Julen Zelaieta
Julen Zelaieta

2025-05-05

Ederbidean

Ederbidean –

Doinua: Segidilla 

 

Ederbidean

 

Lanean jai astebete,

alforjak ilusioz bete,

lau egunerako beste

burua patxada eske

Zertan joan urruti?

bideak hor eduki

seinale eta guzti

nahiz ta euritan busti,…

hemen aitzaki guti!

Aukera izan ta hola,

probextuz bertan dagola

Bidasoa-Plazaola

lotzen duen bidea

dugun Ederbidea,

behin saretik jeitsi mapa,

antolatu lau etapa,

zelaia zein aldapa

hemen duzue, ttaka!

Segidillazko “Tracka”:

 

1-Bera-Beintza Labaien

 

Ederbidean

 

Abiapuntua BERA

nire etxea (nire aukera).

ALTZATE ta EZTEGARA

pasa ta BIDASOAra…

eta le(he)n irudia:

San Migelgo zubia!.

ALKAIAGAn “trenbidea”

izan zenaren idea,:

Orduko Tren Txikitoa.

berritasunak itoa,

orain bide berdea.

Badabil bai jendea!.

LESAKA zaintzen BEREAU

Alanen, zakurrek uau uau!

Presak ere zutik dirau!

tunela pasa eta didau,

IGANTZIKO BENTETAN.

(“Berrizaun” seinaletan).

SUNBILA aldera hartuz,

tunela hor da ta kontuz!

Gero horren segidan,

Espelosinen miran,

Zubitxo bat dilindan.

Bisustako ur jauzia

bazterrean ikusia,

 

SUNBILAN,herri barnetik

pasa ta, bide beretik,

hortxe da DONEZTEBE,

bailarako errege.

Ai! agur bide berde!

segitzea dut xede.

Goian niri so hodeia

errepiderako deia;

Lau mila ta berrogeia

hartzea nere ideia.

Kaxkartu da denbora,

hala ere  gustora!

DONAMARIn edo OIZEN

laua utziz,maldak goitzen,

(bat ez da hontara ohitzen!)

ta bat-batean URROZ.

Leurtzan bañu bat gustoz

hartuko nuke baina

hantxe da, Alajaina!

Azken sei kilometrotan

sartu eta segi hortan,

lehenengoa bukatzear

bide lasaietan zehar

BEINTZA-LABAIEN, hara!

Ba, gaurko helmugara

ere ailegatu gara!

Hantxe dago Orbela,

otorduak,zein gela,

esperoan daudela.

Ba, merezi bezela

har dezadan atseden.

ia bihar nola gauden!

 

2-Beintza Labaien-Lekunberri

 

Ederbidean

 

Beintzan atseden hartu ta

berriz indarrak hartuta.

Pedalkadaka, ariaz,

hor agertu zait  SALDIAS,

pixko bat maldan behiti,

(ai hola balitz beti!).

Agurtuaz MALERREKA,

maldan goiti, GOROSTIETA

goitzea dagokit eta.

Helburua: OROKIETA.

Baina behin kaxkora heldu,

lasaitasun ta sosegu

ederra har dezakegu.

Helmuga ttiki ta zeru

izan daiteke hura.

Ze, handik abentura

doa BASABURURA.

Bertan sartzerako OLA

“kaixo” erran nahirik hola

OROKIETAKO herrira

heldu ta berantz segida.

Be(he)an zai dago ERBITI,

GARTZARONerantz poliki,

ta handik JAUNTSARATSa.

Hiriburu ta ardatza.

IHABEN ere ze polita!.

BASABURUA utzita,

IMOTZen, ETXALEKU

ta ERASO agertu,

LATASAn ere prestu,

Plazaolako gertu.

Ba, goazen LARRAUNera

ta LEKUNBERRI aldera

ez! ez dira gauza bera!

Bi udalen arabera

bait daude bereizita.

ba! mobidak utzita.

sasi-ordeka igo,

ta bertan da MUGIRO,

gero astiro-astiro

gogo eta motibo,

begi-bistan LEKUNBERRI.

Aspaldiko, ze, ze berri?

Gorka Urbizuren herri

tira, Gorka, edo Berri,…

Geltokian Checkina,

zai Aralar Kanpina.

Gaur ere zeregina

bezperako berdina:

Jan ta lo egin bapo

ta prestatu beharko

hirugarrenerako.

 

3-Lekunberri-Donostia

 

Ederbidean

 

Ze ederra loaldia,

ta herriko gosaria,

berpizteko miraria,

alde da eguraldia.

Goazen Plazaolara.

Hasteko goiti, hara!

Baina UITZIko tunela,

luzea eta umela,

erdira iritsi eta

desnibelari iseka.

Hor hasten da onena,

nolako gozamena!

Airean doa txirrinda

a(ha)legin gutti eginda

LEITZAn oharkabean.

Ikusmira aldean

giro paregabean

aintzinera airean.

Gero LEITZARANdik barna,

zuhaitz ta erreken xarma,

ANDOAINa heltzeko.

Han bidegorriz lepo.

URNIETA ta HERNANI

Martxoan egona ni

parrandan,edanean,…

orain bertze planean.

ASTIGARRAGA  ze lasai

bertakoek beti hala nahi,

ez jendea sagardoz blai

eta portatzen nolanahi.

Bistan da DONOSTIA

bisitan eguzkia,

ni izerdiz bustia.

MARTUTENEn Sarri sarri,

ez dute entzuten sarri,

bere doinu ta aldarri,

ihes bat baitu oinarri

debekua dute jarri.

Behin Fermin, agertu han

ta bere kontzertuan

kantatu zuen kanta.

Nahiz ta ez sartu hanka,

gero bronka galanta!.

Gaur bukaera LOIOLAn

hona heltzeko nahiko lan

non ote Bilintxen plaza?

(gaizoak ze kalabaza!)

Hostala bertan dut ,ai!

beraz, pedalei “Jai-jai”,

ta  etapari ere bai!

 

4-Donostia-Bera

 

 

Laugarren ta azken etapa,

bagoazela ttipi-ttapa,

edo pedalkadaka,

Bidegorrien mapa,

manillarrean itseki

(ongi etortzen da beti).

Goazen emeki emeki

arren bidea ireki!

Urumea hertzetik,

Gero AMARA BERRItik,

hiriaren erditik,

segitzea dagokit.

Ohartzerako AMARAN,

ibilgailuak ilaran,

nola karril bat daukadan,

autoak ez daude traban.

Gero BOULEBARREAN,

Erlojua aurrean.

ZURRIOLAn berriz Kursaala

agurreko diosala

merezi duen bezala

kulturaz orni gaitzala.

Bertan agurtu kosta.

INTXAURRONDORAntz ospa.

Ez da zelaia, ospa!

Goitu dut ozta-ozta.

Ta gero datoz PASAIAk

aldatu dira paisaiak

SAN PEDRO ta TRINTXERPE

arrantzaleen aterpe.

TRINTXERPEtik ANTXORA

Bidea igualtxo da.

Karreteran trafikoa

ez dudana begikoa,

giro hortan,logikoa

arnas estuka, itoa.

ORERETAn azaldu!

Bertan ezin naiz galdu.

Han, dotore Zumardia,

ta ondoan Fanderia.

OIARTZUNekin du muga

hura dut hurrengo helmuga,

Arragua auzoan

haruntza, erasoan

noa nire pausoan,

ia bide osoan.

OIARTZUNen, Arditurri,

orain,meatzetan,urri.

Paseorako bidea

ederki dago ordea.

Handik bidetan barna

GPSak, ai ama

Gurutzera narama!.

Gurutze azken kaxkoa,

orain dena beranzkoa.

Bidexketatik IRUNa,

toki hau du ezaguna,

Urdanibia plaza!

Gelditu gabe pasa.

etxea zai da, aizu!

Beraz segi jo ta su!

Behobian da PAUSU.

Muga ez da arazoa

halaxe dugu jasoa,

ezkerrean Bidasoa

ze bide lagun goxoa,

etxerantza hurbiltzen

ez da ezer gelditzen!

Gainean da Endarlatza,

bertan gertaera latza

hor azaldu zen Zabaltza,

oroimenak bertan datza.

Handik Zalain Zokora,

Zalainera gerora

ia etxe ondora

nere animoak gora.

Alkaiaga aldera tira,

lehen egunari begira,

eginez kalkulua

bete da zirkulua.

Agerra ta Eztegara,

animo bertan bait gara!

Altzate ta Illekueta

Suspelan sasi-ordeka

etxeraino heltzeko.

Bertan dagoeneko

ilobak muxuz lepo

osaba agurtzeko.

Lau eguneko abentura

amaierara heldu da.

Hartuko dut atseden,

zein ederra izan den!.

Mundua alderik alde

bisitatzeko prest gaude.

Ongi dago, baina halare,

egin dugunaren jabe

urrutira joan gabe

leku ederrak daude!

Ederbidean  Ederbidean  Ederbidean  Ederbidean  Ederbidean