June Aiestaran
June Aiestaran

2026-08-18

Itsu-itsu

Itsu-itsu –

 

Kaixo, zer moduz gera,
lagun harpidedun?
Enteratu al zinen
orain hiru egun
zer izan gendun?
Esplikatuko dizut
bizi ez bazendun.

 

Nahiz ta bagenekien
zer zen hau, jakitez,
gozatutxoa hartu
genuen eklipsez
ta eguzkipez.
Baina farmazietan
betaurrekorik ez.

 

Lurrak bizi dituen
beste izpiritu
ezin hitz egin, ezin
konturik aditu,
ahoak siku,
argia joan eta
mundua gelditu.

 

Itsu gelditzearen
beldurrera joanik,
Instagramen zabaldu
zen hainbeste “panic”,
ta_ez dakit ba nik,
ba al dago honekin
itsutu ez danik?

 

“Hater” lehor bat baino
ez naiz beharbada,
bai, baina zeozertan,
nire ustetara,
gaizki_ari gara
mendeko_ebentoa hau
izan baldin bada.

 

Ehundaka urtetan ez
omen zen azaldu,
ta bat bukatzerako,
ez gabiltz normal gu,
beste bat saldu,
honek Mitoaroaren
usaina ez al du?

 

Han ere izan baitzen
nahikoa eklipse
erdian jartzen direnei
halaxe deritze,
eta, horixe,
zentroarekin itsutzen
baldin bagabiltz ze?

 

Nik, nire barru lehor
ta arkatz bustia,
kantatu ditut neuzkan
zenbait angustia,
ze eguzkia
ez da inporta behar
ligukeen guztia.

 

 

Itsu-itsu
Arg: Wikimedia