Ruben Sanchez
Ruben Sanchez

2025-06-17

Biga tuberkulu

Aurrekoan esaten nuen gisan nahiko nuke “arnas puruagoa biriketaratzen duzuen euskaldunok bertsotan zergatik garen hain txarrak ulertzea. Eta, agian, egunen batean elkar maitatzea”. Bertsogintza kontrako norabidean joan da ia beti, eta ez da zalantzarik bide horretan jarraituko duela. Zutabe hauek bertso txardun motxila txiki bat ere bizkarreratu dezagun proposamentxoa dira.

Biga tuberkulu –

Biga tuberkulu

Nire ama hizkuntza (gaztelania) eta nire erabakiz ikasi eta gehien erabiltzen dudana (euskara) belarri banatik sartuko balitzaizkit Jekyll doktorea eta Hyde jaunaren sindromearekin biziko nintzateke ia.

Jekyll doktoreak bere belarritik gaztelania entzungo luke abegikor, jasanbera, pazientziadun, irribarrez. Gozatuko luke Julio Cortazar irakurtzen, bai eta porro bat erretzen Magrebetik duela hiru urte heldutako Moharekin hizketan. Ahoskera eta azentu ezberdinak entzungo lituzke jakin-minez, bai eta gaztelania ikasten ari direnena ere. Agian istorio ederrak jasoko lituzke, Amets Arzallusek Ibrahima Balderi bezala.

Hyde jaunak euskaltzain bat eta euskaldun zahar bat edukiko lituzke belarri bakarrean, nor baino nor. Euskaltzainak ergatiboak, komunztadurak eta Nor-nori norkak zainduko lituzke; euskaldun zaharrak gaizki ahoskatutako txistukariak, azentu txarrak eta hitz ordenak. Euskara ikasten ari direnen ebakera txar bakoitza entzungo luke armoniaren disonantzia bat bezala belarriko minez, eta esaldi baten barruko etentxoak osatzeko tentaldiari ezin eutsita mingainari kosk egiten ibiliko litzateke mingainaren minez.

Baina, mesedez, inoiz ez dakiola falta Arabako bertsolaritzari bertso txarrik. Batez ere, errima joaten zaizuneko une mistikoa bere paradinha eta guzti, ralentizatzen zoazenean silabaz silaba motorra gelditu eta jende guztiaren ebidentzian geratzen denean joan zaizula unibertso neuronalean barrena zulo beltzen batetik. Ez daitezela desagertu ahoskera txarrak: ixa bihurtzen diren zetak, zeta bihurtzen diren eseak eta esezetak eta ixaeseak. Ez dakiola falta, noizean behin, ergatiborik gabeko esaldi ergatiboduna eta are politagoa den ergatibo beharrik gabeko ergatiboduna. Bertso etilikoak, kanabikoak, kokainikoak, zergatik ez. Bertso-meléak eta peleak.

Bazen hala bedin “Euskaldun Txarrak” izeneko irratsaio bat, AEK-ko ikasleek egina. Kuña zen: “Zer gara gu? Euskaldun zaharrak? Eeeeez. Euskaldun berriak? Eeeeez. Gu euskaldun txarrak gara!”.

Zergatik ez dugu antolatzen bertsolari txarren txapelketa bat sari eta guzti? Razzieak edo anti-oscarrak egiten diren bezala.

Nago gehiegi homologatu garela, baina garaiz gabiltza. Ez dago gauza ederragorik bertsotan ikasten ari den bat bertsotan saiatzen ikustea baino, eta euskara ikasten ari den bat euskaraz entzutea baino.

 

*Holako burutazioak izan nituen Arabako bertso kuadrillartekoan epaile izan nintzenean azken neguan. Akats batzuk joan ziren (baita bertso ederrak eta xelebreak ere), baina benetan, oso oso ondo pasatu (ge)nuen, eta ni behintzat berradiskidetu nintzen (Arabako) bertsolaritzarekin.

Biga tuberkulu