Ea moldatzen garen –
Lehen eskola eguna/ negar iturri emankor, lehen plaza oso gaizki/lehen mozkorra oso mozkor. Lehen musua hain arraro/nola jarri ezpainak hor, lehen zita hain urduri/ badator ta ez badator. Lehenbiziko lanpostua/ pasatu behar den malkor, lehenengo langabezia/kontzientzi hartze oldarkor. Kaixo bertsozale gure/ egoaren eusle jator. Gaur lehenengo aldiekin/ adiskidetzera nator. Horrela agurtu zuen Txaber Altube bertsolari abadiñoarrak bertsozalegoa Bizkaiko finalean, eta nik agurra aprobetxatuta, horrela agurtu nahi nuke bertsozalego irakurlea.
12 urte zituen Maitek bere lehenengo plazara joan zenean kantura. Bere adin bereko ia 300 pertsonaren aurrean euskararen egunaren harira bertso bat kantatzeko eskatuta hantxe joan zen, Salomon lokaztuak, sudadera bat eta Ternuako berokia jantzita. Hauxe zen euskararen egunaren aitzakia hartuta antolatutako egitaraua: lehenengo bertsolariak (osea ni eta nire moduko beste 3), gero eskolen arteko ipuin lehiaketaren sari banaketa eta bukatzeko eskolan joan den 25 urteetan entzun izan diren euskal kanten kantagunea. Hau da, 12 urteko nerabe batentzat planazoa, ezta? Beraz, publikoaren ehuneko laurogeita hamamarrak (edo agian gehiagok) ez zuen bertan egon nahi, baina guk gurearekin bete behar genuen. Halako batean, aurkezleak “bueno eta orain Deustuko Ikastolako gazte batzuek bertso batzuk abestuko dituzte” esan eta han irten ginen, mikroa gure neurrira nola jarri ez genekiela. Etxean idatzi eta 20 aldiz (gutxienez) ispiluaren aurrean entsaiatutako bertsoa abesten hasi eta segituan hasi zitzaidan ahotsa dardaraka. Inoiz ere ez zait egin zortziko handi bat hain luze. Finean, 12 urterekin plazara lehen aldiz irten den neskatxo batentzat, oroitzapen ideala.
Oraingoan, lehen aldia da aldizkari batean idazten dudana, hau ere erronka ederra. Jada ez dauzkat salomon lokaztuak, sudadera eta Ternuako berokia, baina atzamarrak dardarka eta bihotza taupaka dauzkat pantaila eta paperaren beste aldean. Gogotsu nator, orduan bezala, baina oraingoan ez daukat klasea galtzeko asmoz eta derrigortuta hau irakurriko duen publikorik, edo behintzat hori espero dut. Beraz, testua nire neurrira jarri eta has gaitezen.
Kaixo, irakurle. Hauxe da nire lehenengo plaza, ea moldatzen garen.


