Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2021-09-21

Dena aldatzen da

Dena aldatzen da –

Gauzak asko aldatu dira, pandemia kontuan izan gabe ere. Bertsogintzan ere, batzu-batzuk ari dira aldatzen, LABIren erabakien arabera izan gabe. Ez baita dena, bertso-doinu, edo plaza-giro, edo bertsokera, edo norbera. Batzuetan guztien arteko elkarrekintza da, aldatzen dena.

 

Dena aldatzen da

 

Demagun, aspaldi entzun gabeko zerbait entzun duzula plazan; gainditutzat jotzen zenuena, beste garai batean txiki sentiaraziko zintuzkeena. Demagun, harritu egin zaituela, mindu baino gehiago. Imajina dezagun, entzuleei ere harridura hori sumatu diezula. Jo, garrantzia handirik eman gabe pasatzen utzi eta normal joan dela kontua (beste garai batean joan zitekeen bezain normal, behintzat).

Harritu egin zaitu, mindu baino gehiago. Beste garai batean txiki sentiaraziko zintuzkeen. Gaur ez. Ez dakizu zu aldatu zaren, ala entzuleak, edo hori kantatu dizuna, edo giroa, edo plaza, edo megafonia. Eta ez du inporta.

Dena aldatzen da, entzun bezain pronto atzetik beste bertsokide batek babesa adierazten dizunean, bertsoaldia amaitzean segundo erdiz gertatu dena komenta dezakezunean (gertatu dena azaltzeko premiarik gabe, ohartu direlako); dena aldatzen da, entzuleek entzun dutena saritu gabe harriduraz hartzen dutenean, zurekiko begirunea antzematen diezunean; aldatzen da, teknikaria ere aipamena eginez gerturatzen zaizunean, edo betiko bertsozale batek bila etorri eta ulermen keinua egiten dizunean.

Entzun duzuna ez da aldatu, baina agian entzun dena aldatu da, entzulea aldatu delako. Edo zure entzumenak dagoeneko ez du frekuentzia hori hartzen; edo bertsokideak dira orain hartzen dutenak. Ez du inporta.

Beste garai batean txiki sentiaraziko ninduen. Gaur ez. Eta inporta du.

Ez dakidalako zer aldatu den, baina agian txiki sentiarazten ninduena ez zen entzun nuena soilik; beste guztia baizik. Eta behar nuenean ez nuen babes, begirune, aipamen edo keinurik aurkitu. Baina, zorionez, dena aldatzen da.

Dena aldatzen da