Xabat Illarregi
Xabat Illarregi

2025-10-08

Gogoan dut

Gogoan dut –

Gogoan dut
Berriatuako bertso eskola. Arg: Lea-Artibaiko Hitza

Ez naiz bereziki memoria oneko pertsona. Izan ere, behin baino gehiagotan esan izan didate “memoria selektiboa” daukadala; hau da, interesatzen zaidana gogoratzen dudala eta interesatzen ez zaidana ez. Baliteke hala izatea, bai. Ba hori, ez naizela gertatzen zaizkidan gauza guztiez oroitzen. Baina akordu ezin argiagoa dut bertso eskolako lehen egun harena, baita lehen urte haietan (bertso eskolan) egindako gauzena ere.

Nire lehen eguna kurtsoko azken egun bat izan zen. Anaia eta beste hiru lagun bertso eskolara joaten ziren, artean haiek 9-12 eta guk 7 urte geneuzkala. Nire oso lagun on baten anaia eta nirea zeuden tartean eta gonbidapen ederra jaso genuen: azken eguneko merendolara gonbidatu gintuzten. Nola ez ginen joango ba. Egia esan, ez dakit ez ote ginen bertsotan hasi merendola batengatik! Arkaitz Goikoetxea zen orduan Leitzako haurren bertso eskolako irakasle. Orduantxe eman genuen izena.

Hurrengo kurtsoan, Estitxu Arozena bertsolari eta irakasle handia izan genuen gure maistra. Eta orduan bai, bertsoak txoratu ninduen, ez soilik merendolak. Beno, berari entzuna diodanez, filipinoen truke botatzen omen genituen askotan bertsoak… berak jakingo du nik baino hobe!

Asko ikasi genuen, eta batez ere, ederki pasatzen genuen! Mapa bat hartu, aulki batean kokatu eta Biblia zahar bat maparen euskarri bezala jarrita sortzen genuen mikrofonoa. Bertso paperetarako sortak egiten genituen eta Leitzako Zine Zaharrean eskola osoaren aurrean aritzen ginen bertsotan. 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bideoak ikusi, doinuak ikasi eta bertsolariekin txunditzen ginen. Zoragarria zen. Orduz geroztik, hainbat irakasle izan ditugu: Iker Gorosterrazu, Ander Fuentes “Itturri”, Luze… Leitzako Bertso Eskolan oinarri eta ezinbesteko izandako hainbat pertsona.

Orain, bertso eskolan dabiltzan haurrei begiratu eta neure buruari galdetzen diot: handitzen direnean oroituko al dituzte bertso eskolako egun hauek? Espero dezagun baietz.

Gogoan dut