Eli Zaldua Barquin
Eli Zaldua Barquin

2026-04-22

Dena aldatu daiteke

Dena aldatu daiteke –

Doinua: Dena aldatzen da

 

Karga kenduaz gainetik
itzaliz barne motorrak
ez al dira parentesi
moduko batzuk oporrak?

 

Kanpora joan ohi gara
helmuga on bat tarteko
gure egunerokotik
azkar ihes egiteko

 

Batzuek egitaraua
ta besteek deskantsua
baina ez dadila izan
parentesia antzua

 

Ta ibili ohi garenez
beti urduri antzeko
aprobetxatu nahi nuen
pixka bat erlaxatzeko

 

Lasai egon ta denbora
oso motel pasa zedin
asteroko errutina
behingoagatik desegin

 

Eguzkitan etzanda ta
paradisuzko lekua
ia izan zitekeen
nire egun perfektua

 

Baina ezin gara guztiz
lasaitu azken finean
uneoro baitaukagu
hodei handi bat gainean

 

Ez zaitez egun osoa
hortxe etzanda geratu
ez zaitez nagia izan
lan pixka bat aurreratu

 

Ta edukiko bazenu
datua jada ahantzia:
aurreko urtean hobe
zeneukan bainujantzia

 

Kirola egin ta x
pausu egun bakoitzeko
azkenaldian jandako
guztia orekatzeko

 

Begiratu ingurura
analisiari ekin
turista bat zara horrek
dakarren guztiarekin

 

Mezuak idatzi ta ez
ahaztu zure lagunak
ez zabiltza ondo zaintzen
eta maite dituzunak

 

Uneoro gogoratu
zure papera gainera
astelehenean itzuli
behar zarela lanera

 

Nahiz ta ondo zaudenaren
plantak egin oporrekin
nor engainatu nahi duzu
finean fartsa honekin?

 

Jasanezina da hodei
horren azpiko itzala
ta ekaitz bihurtzen ari
da denbora pasa ahala

 

Ihesa ezinezkoa
ez al da mundu honetan?
logika hau sartzen zaigu
zirrikitu guztietan

 

Bizitza bat nahiko nuke
baldin badago biharrik
ez duena irudizko
parentesien beharrik

 

Ta horretara heltzeko
bidea nola bilatu?
egin behar duguna da
agian dena aldatu

 

Arg: Chris F
Dena aldatu daiteke