Oier Etxeberria
Oier Etxeberria

2024-04-23

Estandarrak

Estandarrak –

Estandarrak
Irudia: geralt

 

Sehaska, esne, izen deitura

lorik gabeko gauen ardura

ekografiak iragartzean

zikoinaren abentura,

zilbor hestetik haustura

zuri beltzeko figura

arnas estu bihurtu da

izango duzu babesa eta

nork besoetan ingura

zu noiz jaioko zain geunden denok

ongi etorri mundura.

 

 

Hilabeteak nola pasatzen

diren konturatzerako

aldiro gehi bat egitea du

adin perfektuak gako,

tarta gainean dela

putz egizu kandela

gertukoekin jan bapo,

ongi pasatu zure eguna

ta urte askotarako.

 

 

Doinua: Sentimendu asko daukat nerekin

 

Zuen bideak gurutzatzean

piztu zenaren errekin

harremanari distira dagi

eztei eraztunarekin

familiako eta lagunak

pozarren gaude zuekin

bizi proiektu honen hurrengo

kapituluari ekin

urte askoan izan zaitezten

zoriontsu elkarrekin.

 

Mahai buelta ederra

goratu nahi nuke

jatunek otordua

estimatu dute

ze konpainia eder

eta kontu truke

sarriago elkartu

beharko genuke.

 

Negar zotinetan gora

lurrazaletik kanpora

agortu zaizu denbora.

Jaiotzen denak heriotza zor

nola arantzadun lora,

beti zaitzagun gogora

zure irria gerora

gure baitan biziko da.

Estandarrak