Egun horretan, eguerdiko hamabi eta erdiak heltzen zirenean, ikasgelatik korrika txikian ateratzen nintzen, motxila eskuetan hartuta. Etxera iritsitakoan, goizean zehar egindakoaz hizketan platerekoa irentsi, eta aitatxo siestara joaten zen; hormako erlojuari begira geratzen nintzen ni, ordu bi eta erdiak noiz iritsiko zain. Gero eta luzeagoa egiten zitzaidan minutu bakoitza. Segundoen orratzari begira, hark egiten zuen “tik-tak” bakoitza aitaren zurrunkekin bateratzen aritzen nintzen; orratzaren “tik-tak” bakoitzean sartzen nituen eskolan ikasitako abestiak, doinuak, eta horrela heltzen ziren ordu biak. Gehiago itxaron ezinda, berriz ere motxilaren heldulekuan behatz erakuslea sartu eta eskolarako bidea hartzen nuen poz-pozik.
Egun horretan –

Egun horretan, ia ordu erdi lehenago heltzen nintzen eskola atarira, eta ate ondoko koskan esertzen nintzen salto batez. Irakasleek irribarre egiten zidaten, eta lurrera heltzen ez zitzaizkidan oinei begira geratzen nintzen, lagunak heltzen hasten zirenera arte. Egun horretan, ikasgelatik aretora eramaten gintuzten; lagunari eskua hartu eta esaten nion “bixi-bixi, eh!”, eta lehen lerroraino egiten genuen korrika. Txaloka hartzen genituen bi bertsolariak, eta begiek diz-diz egiten ziguten beraien kantuari so. Baziren, hala ere, azken lerroan esertzen ziren lauzpabost bihurri, komunera bueltaka eta isildu gabe hizketan edo barrez aritzen zirenak. Haserre begiratzen nien nik, “isildu behingoz edo joan hemendik” esanez bezala; gerora ere baliatu izan dut begirada hori azken lerroko lauzpabost bihurrien modukoekin. Bertso arteko txaloetan, lagunak eskuineko belarrira hurbiltzen zidan burua, eta esaten zidan zeinen kamiseta polita zuen horrek eta zeinen ahots indartsua beste horrek. Nik buruarekin baietz egiten nion, eta pentsatzen nuen magiaren parekoa zela abiadura horretan bertso bat osatzea, pentsatzen nuen nik ere noizbait hori egiten jakin nahiko nukeela, eta eskuak fuerte-fuerte ixten nituen, tarte batez denbora geldi zedin, eta gera gintezen egun horretako arratsalde horretan beste bost orduz. Baina bertsolarien kantuaren erritmoan joaten zen denbora, eta neure buruari urtean behineko momentu hura aprobetxatzeko aginduta, begiak irekitzen nituen eskuekin batera.
Urteekin batera joan ziren arratsalde haiek, eta ordutik ez naiz berriz eskolara poz-pozik abiatu motxila eskuetan hartuta.
Gipuzkoako ikastetxe batzuetan LHko ikasleei kantuan aritzeko aukera izan dut azken hilabete honetan. Agendan apuntatuta neukan azken ikastetxeko bertso-saioari boligrafo arrosez ixa bat egindakoan oroitu dut nola hormako erlojuari begira itxaroten nion urtean behineko momentu hari, nola ia ordu erdi lehenago iristen nintzen eskola atarira, nola begiek diz-diz egiten zidaten bertsolariei begira, eta nola ez zitzaidan kabitzen ilusio hura gorputzean. Ikastetxeetara joan naizenean ohartu naiz, ordea, nola hormako erlojuari begiratu eta platerekoa bukatu ezinda, presaka abiatu naizen horietara, nola eskola atarian zain izan ditudan ikasleak ni iristerako, nola begi-zuloak makilajez tapatu behar izan ditudan, eta nola beraien ilusioak berpiztu duen nirea ere, saioz saio.
Gaurko ikastetxean ere ikusi ditut azken lerroko lauzpabost bihurriak, komunera bueltaka eta isildu gabe hizketan; baina begirada nire hanka parera mugitu eta ikusi ditut bi ikasle, begiak zabal-zabalik eta eskutik helduta.
Saioa amaitutakoan ondora gerturatu zaizkit, eta galdetu didate nola egin litezkeen hain azkar bertsoak. Irribarre egin diet nik, isil-isilik, konproba dezaten, beraien kabuz, ezer gutxi duela bertsoak magiatik, baina, bien bitartean, sinets dezaten magian, eta ikus edo uler gaitzaten magoak bagina bezala.