Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2020-05-18

Bertsonak

Bertsonak –

Bertso plazak etenda dauden honetan, utzi didan hutsunea ulertu nahian nabil. Badakit beste milaka kultur ekitaldi ere eten dituela larrialdi egoerak, eta badakit, bertso plazak ahal den neurrian berrasmatu eta berpizteko ahaleginak egin direla han-hemenka. Baina daukaguna galdu arte estimatzen ez dugunez, balio beza etenaldi honek plaza ere galdu aurretik estima dezagun.

 

Bertsonak

 

 

 

Bertsozale garenok egunez egun estimatzen dugu plazaren balioa, eta bertsolari bezala parte hartzeko pribilejioa dugunok ere bai, maiz kilometro pilatuek eta lo-ordu bilatuek kontrakoaren itxura eman arren. Ez dugu, ordea, plaza hain berezi zerk egiten duen deskribatzen jakiten; eta larrialdi egoerak galdera iraultzeko aukera eman digu: zer falta zait? Zergatik tristura hau, hustu den agendari begira?

Pragmatiko jarrita, esan liteke galdutako diru-sarreragatik dela; egolatra jarrita, asteroko txalo-dosiaren abstinentzia sindromeagatik dela; erromantiko jarrita, Euskal Herrian zehar aurrez aurre kantatzeko ezinak ito gaituela. Baliteke horietako bakar bat ere gezurra ez izatea. Baina plaza etenak eragindako tristura hori ez dute justifikatzen, hirurak elkartuta ere, nire kasuan.

Gogoan dut plazan hasteko zortea izan nuenean, miresten ditudan bertsolariekin jarduteko luxuaz gain, izugarri gozatzen nituela saio aurre eta osteko meta-bertsolaritza analisiak, baina baita uneari buruzkoak ere. Azken bi hilabeteotan mila bider harrapatu dut nire burua bizi dugun egoeraz halakok ze bakarkako, holakok ze txiste, hark, ze galdera eta honek ze hausnarketa botako lukeen pentsatuz. Pentsatzeko espazio humano izugarri interesgarri bat eman dit bertsogintzak, kide izateko zortea dudan bertso eskola bakoitzetik hasi eta osatu dudan plaza bakoitzeko antolatzaile zein entzuleraino. Horiek dira bertsonak, bertsoak nire bizitzara ekarri dituen pertsonak.

Bestetik, bertsoak eman dit pentsatzeko espazio artistiko bat ere. Mundua ulertzeko talaia bat, bat-batean aritzeak nire buruari onartu gabeko puntutaraino sakontzen duena. Bidezidor bat, nire pentsamendu ez pentsatuetara. Nire buruaz asko ikasi dut mikrofonoan, ez nekizkien egiak atera izan baitizkit bat-bateko ariketa edo jolas horretan, sekula nire buruari egin gabeko galderak airean erantzun beharrak ekarrita. Abilago direnek galbahe hori mantentzen asmatuko dute, baina etxera bidean deskubritutako pentsamendu berri hori murtxikatzen itzuliko dira. Horrek ez du preziorik. Bertso onak baino gehiago izan dira, bertsogintzak piztu dizkidan pentsamendu printzak.

Agian horregatik ase nau hainbeste, bi hilabeteren ostean, publikorik gabe eta distantzia anti-naturaletan egindako saioetan kantatzeko aukerak. Bertsozale bezala bertso onak entzuteko aukera eman didalako (kantatzeko sekula ez baita nahi beste); eta batez ere, bertsonak topatzeko aukera eman didalako. Elkarrekin berriz pentsatzeko, kantatzeko, gozatzeko, marrazteko, eraikitzeko aukera. Hori guztia eta gehiago baita, bertso plaza.

Bertsonak