Ederra da uda. Ederra da uda bertso munduan ere. Udak guztion urte osoko orekan aldaketa handia dakar, batez ere irakasleontzat (beste edonork esan baino lehen esan behar nuen). Bertso munduari dagokionez ere, beste fase bat zabaltzen da.
Ederra da –

Herriko festa asko eta askotan bertso saioak antolatzen dira eta txapelketarik ez den garai eder honetan, bertsoak herriko jaien erdigunea hartzen du. Eguzkiak arratsaldeko bostetan parez pare jotzen ez duenean behintzat, ederra da sandaliak jantzita kamiseta hutsean bertsotan aritzea, gero trago bat hartu eta ogitarteko bat jatea… ez da asteroko plana izaten beti, bakoitzak duen saio kopuruaren araberakoa izango da eta.
Eta umetan? Uztaila heldu, arropaz maleta bete, motxila txikian eskuoihala eta erabiliko ez zenuen eguzkitako krema sartu, autobusera igo eta bertso udalekuetara. Inoiz, herriko besteren batekin eta gehienetan, bakar-bakarrik. Nahiz eta urtero esan hilean behin planen bat egiteko geratuko ginela urte osoan ikusi ez genituen lagunekin berriro elkartu, kontuak berritu eta barre egin, ongi pasa eta abestu! Zerain, Arrazola, Irañeta, Muxika, Orio… horiek baino opor leku hoberik? Zein gertu zeuden eta zein urrun joaten ginela sentitzen genuen? Hori ere ederra.
18 urte. Bertso eskolakoekin elkartu eta Aiara. Bertako ostatuan afaldu eta probalekura jaitsi. Saioa ikusi eta trago bat hartu. Hurrengo urtean berriz. Hurrengoan berriz. Eta berriz. Eta berriz. Ohitura bihurtu zitzaigun plan ezin hobea. Zergatik? Auskalo, baina ederki pasatzen dugu beti.
Leitzako festetako saioa antolatzeko geratu. Zein bertsolari ekarriko ditugu aurten? Honek iaz abestu zuen? Ez, orain hiru urte. Orduan ekar dezakegu berriz. Eta gutako nork abestuko du? Buf, nik ahotsari ez diot eutsiko eta hobe beste norbaitek abesten badu. Eta gai jartzen nor? Gaiak egiteko ere geratu beharko dugu… Kontxo, talde ederra aurten ere! Bostetan ondoko ostatuan? Ardura sentitzen dugun saioa da (normalean) abuztuaren 13ko Leitzako festetako saioa, mimo handiz prestatzen duguna.
Horixe da uda guretzat. Bai, gauza gehiago ere egiten ditugu, baina aurreko hauek denak gabe ez litzateke berdina izango. Beno, hemen utziko zaituztet zuen udako planekin, galtza motzak bainujantziagatik aldatu eta bertso eskolara noa eta. Buf, hasi beharko dugu fundamentua egiten… Gaur bakarkakoa ere egingo dut, hitza ematen dut.