Fredi Paia
Fredi Paia

2020-06-02

George Floyd

George Floyd –

Doinua: Maitasuna da bizi izateko
 
George Floyd
 
 
Zer den beltzago euren azala
edo ta gure bihotza
txapelketetan errepikatu
ohi zen galdera zorrotza
Minneapolis poliziaren
aurreiritzien bostortza
porrota, planeta-lotsa
da George Floyden heriotza (bis)
Erantzun gabe jarraitzen duen
euren galdera bakoitza
da zurikeri kronikoaren
mendeetako aitortza.
 
 
Kaleak sutan, Trump bunkerrean
twiter da bere eztarria
arinkeriaren momumentu
kontrolaren armarria
konponbide bat proposatu du
Olinpotik ekarria
zapalkuntza aldarria
jazarpen izugarria (bis)
Eta zelan ez terroristaren
Benito deuna larria
eufemismo bat definitzeko
justizia egarria
 
 
Bideo batek argitu ditu
zakurren letagin ertzak
belauna zaman, itolarrian
George Floyden azken ametsak
arnasa hartzen uzteko eskatuz
lurperatu du ezetzak
elkarte zibilek, prentsak
sumindutako jendetzak (bis)
esan digute asko direla
zenbatzen dakitenentzat
Etxe zurien lorategiko
Pink Floyden arantza beltzak
George Floyd