Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2022-05-18

Ezetz ta ezetz

Ezetz ta ezetz –

Badira gure memorian, gure subkontzientean iltzatuta geratu diren bertsoak. Kantu herrikoi gisa ezagutu ditugunak, buruz kantatzen lehenago ikasi genuen ziotena ulertzen baino. Eta urte batzuren buruan, gure burua horiek –demagun- festa batean, taldean eta ahoz gora kantatzen harrapatzen dugunean, lehenengoz hitz horiek garunera heltzen zaizkigu eta tarteka lotsatu egiten gara kantuaren aitzakian esaten ari garenaz.

Bai, sortu ziren garaiaren argitan epaitu behar dira, baina gaur egun publikoki kantatzen baditugu, irratian entzuten badira, galbahe hori eraiki ez duenak guk aurrez bezalaxe barneratu eta naturalizatu litzake. Horra hor, ahozkoaren edota kantuaren arriskua: gure baitara duen sarbide erraza eta gogoan iltzatzeko duen gaitasuna.

Badira urte batzuk aldian-aldian abesten ditugun bertso ezagun horiek (ber)ulertzen ari naizela, eta zenbaitekin harritu ere egin naiz. Horixe da gaur izenburura ekarri dudana, aspaldiko “ez da ez” bat.

Izan daiteke azkenaldion berriz egin behar izan diren salaketa eta manifestazioetako aldarria. Izan lilteke, azken parrandan gogaikarri jarri den horri esan diozuna. Izan zitekeen gaur goizean erantzun duzun mezua. Gaurkotasunik ez baitu falta, izan zitekeen. Baina ez. Bilintxek XIX. mendean egindako sortatik ateratako hitzak dira (beste egun baterako utziko dugu, Bilintxengandik zergatik egin diren kantutegi herrikoiaren parte sorta “erromantikoenak” eta ahanzturan utzi diren sorta sozial eta politiko gehienak). 

Juana Bixenta Olabe izenez ezagutzen dugu sorta, eta indarkeriak gurutzatzen du aldez alde*. Esaldi horrek, ordea, une batez egoera iraultzen du.

Elkarren arrazoi ez direnean elkarren ondorio diren botere harreman zerrenda luze baten gurutzaketaren erdian esaten dio “ezetz ta ezetz” Juana Bixenta nerabeak (ez hargatik herabea). Eta horregatik maite dut hainbeste izenburutzat hartu dudanaren aurretik doana: “esango diot ezetz ta ezetz”. Nik, berorri. Berori, baina nik “ezetz ta ezetz”.

Eta hor, oholtzan eta plazan mila bider sentitu dugun harreman bertikalaren aurrean ezezkoari eusteko adibide eder bat dagoela bururatzen zait.

 

Ezetz ta ezetz
Irudia: Ainara Azpiazu “Axpi”

 

Oihana Iguaran Oihana Iguaran
Ezetz ta ezetz