Gai-jartzailetzearen zerak –

“Sutan jartzian probatutzen da nolakoa dan eltzia”. Horixe pasa zait gai-jartzearekin.
Gutxi probatu izan dudan ofizioa izan da baina aurtengo udan pare bat aldiz nozitu dut nire larruan gai-jartzearen gogorra. Gaien zirriborroa egiten duzu, hurrengo egunean erridikulua iruditzen zaizu eta berriro gai batzuk aldatzen dituzu eta hurrena ona zena txarra bihurtzen da eta segi eta segi saioa hasi baino 10 minutu lehenagora arte. Eskerrak gutxitan probatzen dugun eltzea.
- Baga: saioaren egitura zehaztu behar da. Bertsolari guztiek berdintsu kanta dezaten kantitatean eta guztiek eduki dezaten diztirarako parada. Eskerrak laguntza jaso nuen.
- Biga: gaiak bertsolari bakoitzari egokitzea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Plaza ez da txapelketa eta objetibotasunak ez du balio. Bertsolariak beretik kantatu ahal izatea izan da nire kezketako bat.
- Hiru: bertsolariak beretik kantatu behar du baina entzuleak ulertu egin behar du eta hori beti ez da hain erraza. Bertsozaleak eta bertsolariak bat egiten duten puntuak bilatu beharra dago.
- Lau: gai lokalak. Plazako saioan, tartean-tartean, gai lokalak edo herriko gora-beherak jartzea ezinbestekoa da. Sinesgarritasuna ematen dio saioari eta logika bat ere bai.
- Bost: gai umoretsuak eta sendoak. Herriko festak dira eta jendea ez dago lokazti handietarako baina aldi berean Palestinako genozidioa egunero ikusten dugu pantailan edo festetan erasoak gertatzen dira. Zaila da oreka.
- Sei: esteriotipoak. Esteriotipoei Ormaiztegiko zakurrarena egitea konplikatua da. Publikoak batzuetan hori espero du eta are, askotan horrek “funtzionatzen” du. Betikoa egitea ez dugu nahi izaten baina kontuan hartu behar da Santio arratsaldea dela eta entzule askok saio huraxe bakarrik entzuten duela urtearen joanean.
- Zazpi: gaiak zehatz jartzea. Zehatz bai baina txapelketako hoztasunik gabe baina aldi berean zehatz eta bertsolariari protagonismorik kendu gabe. Gainera, gauza bat da gai jakin
baten zer tematika ukitzen duen eta bestea nola formulatzen den eta bertsolariari luzimendurako bidea errazten zaion ala ez. Benetako misterio bat, aizue. - Zortzi, bederatzi, hamar…luze segi nezake baina gutxi gora behera horiek nire kezka esistentzialenak. Nire gomendioa, ahal bada, gaiak beste batekin edo batzuekin partekatzea eta halako ITV moduko bat pasatzea, norbere lasaitasunerako. Horretarako gustuko jendea aurkitzea ere ez da lan makala.
Amaitzeko, gai prestatzen ari nintzela etengabe buruan izaten nuen ideia: plazarako gaiak jartzea zaila bada, txapelketarako jartzea zer ote da? Objetibotasuna, tonu beretsua, karga dramatikoa, Ak Bri iradoki dio, Bk Ari proposatu, berdinetik, oposizioan…, erotzeko modukoa. Tarteka zein ona den norbere eltzea besteren sutan probatzea.