Enare Muniategi
Enare Muniategi

2023-03-29

Buklean

Buklean –

Min ematen digun kanta, azken hit-a, zein betidanik gure gogokoena izan dena entzuteko modua izan daiteke buklea. Behin eta berriro, entzun eta berriro ere, ostera ere. Ezin gelditu.

 

Buklean

 

Pirouette bat egiteko ahaleginetan dabilen ballet dantzaria, hanka baten gainean jarri eta buelta, buelta, buelta eta buelta. Burua gorputzaren erritmora, hain arin ze ia igarri ere ezin dela egin buruak 360 graduko bira ematen duenik. Eta hamaika pirouette-en ostean, hori gutxi ez eta ondo amaitu behar, firme eten behar mugimendua. Buklean egindako biraketa bat-batean gelditu behar, burua birinboloka, barrutik txiribueltaka izango ez balu legez, disimuluan ari da dantzaria. Eta hau ere buklean.

Behin eta berriro, birritan eta berriro, hirutan eta…atzera ere.

Eten ezin dugun melodia, gelditu ezin den mugimendua, gure pentsamendua hori izaten da sarritan, gelditu nahi eta buklean dabilena. Kantu bat play eta stop emanda hasi eta bukatzen da, gorputzarekin indar eginda hasten edo eteten da pirouette bat, baina pentsamendua? Non du itzaltzeko interruptorea honek?

Doinu bat ez da botoi bati klik eginda hasten gure buruan, batzuetan inkontzienteki hasten dira lehenengo konpasak entzuten, horren atzean gu ez bageunde legez. Eta sarritan ez dugu jakiten behin eta berriro abesten dugun zortziko txiki hori zelan ez abestu, batzuetan besteek ez dute entzuten barrurik trarala triliri-ka  gaudenik ere, baina hor barruan dago, play eman eta stopeko botoirik ez duen mp3 formatuko audioa, buklean.

Lanera bidean entzun behar ez nuen elkarrizketa batetik ateratako ideia bat buelta bueltaka ari da nire barruan, eta hamar zortzian jartzeko esaldia behin eta berriro eraikitzeko ahaleginean… horrela ez errima faltagatik, bestetara ez da ulertzen mezua, hau pentsatzen ari naiz baina gero seguru ez zaidala jendaurrean bururatzen. Ideia horiek ere buklean, negatiboki eraikitakoak berezko kapazidade hori izaten baitu, behin sartu eta hor geratzen da betiko, buklean, irratian jartzen duten azken hit-a izango balitz bezala.

Buklean jarritako doinuaren konpasean pirouette-ak egiten dabilen dantzaria da gure pentsamendua. Agian ez du itzaltzeko botoirik.