(Beste) Injustizia bati jarriak

Joanes Illarregi

Joanes Illarregi

2021-01-26

(Beste) Injustizia bati jarriak –

Doinua: Hemen zizurkildar bat

 

 

 

Hitz egiten badugu

gazte eta herriz

bi izen idatzita

daude letra larriz

uste genuenean

pasa zela neurriz

“dena da ETA”-rekin

kontaktuan jarriz

Audientzi Nazionala

bueltan dator berriz

 

 

Akusazioa da

trinkoa, zuzena

aspaldi jo-puntuan

zen euren izena

baina jakin nahi nuke

zein den funtsa, sena

zer den benetan bertan

epaitzen zaiena:

aurkitu dena edo

aurkitu nahi zena?

 

 

Nahiz eta teorian

den bake garaia

batzuk nahiago dute

polbora usaia

Madrilen hortzak zorrotz

oraindik etsaia

gezurrak saltzea da

betikoen nahia

epaiketa baino lehen

prest dago epaia

 

 

Batzun militantziak

zenbat enbarazu

Aitor ta Galderrentzat

Madrilera pausu

ikusirik hainbeste

ankerkeri kasu

Estatuko makinak

eman duela su

burura etortzen zait

berriro Altsasu

 

Kasuak ilusio

faltsu asko hil du

baina ezin da euren

jokoan murgildu

nahi dute jokaldia

ongi borobildu

beldurra erein eta

agintea bildu

bi atxilotu eta

herri bat isildu

 

 

Zortzi urte eskatuz

batekoz besteko

nahiko arrazoi bada

kalera jaisteko

ireki diren auzi

guztiak ixteko

hemen azken ohar bat

inoiz ez ahazteko

herri bat duzuela

zuek babesteko

(Beste) Injustizia bati jarriak