Bertsolaritza inklusiorako bide? Proiektu komunitarioa Eibar BHI-n

Lau adarretatik behintzat izan dezake bertsolaritzak hezkuntzarako sarbidea: kulturatik, hizkuntzatik, musikatik zein trebetasun pertsonal-sozialetatik.

Mikel Artola eta Eneko Beretxinaga-(r)en argazkia Mikel Artola eta Eneko Beretxinaga 2024-04-23

Bertsolaritza inklusiorako bide? –

Eneko Beretxinaga

Lau arlo horiek lantzen dituzte egunero-egunero milaka ikaslek bertsolaritzako saioetan Euskal Herri osoan zehar, gehien-gehienak 10-11 urteko ikasleak. Ezagutzen dituzte egungo zein garai bateko bertsolariak; errimatu eta neurtu beharrak hizkuntza bihurritzera behartuko ditu; doinuak ere ikasi beharko dituzte zerbait kantatzekotan; eta, nola ez, jendaurrean eta elkarrizketan aritzeak norbere burua ezagutzera eramango ditu, urduritasuna kudeatzen jakitea eta besteari entzuten trebatzea ezinbesteko bihurtzeraino. Ez da, beraz, bertsolaritza, ahozkotasuna lantzeko bitarteko soila, askoz gauza gehiago izan liteke, eta da, horretan diharduten irakasle espezialistek zein ikastetxeek baieztatzen dutenez.

2022-2023 ikasturtean, ordea, pauso bat harago emateko elkarlana abiatu zuten Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, Eibarko Udalak eta Eibar BHI-k: ikasturte osoko proiektu komunitario bat egitea DBHn bertsolaritza ardatz dela. Esperimentuaren berri emateko asmoz idazten ditugu lerro hauek.

Bertsolaritza inklusiorako bide?

Abiapuntua

Bertsozale Elkartetik bagenuen susmo bat. Goian aipatutako arloetatik arreta gehiena eskaini zaiona hizkuntzarena izaten da, euskararekiko harremanean edo motibazioan, gaitasunean eta erabileran eragin nahi izan delarik bertsolaritzaren bidez. Ia mende erdi bateko esperientziak, ordea, zera erakusten digu: euskara lantzearekin batera, bertsolaritza inklusio bide izan daiteke bere ezaugarri bereziengatik.

Ezaugarri batzuk beste arte diziplinekin bat datoz, ez gara hain berezi. Edozein lan artistiko baliatu liteke inguruneaz hausnartzeko: nobela bat, koadro bat, kantu bat. Ados horretan. Baina, bertsolaritzak baditu bere-bereak diren eta beste kultur adierazpideetatik bereizten duten ezaugarriak:

  • Zuzenekotasuna

Bertsolaritza  bat-batekotasunak ezaugarritzen du. Bertsolariak bat-batean sortzen du eta entzuleak sortzen deneko unean bertan jasotzen du. Modu horretan, beste kultur adierazpideetan baino parte hartze handiagoa du entzuleak, edo beste modu batera esanda, entzuleak eragin egiten du sortzailearengan bere jarrerarekin. Hala, entzulearen esperientzia zein bertsolariarena bat-batekotasun horrek erabat baldintzatuak daude.

  • Taldekotasuna

Idatzi zein irakurri bakarka egiten da gehienean. Aldiz, bertsolaritza taldean gauzatzen da, eta horrek taldearen kontzientzia sortarazten du publikoarengan zein bertsolariarengan. Ezaugarri horri, gainera, publikoaren izaera askotarikoa gehitu behar zaio, askotan behintzat mota askotako jendea egoten baita batera entzuten. 

  • Izaera dialogikoa

Bertsolaritza elkarrizketan gauzatzen da. Hasteko, bertsolariek binaka kantatzen dute ia beti, eta horrek elkarrizketara derrigortzen ditu. Gainera, elkarrizketa horretan bestela esango ez lituzketenak esateko dimentsio komunikatibo berezia sortzen da: maitasuna adierazteko, adarra jotzeko, bestela aipatzen ez diren gaiak aipatzeko…

  • Funtzio ludiko nabarmena

Azkenik, bertsolaritzak funtzio ludikoa betetzen du besteak beste. Bertsolaritza jolasa da, hitzekin jolastea, publikoari eragitea, elkarri eragitea, inprobisazioaren zirrara sentitzea. Funtzio horrek erakartzen ditu bertsolariak zein entzuleak.

Ezaugarri horiek guztiek bertsolaritza inklusio bide izan daitekeela iradokitzen ziguten. Galdera zen: egin ote genezake proiektu bat euskara ardatz hartu eta hura landuz, nerabeen bizitzan garrantzi berezia duten hainbat gai lantzeko eta haien ikas-prozesuan laguntzeko? San Andres Ikastetxeak zedarritu zigun barrutia: proiektu komunitarioa egitea DBHko ikasleekin.

Bertsolaritza inklusiorako bide?

Proiektu komunitarioa

DBHko ikasleek ikasgai berri bat dute joan den ikasturteaz gero: proiektu komunitarioa. Helburua horixe litzateke, proiektu komunitario bat osatzea ikasleen artean, horretarako astean ordubeteko tartea hartuta. Haatik,  ikasgaiak ez du zehazten proiektuak nolakoa izan behar duen edo zein ardatz izan behar duen.

Ideia hurrengoa zen: ikasleek bertso saio bat prestatzea, eta bertso saio horretako gaiak kurtsoan zehar landutakoak izatea. Bertso saio bat prestatzeak rol bat baino gehiago modu aktiboan gauzatzea eskatuko zien. Gutxienez lau: antolatzaile, gai jartzaile, bertsolari eta entzule.

Metodologia

Proiektua gauzatzeko metodologiatik sei puntu aipatu genitzake, beti ere proiektu komunitarioa osatzea erronka orokor gisa hartuta:

  • Ko-irakaskuntza

Bertsolaritzako saioak bi irakaslek gidatuak izan dira: ikastetxeko irakasleak eta Bertsozale Elkartekoak. Ikastetxeko irakasleak ikasleen ezagutza du, banaka ezagutzen ditu eta baita taldearen funtzionamendua nolakoa den ere. Bestetik, Bertsozale Elkarteko irakaslea espezialista da bertsolaritzaren didaktikan.

Ikastetxeko irakaslea bertsolaritzako saio guztietan egon da, eta Bertsozale Elkartekoa bi astez behin izan da bertan. Ikastetxeko irakaslea bakarrik egon den saioak bertsoaldien inguruko tertulia dialogikoetan ardaztu dira batik bat, ikasleek entzule kritikoaren rola jokatuz. Aldiz, Bertsozale Elkarteko irakasleak sormena lantzearen ardura izan du batez ere.

Dena den, irakasleen arteko elkarlana ezinbestekoa da horrela lan egiteko. Bertsozale Elkarteko irakaslea ikastetxean izan denetan zentroko irakaslea ere barruan egon da, ardura partekatua izan dutelarik. Aldiz, bertsolaritzako irakasle espezialistak lagundu dio ikastetxekoari bertsoaldiak hautatu eta tertuliak egituratzen.

Azken horri loturik, www.bertsoikasgela.eus ataria baliatu da bertsoaldiak eta bestelako materialak eskuratzeko. Horrez gain, bestelako materiala ere baliatu da: karta-jolasak eta abar.

Bertsolaritza inklusiorako bide?

  • Tertulia dialogikoak: ikasleak entzule

Tertulia dialogikoak literaturaren ikas-irakaskuntzan erabili ohi dira. Testuak irakurri eta haien inguruan taldean hausnartzeko modu bikaina dira tertulia horiek. Gehienetan, saioaren aurretik testua irakurtzen da eta paragrafo bat edo batzuk seinalatu (ados zaudelako edo ez zaudelako, ulertzen ez delako, zerbait gogora ekarri dizulako…); ondoren, azpimarratze hori zergatik egin den idazten da. Saioan zehar, txandaka aukeratutako paragrafoak irakurtzen dira ozenki, eta baita aukeratzeko arrazoia azaldu ere. Azkenik, solaskideen arteko tertulia irekitzen da, besteek irakurritako horri buruz komentarioren bat eginez, esate baterako. Hala, solasaldiaren helburua ez da adostasunera iristea edo konbentzitzea, hausnarketa eta elkarrizketa aberastuko duten argudioak aurkeztea baizik.

Tertulia horiek irakaskuntza dialogikoaren printzipioak aintzat harturik egiten dira: berdintasunezko elkarrizketa, adimen kulturala, eraldaketa, dimentsio instrumentala, zentzuaren sormena, elkartasuna eta ezberdinen arteko kidetasuna. Gainera, elkarrizketarako ezinbestekoa da hizkuntza, eta horrek euskara lantzeko bidea errazten du.

Bertsolaritzari egokituz, literatur testuak irakurri ordez bertsoaldiak izan dira aztertu direnak. Lehendabizi bertsoaldia entzun da. Bertsoaldien ezaugarrietako bat bertsolariak teman aritzea izaten da sarri, eta hori kontuan hartu eta aprobetxatzeko alderditzat hartu da. Alegia, aukera ematen du ikasleak bertsolari baten edo bestearen lekuan jartzeko, eta, bide batez, bestela jarriko ez liratekeen roletan kokatzeko. Behin bertsoaldia aztertu eta hautaketa egitean gorago deskribatutako metodologia erabili da, baina, batez ere ahozkoan jarri da garrantzia.

  • Sormen ariketak: ikasleak bertsolari

Bertsozale Elkarteko irakasleak gidatuko dituen saioetan bertsolari rolean jarri ditu ikasleak. Ikasleek sorkuntza ariketak egin dituzte aurrez tertulia dialogikoetan landutako gaiak aintzat hartuz. Esate baterako, tertulia saioan generoaren gaia landu bada, hurrengo saioan haren inguruko sormen ariketak egin dituzte ikasleek.

Ariketa horiek bertsotan egitera bideratuak izan dira, bat-bateko bertsolaritza erdigunean jarriz, batzuetan, eta beste zenbaitetan idatziz. Irakasleak ikasleen mailara egokitu ditu helburuak, eta ekintza komunikatibo errealen aurrean jarri ditu ahal zela.

  • Ikasleak antolatzaile

Kurtsoa aurrera joan ahala, bertso saioaren proiektu komunitarioa indarra hartuz joan da. Hala, ikasleek bertso saio hori antolatu behar izan dute hainbat arazori aurre eginez: saioa non izango den, zenbat iraungo duen, bertsolariak zeintzuk izango diren, haiekin kontaktuan jarri eta gonbidapena eginez eta abar. Saio horretan beraiek hautatutako bi bertsolari izan dituzte kantuan: Alaia Martin eta Odei Barroso.

  • Ikasleak gai jartzaile

Azken saioan garrantzi berezia izan dute gaiek. Kurtsoan zehar landutako gai orokorretatik abiatuta, bertsotan egiteko moduko gai zehatzak sortu behar izan dituzte ikasleek, eta baita gai jartzaile lana egin ere. Saioaren egitura nolakoa izaten den, gaiak nola aurkeztu behar diren eta abar ikasi dute horrela. Gai jartzailearen lana sormen lana dela ahaztu gabe, aurrez landutako guztia hausnartu eta ebaluazioa egiteko ere baliatu da hau.

  • Bertso saioan entzule

Gai horiek plazaz plaza dabiltzan bertsolariei jarri dizkiete azken bertso saioan. Ikasleak bat-bateko saio batean parte hartzaile izan eta entzule esperientzia bizitzeak garrantzi berezia izan du. Bertsolariek ikasleek eurek kurtsoan zehar landu dituzten gaien inguruko hausnarketak egin dituzte, eta ikasleentzat interes berezia izatea bilatu da horrekin. Lehen puntuan aipatutako zuzenekotasuna, taldekotasuna, izaera dialogikoa eta funtzio ludikoa dastatzeak berebiziko garrantzia du kulturaren zein euskararen transmisiorako. Horrez gain, azpiegitura osatzeko lanean ere aritu da taldetxo bat.

Ondorioak

Helburuetako bat ikasleentzat esanguratsuak diren gaiak lantzea zen. Azkenean bederatzi izan dira: ahozko inprobisazioa munduan, rapa, hezkidetza (ez da kasualitatea eta emakume bertsolariak), BTN 22, nerabezaroa, gazte jerga, krisi klimatikoa, sare sozialak eta harremanak. Datorren kurtsorako ondorioetako bat zera izan da: gai gehiegi lantzea baino hobe litzatekeela bakoitza sakonago eta blokeka lantzea. Gai horiek zeintzuk izan behar duten ikastetxeko orientatzailearekin hitz egitea egokia dela iruditzen zaigu.

Gainontzean, balorazio ona egin da ikasleen autonomian eta taldearen kohesioan eragin positiboa izateaz. Landutako zehar gaiek jokoa ematen dute modu atsegin batean hainbat gairen inguruan hausnarketak egiteko. Errealitate eta ikuspegi ezberdinak ezagutu eta horietaz hausnartu eta adierazteko aukera eskaini zaie.

Gaiez aipatutakoaz gain, hobetzekoen artean aipa daitezke ikasleek sortzen dituzten zenbait testuri ikusgarritasuna ematea, eskolako sare sozialetan, herri/auzo eragile ezberdinekin harremanetan jarriz, esate baterako. Azken bertso saioari dagokionez ere, ikastetxean egin ordez herriko plaza edo antzoki batean egitea hobe izan daitekeela uste dugu.

2023-2014 ikasturtean ere jarraipena izango du proiektuak, eta ilusioz ekingo diogu egitasmo berritzaile honi.

Bertsolaritza inklusiorako bide?  Bertsolaritza inklusiorako bide?  Bertsolaritza inklusiorako bide?  Bertsolaritza inklusiorako bide?  Bertsolaritza inklusiorako bide?  Bertsolaritza inklusiorako bide?  Bertsolaritza inklusiorako bide?  Bertsolaritza inklusiorako bide?