Dudarik gabe –
Powered by RedCircle
Badira hilabete batzuk lehen aldiz Tik-Token sartu, gustatu eta bertako edukiak kontsumitzeko ohitura hartu nuenetik. Sekula ez naiz bideo bat sareratzera ausartu. Beharrik ere ez dut sentitu, baina gustatzen zait egunero algoritmoak iradokitako bideo motzei tarte bat eskaintzea. Badakit tarte hori ariketa fisikoa egiteko, bertsokera lantzeko, gela txukuntzeko edo bertzelako jarduera aprobetxagarriago baterako erabili nezakela, baina ez diot inori azalpenik eman beharrik, ez?
Behin, behatz potoloa pantailan irristatzen ari nintzen horietako batean, Arraio Irratiko Galdedebalde saioko bideo bat agertu zitzaidan.
Lau tertulia-kide mahaiaren inguruan (soinu teknikariarekin bortz). Eta gidarietako baten galdera: “Zer da berriz lehenengo aldiz egingo zenukena zure bizitzan?”
Galdedebaldera joatea, kontzertu bat ematea, kotxeko karneta ateratzea, Santiagoko bidea egitea…Horiek izan ziren boteprontoan botatako erantzunak.
Nik ez nuke dudarik eginen: berriz ere urte batzuk gibelera egin eta bertso eskolara joan nintzen lehenbiziko egun hura errepikatuko nuke. Hamabi urte bertzerik ez nituen baina atzo bezala gogoratzen dut… Arranoko bulegoko gela ttikia. Denak borobilean eseriak, lau oinekoak eta bukaerak zituzten orri puskak mahai gainean, bakoitza bere lau oinekoa eskutan… Ekhine, Xabier, Alaitz, Erika, Eneritz, Saioa, Jon, beranduxeago bokadiloa eskutan sartu eta Manolok kargu hartu zion Imanoli… nerabe koadrila ederra!
Hasteko, ahotsak berotzeko, paperean idatzita geneukan bat-bateko bertsoaldi antologiko bat elkarrekin kantatu genuen (edo saiatu, batzuetan ez ginen tonura heltzen eta). Mahaitik papertxo bat hartu, eta hala! Bertsoa osatu ahala txandan-txandan kantatzera!
Inguruan nituen gehienak artean ezezagunak izan arren, erraza izan zitzaidan kantuan hasteko lehen pausoa ematea. Izan ere Bertso eskolak bazuen (eta badu) bertze diziplina aunitzek, orduan behintzat, ez zutena: errespetua. Bertso ona bota, txarra bota, poto eta guzi bota, bertso erdian trabatu… berdin zion. Han, inork ez zion inori deus erraten, ez eta gaizki eginez gero baztertzen ere.
Tira, hori eta bertzela ere gure bertsoa pentsatzeko belarriak tapatzen genituenez, ez genuelako apenas kasurik egiten, noski!
Baina, egiari zor, han denak berdinak ginen. Ongi aritzen zirenak, gaizki aritzen ginenak, beteranoak, hasi berriak… Manolok denak berdin tratatzen gintuen. Hori probatu nuen bertze hainbat arlotan ez zen pasatzen. Baina tira, nire esperientzia fustratuei buruz bertze batean idatziko dut.
Ortzegun hartan, hurrengo ortzeguneko 20:00ak iristeko gogoz etxeratu nintzen. Geroztik, azken urteetan bereziki, irailero eman dut izena bertso eskolan, baina lehen aldi hura, lehen aldia izaki, berezia izan zen.
1993ko martxoaren 25 hartan hasi zen dena, eta dudarik gabe, hori da errepikatuko nukeen lehen aldia.


