Eguneroko bertsolaritza –

Inteligentzia artifizialari eskatu diot bizi-filosofia bat zer den definitzeko. “Pertsonaren erabakiak eta jokabideak zehazten dituen printzipio, balore eta usteen multzoa” omen da. Jarraian zerrendatu dizkit adibide batzuk: humanismoa, existentzialismoa, arrazionalismoa, etab.
Bertsolaritza bizitza filosofia bat dela esatea gehitxo esatea izango da, noski, baina bizitzen laguntzen duen aldarte bat behintzat badela esango nuke.
Nire kasuan, doluarekin argi eta garbi ikusi dut hori. Gertuko norbaiten heriotzaren aurrean eskelarako bertso bat edo agur ekitaldian kantatzea eskatu izan didate eta ez da trago gozoa. Baina bertso horiek prestatzen aritzeak, barne borroka horrek, dolua eramateko modu bat sortu dit. Are, egindako edo kantatutako bertsoekin gustura geratu banaiz, nire esku zegoen despedida eman izanaren poxa geratzen zait eta urteurrenak etortzean bertso horiek berak kantatzen dizkiet nonbaitetik entzungo dituztelakoan eta horrek asko gozatzen nau.
Egunerokoan piztualditxoak izaten ditut. Izaten ditut bolada idorrak eta bertsotik urruti ibiltzen naiz horietan. Baina gutxien espero dudanean, ttak! Doinu baten jiran hasten naiz edo irratian notizia bat entzun eta 8ko txiki bat ontzen dut edo arraindegian gustura geratzeko moduko hitz-joko bat ateratzen zait. Piztualditxoa eta piztualditxoarekin satisfakzioa. Nik behintzat behar ditut piztualdi horiek.
Konturatua nago, egunerokoan egiten ditugun lan motek zerikusi zuzena dutela aldarte hori piztu ala itzaltzearekin. Lan lasaiek eta manualek (nire kasuan baratzan aritzeak edo oinez buelatxo bat emateak) nabarmen aberasten didate aldarte hori eta bolada estresatuetan etortzen zait idorreria.
Ondo pentsatuz gero, gaurko mundualdiaren kontrako iraultzatxoa izan daiteke eguneroko bertsolaritza, gure egoarentzat gauza ezdeusa baina goizeko kapetaesnea bezain gozagarria bizia orekatzeko.

