Gaia

Iker Gorosterrazu

Iker Gorosterrazu

2020-11-01

Gaia-

Azken urteetan gai jartzaileek protagonismo handiagoa hartu omen dute. Aurkezlearen figuraz ari zen, noski, nahiz eta gehien gehienetan persona bera izan biak. Hala aipatu zidan aurrekoan ezagun batek. Baieztapenaren inguruan pentsatzen egon ondotik oraindik ere ez dakit ados ote nagoen baina gauza bat argi dut: gai jartzaile zein aurkezleen lana ez dela jendeak uste duen bezain erraza eta merezi duen begirunerik ez duela oraindik bertsotan aritzen garenongandik hasita. Izan ere, zenbatetan kexatu gara gure bertso txarrak gaiaren ondorioz izan direla inplizituki erranez?

Bertso eskolan astero biltzen garenean bakoitzak hainbat gai pentsatuta izan behar ditu eta beti bezala inprobisatzeko joera izaten dugu. Aitzakiak aitzaki, gai onak pentsatzeak dakarren denbora hartzea oso zaila baita guretzat ere. Baina zein da gai txarra eta zein gai ona? Badago gai txar eta gai onik? Gai guztiek heldulekuren bat izan dezakete eta bertsolariak helduleku horiek aurkitzen asmatu behar du tema edozein delarik ere. Hala ere, gaiaren araberako bideak anitzak ala murritzak izan daitezkeela ez dut zalantzarik.

Gaurkotasunari buruzko gaiak nagusi dira plazetan nahiz eta bertso saio guztietan egonen den gai atenporalik ere. Azken aldian denok dakigu zeri buruz kantatu dugun gehien eta aunitzetan eremu guztietan hain errepikakorra den arlotik kanpo kantatzea ia ezinezkoa da. Aipatu gabe ere badakigu zeri buruz ari garen. Gauza berari hainbatetan abesteak ez al digu aspertzen? Eta entzuleak ez al du bertze zerbait entzun nahi? Baietz erranen nuke.

Bertsolarien antzera gaiak jartzen ibiltzen direnek ere blokeoak izanen dituztela sinetsita nago, paper txuriaren aitzinean orduak pasa arren deus egokirik aurkitzen ez duten momentua. Bertsotan ari denari, ordea, goraipatzeak zein barkatzeak esplizituki egiten zaizkio eta gai jartzailearen lana ez da aunitzetan modu berean baloratzen.

Kostata baina atera zait gai jartzailearen gaia niri ere eta modu xume honetan eskertu nahi nieke egiten duten lan bikaina. Eskermila!

 

Gaia

Iturria: bertsozale.eus

Gaia-
Gaia-