Enare Muniategi
Enare Muniategi

2022-05-11

Margaritak

Margaritak –

Margaritak edaten egon nahiko nuke Manhattanen soineko elegante bat jantzita, “Sex and the City” pelikulako Carrie Bradshaw banintz bezala. Baina, ez naiz New Yorken bizi, ez naiz Sarah Jessica Parker, eta ez daukat bere armairua hain elegante ibiltzeko. Euskal Herriko eguralditik jaiotako margaritatxoekin konformatu beharko, etxeko jardina ez da “la Quinta Avenida” baina ez dago txarto, eta batzuetan arnasa hartzeko lekua izaten da.

 

Margaritak

 

Margaritak errimak lantzeko teknika ona ere badira, petaloetan zerikusia duten hitzak jartzen ditut nire koaderno baten, errimak pentsatzea jolasa balitz legez, baina, azkar estutzen zait arnasa, gai bat entzun eta zer esan nezakeen pentsatzean, ideiarik ez bururatzean, edota, “-asa” bukaeradun beste hitzik okurritzen ez zaidala konturatzean. Batzuetan, errealitate honi kasurik ez egiteko gaitasuna izan nahiko nuke, eta arduratu beharko nindukeen guzti horren gainetik pasa. Baina, zoritxarrez ez naiz pelikula baten bizi, eta ez daukat paso egiteko gaitasunik (ez bada lau margarita edanda).

Fikzioaren eta errealaren muga fina izaten da, kantuan esaten dugunaren zenbat da benetakoa, zenbat esaten dugu pertsonaiatik, zenbat guretik, eta zenbat geure buruan sortutako geure pertsonaia horretatik? Gu pertsonaiak izango bagina legez. Eta batzuetan, ez naiz kapaza izaten esan nahi dudana esan nahi dudan ahotsetik esaten, izen erreala edo sortutakoa, horrek ez du ardura. Basa handietan murgildu ohi naiz horrelakoetan, Manhattaneko kaleetan ez dagoen basatzatan. Baina, nire etxeko jardinean badago basa, bai, loretxoak irtetzeko beharrezkoa, egun euritsu eta eguzkitsu biren ostean “maite nau, enau maite”-ra jolasteko.

Oinutsik, etxeko jardinean, atzamar artean margarita bat dudala eta koadernoan idazten, ez nago txarto; baina, ze ondo egongo nintzatekeen New Yorken soineko elegante batekin margaritak hartzen.

Margaritak