Enare Muniategi
Enare Muniategi

2023-06-30

Errimak dira

Errimak dira

Deskantsuak eta antzuak errimatu egiten dute. Familia berean sailka ditzakegu biak. Baina, antzeko soinua duten arren, kuadrilakoak izan daitezkeen arren, edota teilatu bereko familiako bi hitz izan daitezkeen arren, bertsoko fikziotik kanpo, ez dira zertan familiakoak, kuadrilakoak zein antzekoak izan.

Deskantsatzea denpora galtzea da askorentzat, denpora antzutasunez jaztea. Eta gorputz eta buru nekatu batek zer ematen du ba? Ugalkorragoa ete da hori?

Produzitu eta produzitu egiten dugu egunero, eta hortik kanpo dagoena antzua omen da, ez zaigu interesatzen. Baina, nork dio zer den antzua, edo hori txarra denik? Nork dio zer den baliogarria, zer emankorra eta zer produktiboa? Botata egotea, meditatzea, paseatzea, ez pentsatzea, mobila itzaltzea, isilik egotea, gau epel baten etxeko terrazan kulerotan ardo kopa bat edatea. Nork dio zer?

Mobilera zenbaitetan heltzen zaigu aktualizaziorako notifikazioa, baina, gure barruan? Zenbatero aktualizatzen ditugu gure ideiak? Batzutan esan beharrekoa ikasita daukagu, teoria hitzez hitz errepikatzeko kapaz izaten gara, baina, gero, benetan, sakontasunean, ez dugu aplikatzen guretzako mesedegarri dena, guregan ugalkorra dena nahiz eta ustez ekintza antzuetatik datorrena izan. Deskantsutik datorrena.

Baina, gure hardware-a gogorregia da antza, eta batzutan familia bereko errimak eskutik lotuta doaz bertsoko fikziotik kanpo ere, eta horretan antzutu egiten gara, gure buruari deskantsatzen utzi gabe. Deskodifikatzeko, aktualizatzeko edo desinstalatzeko beharrizana dugu batzuk, eta ea software-a martxan jarri, eta hardware-ean, gure erraietan, sartzen dugun antzeko soinua dutenak, beti ez direla horren antzekoak, adibidez, deskantsua eta antzua.