Elkarrekin ez elkarren ordezko –
Duela urte batzuk, Nerea Ibarzabal eta Jone Uria elkarrekin kantuan entzun nituen. Bertsoaldi hartako ideia bat geratu zitzaidan bereziki buruan: gutxitan egiten zutela topo plazan, sarritan bata bestearen ordezko izaten zelako.
Bata edo bestea.
Ez bata eta bestea.
Anekdota dirudi, baina programazioaren logika bati buruzko arrasto esanguratsua iruditzen zait.

Azken hamarkadetan nabarmen aldatu da emakumeen presentzia bertsolaritzan. Bertso-eskoletan, plazan, txapelketetan zein erreferentzialtasunean emakumeek gero eta toki handiagoa hartu dute. Emakumez osatutako saioak ere ez dira jada martxoaren 8aren ingurura mugatzen. Ez da kasualitatea, Señora Sariketa eta bestelako ekimenek emakumeen arteko plazak eta harreman artistikoak sustatu dituzte.
Aurrerapausoak ukaezinak dira.
Baina presentzia handitzeak ez du berez esan nahi aurreko genero-logika guztiak desagertu direnik.
Urte luzez ohikoa izan da bertso-saio bateko emakume bakarraren figura: gizon talde baten barruan emakume bat. Genero-azterketetan tokenismoarekin lotu izan den fenomenoa da, eta modu grafikoagoan Pitufinaren sindromea deitu izan zaiona. Gutxiengo bateko pertsona bakarrak talde osoaren presentzia sinbolikoki ordezkatzen du. Bertso-saio batean emakume bat bazegoen, nolabait, emakumeak bazeuden.
Horregatik iruditzen zait bereziki esanguratsua Nerea eta Joneren adibidea. Emakume bertsolari gehiago izateak ez du zertan logika hori desagerrarazi, lehengo emakume bakarraren tokia emakume gehiagoren artean txandakatzen bada.
Presentzia handitu daiteke ordezkagarritasunaren logika erabat gainditu gabe.
Bertso-saio bateko aulkietako bat, esplizituki esan gabe ere, emakumearen aulkia balitz bezala ulertzen bada, Nerea eta Jone ez dira soilik bi bertsolari desberdin. Genero-kategoria beraren barruko bi aukera bihurtzeko arriskua dago: bata edo bestea.
Gizonezko bertsolariei, oro har, ez diegu elkarrekiko ordezkagarritasun hori generoaren arabera egozten. Beren ezaugarri artistikoen arabera bereizten ditugu: kantaera, umorea, ibilbidea, belaunaldia, plaza-esperientzia, gaiak lantzeko modua. Ez dugu ulertzen gizon baten presentziak beste gizon batena ordezkatzen duenik.
Emakumeen kasuan ere horra iritsi beharko genuke. Baina, nire ustez, urratsa ez da emakume bakoitza norbanako gisa aitortzea bakarrik.
Elkarrekin jartzen garenean zer gertatzen den ere bada auzia.
Bertsolaritza harremanean sortzen da. Nork norekin kantatzen duen ez da neutroa. Bertsolarien arteko harremanak baldintzatzen ditu zer gai agertzen diren, zer ikuspegitatik lantzen diren, zer konplizitate edo talka sortzen diren eta zer esperientzia bihurtzen diren kantagai.
Horregatik, emakumeak elkarrekin kantatzeak ez du esan nahi lehengo saio bera egitea, baina gizonen ordez emakumeak jarrita.
Hori ez litzateke berdintasunaren potentzial osoa.
Historikoki ordezkaritza txikiagoa izan duten ahotsak normaltasunez elkartzen direnean, ordura arte bazterrekoagoak izan diren bizipenak, harremanak, gaiak eta errealitateak erdigunera etortzeko aukera zabaltzen da. Ez emakumeek gai jakin batzuez kantatu behar dutelako, baizik eta plaza osatzen duten subjektuak aldatzean plazan sortzen dena ere alda daitekeelako.
Eta hor dago, niretzat, aniztasunaren benetako balioa.
Ez da soilik oholtzaren osaera dibertsifikatzea. Oholtzatik sortzen den diskurtsoa, erreferentziak, harremanak eta iruditeria ere zabaltzea da. Eta horrek publikoari ere bestelako esperientziak entzun, ezagutu eta partekatzeko aukera ematen dio.
Berdintasuna eta aniztasuna, beraz, ez dira soilik ordezkaritza kontuak. Sorkuntza-aukerak ere badira.
Horregatik, zenbakiek ez dute dena esaten, baina badute zer esana. Ez da nahikoa nor dagoen zenbatzea. Norekin dagoen, zenbatetan dagoen, noren ordez dagoen eta elkarrekin daudenean zer sortzeko aukera duten ere begiratu beharko genuke.
Horregatik geratu zitzaidan buruan Nerea eta Joneren bertsoaldi hura.
Bata bestearen ordezko izatea ez baita programazioaren bitxikeria hutsa. Belaunaldi bereko bi bertsolari emakume behin eta berriz bata edo bestea logikaren barruan kokatzeak erakusten du, egindako bidea handia izan arren, oraindik badugula zer berrikusi.
Normalitatea emakumeek bikain, gaizki eta erdipurdi kantatzeko adina leku izatea da.
Baina berdintasunak badu beste aukera bat ere: elkarrekin kantatzen uzten digunean, orain arte plazan gutxiago entzun diren ahots, gai, bizipen eta errealitateei tokia egitea.
Azken batean, kontua ez baita emakumeek gizonen tokia hartzea.
Plaza zabalago bat egitea baizik.
Eta horretarako, elkarrekin behar dugu.
Ez elkarren ordez.

