazagoa izanen da informazio hori izanik.

Azken bertsoan egiten dut azpimarra. Idatzia ere erakusten al zaie pantailan bertan. Galdera nagusi bat erantzutea du helburu zatitxo honek: zer pentsatu dute lehendabiziko, “Etxe barruko lamia eta inguruetako dama” edo “eskerrik asko guztiagatik asko maite zaitut ama”. Kasu honetan erabateko adostasuna izaten da, argi ikusten da lehenik “asko maite zaitut ama” pentsatu zutela.

Honat iritsi eta euren bertsoarekin hasiko gara: Nori oparituko diot bertsoa, nork merezi du nere bertso bat, nork jasoko du gustora nere bertso bat? Ba hareri oparituko diogu! izan daiteke ama, aita, biak, osaba izeba, familia osoa, zaintzailea, amatxi, atatxi, irakaslen bat…

Nori egin erabaki ondotik, bukaera polit bat pentsatu behar dute. Denak agian ez dira gai izanen neurrian egoki sartzeko…laguntzarekin ziur baietz. Ondotik errima zerrendatxo bat egin eta azken oharrak: bertsoa osatzerako orduan,  izan dadila pertsonalizatua, gauza zehatzekin, izen abizenekin, etxearen izenarekin, errezeta konkretuak edo bidai jakinak.

 

Errepasoa, zuzenketak eta kartulinara! Honatx adibide bat:

 

Iturria abizena

Juan Mari izena

Odolean daukazu

poztea etxe dena

zorionak atautxi

zu zara hobena

zuk irautsi didazu

nik badakitena.

 

Pentsa ze poza atautxirentzat! Anima zaitezte ikasleekin hau egitera. Arrakasta segurua da!

Bertso oparia Bertso oparia