Manex Agirre
Manex Agirre

2022-05-12

Forma fin bat

Forma fin bat –

Bertsogintzan, ziklikoa da formaren pisua erlatibizatzeko joera. Mingain eskasek “muga” izendatu izan dituzten horiek (errima, neurria, etena) alde batera utzita, “formak beti edukiaren zerbitzura egon behar du” bezalakoez ari naiz. Badirudi gaur egungo bat-bateko bertso-moldeak ez duela plazerezko itzulinguru estetikorako aukera handirik ematen: esan behar den horrek markatu behar du produktuaren ibilbide osoa, hasi eta buka.

 

Forma fin bat
IV. errima. Margolana: Palazuelo de la Peña, Pablo

 

Ados nago. Baina hori dena modu zurrun batean ez ulertzearekin ere ados nago. Zirujauaren begiradarekin, pieza batzuek kaleidoskopio mugigaitz baten itxura har dezakete: osotasun borobila dutenak, eta, gainera, barruan, ondo begiratuz gero, edertasun-printzak gordetzen dituztenak.

(Niri ere ziklikoki egiten baitit salto oroimenera W.H. Audenen poema ezagunaren hasierak: Forma fin bat ikus dezazunean, harrapa ezazu, eta ahal baduzu besarka ezazu (…); “out of context” guztizkoa dela jakinda, noski, denok baitakigu ezin dela jo larrurik hilobian).

Errima-aldaketadun zangalatraua (eutsi horri) da forma fin horietako bat. Iparragirre abila dela doinuarekin zer gertatzen zaidan galdetzen didate batzuetan bertso-eskolan. Zalea naiz, eta laugarren eta bosgarren puntuek dute horren arrazoiaren zati handi bat:

Iparragirre abila dela
askori diot aditzen,
eskola ona eta musika
hori hoiekin serbitzen.
Ni ez nazu ibiltzen
kantuz dirua biltzen,
komeriante moduan.

Debalde festa preparatzen det
gogua dedan orduan.

 

Bertsoaren amaierarako errima aldaketaren trantsizioa, esaldi bakarrean egina. Ez al da “forma fin bat”, hori?

Xenpelarrengandik Bilintxengana salto eginez gero, ugaritu egiten dira halakoak. Gaur egungo ikuspegi zurrun samarretik, harrigarria eta guzti egiten da Bilintxek neurrien barruan esaldiak josteko zuen gaitasuna. “Dama ta galaia” sortakoa da azpiko hau, gustuko emakumea seduzitzeko bere modu kuestionagarri eta guzti (hemendik aterea: https://klasikoak.armiarma.eus/pdf/Bilintx.pdf):

 

Zer ongi biziko zeran,

nai dezuna jan ta eran,

guztiya zure aukeran;

jazteko ere

zuk ez batere

gastubari begiratu;

dendik onenetan sartu,

gayik ederrenak artu

eta soñak enkargatu.

 

Juana Bixenta Olaberen sorta osoa ere hor dago. Dena dela, fetitxe bat badut (uste dut ez dela aipatzen dudan lehenengo aldia), Soldadu sartzea sortako hau da, Joseba Tapiak musikatu zuenean pozez deskubritua (Azken bi puntuetarako apailatutako tonu-aldaketak sublimatu egiten du gainera efektua. Ikaragarriya, lagunok):

 

Kontuz ibilli arren
eta juiziyuan,
iñor aberasten ez
da ofiziyuan.
Ni lanakin ibilli
beti sesiyuan?

Erremientak norbaiti
erdi preziyuan
ero kasik debalde
al banizka saldu,

biyartikan sartuko
nitzake soldadu.

 

Forma fin bat –