Bizitzaren ederra

Fredi Paia

Fredi Paia

2020-11-01

Bizitzaren ederra-

Doinua: Anbotorekin trukean

1-Hara zer garai, dena lehergai
haimaiketako arimen kanpai
mugarri zaharrak muga berritzat
gaitz globalaren sendagai (bis)
Gerra danbor hotsa nonahi
irria profeten etsai
Lanbide entxufebako kai
Zer dela eta sentitzen naiz ni
horren ondo, horren lasai?
Zeozer nigan ez dabil ondo
ala ez naiz ulertzeko gai? (bis)

2-Bertsolaritza, sorgin jakintza,
lagun eidazu, nondik zabiltza?
Nire ahotik irten dadila
harr(g)ituko nauen hitza (bis)
Abesten den argi printza
doinuz deitzeko baldintza
barruko ateko giltza
Azken puntuen dimentsiotik
heldu da mezu bortitza:
Bi gauza guztiz ezberdin dira
mundua eta bizitza. (bis)

3-Auto berria, panpin gerria
plazer-minaren jolas zerria
beldur isilak loratutako
plastikozko udaberria (bis)
Jopu erabilgarria
da jatorren jatorria
ausartaren hilarria
Zer den mundua, kronometro bat,
krokodiloen irria
zein Cocacola asko edanda
ase nahi den egarria (bis).

4-Ez da katxea, ez da igotzea
ez da plazerra, ez da ez hiltzea
ez da zugandik kanpo dagoen
ezer ere bilatzea (bis)
Bizitza da bizitzea
zu nor zaren aurkitzea
oraina du bere etxea
gure eskutan ez dagoena
ez dagoela onartzea
munduak kartak banatu arren
maitasunez jokatzea (bis)

5-Quosque tandem, gizakiaren
baratz pozointsu, barne zoramen.
Aurrerapenak gidatzen gaitu
eta zein atzean gauden (bis)
Bakoitzak bereei amen
artaldearen gozamen
nola ardiratsuak garen
Munduarentzat sei hilabete
bizitzaren ordu laurden
Usteldutako munduan ere
bizitza zein ederra den (bis).

 

Bizitzaren ederra

 

Bizitzaren ederra-