Esti Arozena
Estitxu Arozena

2021-04-19

Errima Kartak II. Azken puntua emanda

Azken puntua emanda –

Haur, nerabe edo baita heldu askori ere, kosta egiten zaie bertsoaren ikasprozesuan urrats garrantzitsu bat ematen: Lehenik bertsoaren bukaera pentsatzea. Ez da erreza; ahozko ariketa motzak egitetik prozesu kognitibo konplexu batera pasa behar bait dugu: Ideia nagusia neurtu, bukaerarako utzi, oinak pentsatu eta bertsoa osatu.

 

Azken puntua emanda

 

Teoria azaltzen ez da zaila. Horrela egitearen garrantziaz ari nintzela Berako DBH1eko ikasle batek zera erran zidan behin: Lehen puntutik hasi eta gero zerbait hobea gogotzen bazait? Alegia, bukaera pentsatzea segurola xamar jokatzea dela. Hasi eta agian gero inspirazioa etorri eta bikain! Eta arrazoi du. Zergatik dira ba puntu erantzuneko bertso onak hain prestijiotsuak? Bukaera pentsatu gabe hasiak direlako!

Baina arazo handiak ekarri ditzake bukaera gabe hasteak: Oin hoberenak bertsoaren hasieran jarri ohi dira eta bukaera alderako oinak onak izanda ere gaiari eta ideia nagusiari egokitzen lanak izaten dira. Beraz, zuk nahi duzun lekura baino, errimak nahi duen tokira joanen zaizu bertsoa.

Josu Sanjurjok behin aipatu zidan, bere ikasleak bertsoak idaztean, hasieratik idatziak kasu honetan, kantatu ondotik, berriz kantarazten ziela baina alderantziz. Eurek idatzitako azken puntua lehen bihurtuz, eta batez ere pentsatutako lehen puntua azken bihurtuz. Eta eraginkorra da.

Azalpenak ulertzen baino egiten ikasteko ariketa zaharra izanda ere, tresna berria dugu orain eskuartean: Azken puntua emanda kartak. Bukaera eta oin bat, bukaera eman eta 3 oin, bukaera eman eta oin batzuk aukeran, edo bukaera emanda soilik. Karta hauekin lehenik kopla eta gero 8ko ttikian trebatzen denari, erreztasunez egiten duenean erran diezaiokezu: orain gauza bera baina karta zerorrek sortu behar duzu: Eskuan zenuen karta hori izan behar duzu buruan kantuan hasi aintzin. Ikusiko dugu azalpena hain grafikoki emateko tresnak izateak, urrats zail hau ematen laguntzen duen.

Azken puntua emanda